Kapitalismoak mundu mailako krisi ekosoziala eragin du. Bestelako eredu baten alde egiteko unea da, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna era justuan banatuko dituena.
Alabaina, eredu aldaketa eragotzi eta zanpaketari eusteko xedez, elite ekonomikoek gerra estrategiari eutsi eta olatu erreakzionarioa hauspotu dute. Euskal Herrian militarismoaren, arrazakeriaren edota indarkeria matxistaren eragina nabarmena bada ere, hemen badago eremu sozial, sindikal eta politiko zabala denon eskubideen alde egiteko prest.
Patronala aseezina da. Gero eta etekin gehiago metatu nahi du. Ekonomia moteltzen den garaietan, krisia langileok ordain dezagun presio egiten du. Enpresei ongi doakienean, berriz, irabaziak akziodunen artean banatu eta langileon lan baldintzak hobetzeari uko egiten dio, areago, kaskartzen jarraitzen du.
Patronalaren diru gosea nabarmen geratu da pandemia osteko prezioen gorakada bizi izan dugunean. Enplegu ordaindua duten langileen artean (kanpo geratzen dira soldatarik gabe lan egiten duten langileak, emakumeak* nagusiki) KPIaren araberako soldata igoerei uko egiteak aspaldi ez bezalako gatazka kopurua eragin du. Zorionez, euskal langileriak borrokaren aldeko apustua egin du eta, horren bidez, erosmen ahalmena bermatzen duten hitzarmenak lortu ditugu eta hitzarmenen estaldura maila handitu dugu. Gainera, hamarkada batean egindako lanari esker bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzea lortu dugu, prekarietatea eragiten duen lan harremanen estatalizazioari muga jarri diogu. Negoziazio kolektiboan ikuspegi androzentrikoa nagusitzen da. Emakumeon* lanak, balio txikiagoa du patronalarentzat, honela sektore feminizatuetan, zaintza eremuetan, borrokaldi gogor eta luzeak izan arren gehiago kostatzen da akordioak erdiestea.
Hala ere, Confebaskek bere ildo antisozialari eusten dio:
- 23 hitzarmen sektorial —horietako asko feminizatuak— berritzeari uko egiten dio, soldata arrakalari eutsiz.
- Irabazi handiak izanda ere, pribilegio fiskalei eusten die eta langileon pareko zergak ordaintzeari uko egiten dio.
- Industrian diru publikoa poltsikoratzen jarraitzen du, erabakietan langileen parte hartzea eragozten, trantsizio ekosozialarekin, enpleguarekin konpromisorik hartu gabe.
- Etxeko langileen hitzarmena sortzeko negoziazio mahaia irekitzeari ezezkoa eman dio.
- Gutxieneko soldata propioa adosteko negoziazio mahaia irekitzeari ezezkoa eman dio, sindikatu guzti-guztiek, Legebiltzarreko gehiengo zabalak eta Eusko Jaurlaritzak eskatutakoari muzin eginez.
Langileen alde, hemen erabaki
Patronalak eta haren aldeko politikek gero eta arbuio zabalagoa dute Euskal Herrian. Langileon borrokari esker, klase ikuspegitik garrantzitsuak diren aldarrikapenak ekarri ditugu agendaren erdigunera: osasun sistema publikoa, etxebizitza, zaintza sistema publikoa, gutxieneko soldata eta pentsioak.
Gai horietan langileon aldeko neurriak ezarriko badira, presio egiten jarraitu behar dugu eremu guztietan: ekintza sindikalean, kale mailan eta eremu politikoan.
Gutxieneko soldata eta pentsioak funtsezko neurriak dira aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakala desberdinak murrizteko. Gutxieneko pentsio duin bat, kotizatu ez baina bizitzan zehar lan pila bat egin duten emakumeekiko* dugun zorra (zor patriarkala) ordaintzeko moduetako bat da. Eta gutxieneko soldataren igoerak baldintzarik kaskarrenetan lan egitera behartu dituzten langileei (emakumeak*, migratuak, gazteak, aniztasun funtzionala dutenak) mesede egingo lieke zuzenean; ez haiei bakarrik, langile klase osoaren soldatak hobetzeko akuilua litzateke.
Hego Euskal Herrian abian jarri ditugu gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duinak ezartzeko ekimenak. Batetik, gutxieneko soldataren inguruko eskuduntza eskuratzeko
Herri Ekimen Legegilea (HEL), bertako instituzioek gutxieneko soldata eta pentsioa ezartzeko ardura eta ahalmena har dezaten, EAEko zein Nafarroako Parlamentuei zuzenduak. EAEn tramitera onartu da, baina ez Nafarroan, Foru Hobekuntzak horretarako eskumenik ez duela argudiatuta. Edonola ere, batean zein bestean aurrera egingo dugu sinadura bilketarekin. Bestetik, egungo legediaren arabera, gutxieneko soldata propioa ezarriko lukeen akordio intersektoriala negoziatzeko mahai bana deitu dugu EAEn eta Nafarroan, baina Confebaskek eta CENek uko egin diote mahaia eratzeari.
Orain arte bezala, borrokaren bidez lortuko dugu langileon aldeko garaipen berriak eskuratzea. Horregatik da hain garrantzitsua aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzea. Maiatzaren Lehenean, patronal esplotatzaileari aurre egin eta bultzada berri bat emango diogu langile borrokari.
DEIALDIAK:
BIZKAIA
Bilbo, 12:30ean Zabalburutik
GIPUZKOA
Donostia, 12:00etan Easo plazatik
ARABA
Gasteiz, 12:00etan Bilbo plazatik
NAFARROA
Iruñea, 12:00etan Gazteluko plazatik
Tutera, 12:30ean Foruen plazatik
IPAR EUSKAL HERRIA
Baiona, 11:00etan tren geltokitik
Maule, 11:00etan Gurutze Xuritik
