Doktoretza aurreko ikertzaileentzako berri onak: atzeraeraginezko soldata igoera eta soldata igotzeko konpromisoa

2023ko apirilean LAB eta STEILAS sindikatuok, lan kontratudun irakasle-ikertzaileen artean gehiengo sindikala izanik, akordio bat sinatu genuen Errektoretzarekin. Akordioan doktoretza aurreko ikertzaileen soldata bi fasetan hobetzeko konpromisoa hartu zuen EHUko zuzendaritzak. Lehenengo fasean, ikertzaileen soldataren erreferentzia irakasle atxiki-laguntzaile doktoreen lansarien % 95etik % 96,5era igo zen, 2023ko urtarrilaren 1eko eraginarekin. Bigarrenean soldata erreferentzia irakasle atxiki-laguntzaile doktoreen lansarien % 100eraino igotzeko konpromisoa hartu zuen Errektoretzak; beranduenez ere, 2024ko uztailetik aurrerako eraginarekin ordaindu beharko zena. Akordioak aurreikusten zuen, adostasunik egonez gero, hobekuntza ezartzeko data aurreratzeko aukera ere. Aurreko Errektoretzak bigarren konpromisoari muzin egin zion, eta hartutako hitza ez zuen bete inolako negoziaziorik gabe. Pasa den asteko negoziazio mahaian errektoreorde berriak informatu gintuen aukera hori indarrean jarriko duela, hau da, doktoretza aurreko ikertzaileei atzera eraginez ordainduko zaiela hitzartutako balizko hobekuntza, % 3,5ekoa, 2024ko urtarrilaren 1etik. Berri pozgarria da eta erakusten du jarrera aldaketa administrazioan.

Bestalde, prest agertu da negoziatzeko beste soldata igoera kolektibo honetarako. Alde batetik, kanpainan errektore talde berriaren programan agertzen den puntu bat zen, logikoena da ahalik eta premia handiarekin gai honi heltzea. Aldi berean, LAB eta STEILAS sindikatuok defendatzen dugu beharrezkoa dela langile hauei soldatak duintzea, izan ere, arduraldi osokoak izanik, soldata minimotik gora daude oso gutxigatik. Beraz, positiboki baloratzen dugu errektoreordetzaren jarrera. Bileran eskatu genuen negoziazio mahaia deitzea behin-behineko ikertzaileen lan-baldintzak hobetzeko, soldataz aparte, beste alderdi batzuk negoziatzea ezinbestekotzat jotzen dugulako. Besteak beste, kontratu gehiago eskaintzea, deialdiaren ebazpena azkarrago egitea, behar dituzten baliabideak ematea (oso oinarrizko batzuk, adib. liburutegien arteko maileguak) 

Lan baldintza duinak EHUko IRI guztientzat!