Azken aste hauetan bosturtekoen deialdien eta kontzeptu honi dagozkion lanaldi partzialeko irakasleentzako ordainsarien edukiak negoziatzeko saiakera egin da administrazioarekin. Gai honetan, ordezko irakasleen gatazkaren negoziaketan ez bezala, ezin izan da akordiorik lortu. Aitortu behar da administrazioak kendu egin zituela lanaldi partzialeko irakasleei eta ikertzaile iraunkorrei osagarri horien aitortza oztopatzeko aurreko errektoretzak jarritako errekurtsoak, eta gaia negoziazio mahaira eraman duela. Baina, administrazioaren jarrera itxia izan da eta LABek aurkeztu genituen proposamen gehienak ez zituen onartu.
Hala, lanaldi partzialeko irakasleei bosturtekoak ordaintzeko administrazioak aurkeztutako akordio proposamenean, 41/2008 zaharkitutako Dekretuko portzentajeak aplikatzea jasotzen da. Horrela, Dekretuaren arabera, dedikazio erdian dauden irakasleei % 22,86 portzentajea aplikatzen zaie, eskola eta tutoretza orduak bakarrik kontuan hartzen baitira lanaldi osoarekiko (35 ordu) ehuneko hori lortzeko, bidegabeki, irakaskuntzarako ezinbestekoak diren beste lanak ordaindu gabe utziz. Bidegabekeria hori are argiagoa da irakaskuntza aitortzeko osagarriez ari garenean eta ez irakaskuntzaz kanpoko beste lanez. Langile hauek irakaskuntzan soilik aritzen badira, gutxienez, irakaskuntza-osagarriak modu justuan ordaindu beharko litzaizkieke. LABek, beste proposamenen artean, lanaldi partzialeko irakasleei beren irakaskuntza dedikazioaren araberako diru kantitatea ordaintzea eskatu genuen, hots, dedikazio erdian dauden irakasleen kasuan osagarriaren % 50a.
Halaber, publikatu berri den ikertzaile doktore iraunkorrentzako deialdian, bere garaian lortu zituzten bosturtekoak (hamar urteko lanagatik) berriro eskatu eta benetan dagozkien bosturtekoak jasotzeko aukerarik ez ematea kritikatzen dugu.
LABek ezin genuen horrelako akordioa sinatu. Babes sindikalik gabe Gobernu Kontseilura eraman eta onartu da administrazioaren hasierako proposamena.
Argi daukagu erabaki honen atzean Eusko Jaurlaritzaren eskua dagoela. Jakin badakigu bosturtekoei ehuneko handiagoa aplikatzeak ez duela duin bilakatzen lanaldi partzialeko irakasleen soldata; horretarako ezinbestekoa baita Eusko Jaurlaritzak aipatutako dekretua eguneratzea irakasle-ikertzaile guztion soldatak duintzeko. Hala ere, UPV/EHUko zuzendaritzak aukera galdu du norabide horretan keinu xumea egiteko.
LABen lanean jarraituko dugu bosturtekoen inguruan aurkeztu ditugun proposamenak onar daitezen.
Eusko Jaurlaritza, Irakasle-ikertzaile guztion soldatak duindu!