Prentsa-oharra: Ordezko irakasleen gatazka konpontzeko bidean

Gaur EHUko Gobernu Kontseiluan lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatzeko aukera jasotzen duen akordio sindikala berretsi da. LABek akordioa sinatu zuen gure gutxieneko baldintzak jasotzen dituelako: hau da, lanaldi osoko kontratazioak, langile horien soldatari eustea eta hitzarmen kolektiboan ezarritako partzialtasuna murrizteko mekanismoa errespetatzea. Azken alderdi hau hobetzen da akordioan errektoretzak proposatuta.

LABek ekarpen multzo bat egin zion dokumentuari, gehienak onartuak izan direlarik. Besteak beste, LABek proposatuta, gaur egungo sailen partzialtasuna murrizteko eta irakasle partzialen ordainsariak hobetzeko neurriak etorkizun laburrean negoziatzeko xedapenak sartu dira akordioan. Modu horretan, arduraldi partzialean aritzen diren ordezko irakasleek egiten dituzten baina aitortzen ez zaizkien gainerako aktibitateak kontuan hartzea eta ordaintzea borrokatuko dugu, jasotzen duten miseriazko soldatei aurre egiteko.

LABek balorazio positiboa egin eta akordioa sinatu zuen. Akordio hau pasa den ikasturtean egin genuen borrokaren emaitza da. Guztira 5 greba egun egin genituen, horietako bi irakasle-ikertzaileen aldarrikapenetan zentratuta, eta beste hiru sektore publiko osoan gertatzen ari den atzerakada salatzeko.