Ordezko irakasleen gatazka konpontzeko bidean. Borrokak merezi du!

Irakasle-ikertzaileen errektoreordeak apirilean, lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatzeko aukera jasotzen duen akordio-proposamen bat aurkeztu zigun. Proposamenak LABen gutxieneko baldintzak jasotzen ditu, hau da, lanaldi osoko kontratazioak, langile horien soldatari eustea eta hitzarmen kolektiboan ezarritako partzialtasuna murrizteko mekanismoa errespetatzea. Azken alderdi hau hobetzen da akordioan; izan ere, sail batean ez da lanaldi partzialeko ordezko irakasle bat baino gehiago egongo. Hori ekiditeko, departamentuetan behar berriak sortzen direnean irakasle laguntzaile doktore plazak (edo irakasle elkartuen plazak ere irakasguneen kasuan) sortzeko mekanismo bat ezartzen du. Irakasle elkartuen plazen sorreraren jarraipen estua egingo dugu, modu desegokian erabil ez daitezen. LABek ekarpen multzo bat egin zion dokumentuari, gehienak onartuak izan direlarik.

Besteak beste, LABek proposatuta, gaur egungo sailen partzialtasuna murrizteko eta irakasle partzialen ordainsariak hobetzeko neurriak etorkizun laburrean negoziatzeko xedapenak sartu dira akordioan. Modu horretan, arduraldi partzialean aritzen diren ordezko irakasleek egiten dituzten baina aitortzen ez zaizkien gainerako aktibitateak kontuan hartzea eta ordaintzea borrokatuko dugu, jasotzen duten miseriazko soldatei aurre egiteko.

LABek balorazio positiboa egin du eta akordioa sinatu du. Akordio hau pasa den ikasturtean egin genuen borrokaren emaitza da. Guztira 5 greba egun egin genituen, horietako bi irakasle-ikertzaileen aldarrikapenetan zentratuta, eta beste hiru sektore publiko osoan gertatzen ari den atzerakada salatzeko. Borrokak merezi du! LABek lanean jarraituko du langile guztien lan-baldintzak hobetzeko.

Erantzun bat “Ordezko irakasleen gatazka konpontzeko bidean. Borrokak merezi du!” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.