Akordioak betetzeko dira! Doktoretza aurreko ikertzaileen soldata igo!

EHUko Errektoretzak ez du Zientzia Legearen 21. artikuluaren arabera kontratatutako doktoretza aurreko ikertzaileen soldata hobetzeko sinatutako akordioa bete. 2023ko apirilean LAB eta STEILAS sindikatuok, lan kontratudun irakasle-ikertzaileen artean gehiengo sindikala izanik, akordio bat sinatu genuen Errektoretzarekin, ondoren Gobernu Kontseiluak ere berretsi zuena, 2023ko apirilaren 18an.

Akordioan doktoretza aurreko ikertzaileen soldata bi fasetan hobetzeko konpromisoa hartu zuen EHUko zuzendaritzak. Lehenengo fasean, ikertzaileen soldataren erreferentzia irakasle atxiki-laguntzaile doktoreen lansarien %95etik %96,5era igo zen, 2023ko urtarrilaren 1eko eraginarekin. Bigarrenean soldata erreferentzia irakasle atxikien lansarien %100eraino igotzeko konpromisoa hartu zuen Errektoretzak, beranduenez ere, 2024ko uztailetik aurrerako eraginarekin ordaindu beharko zena. Akordioak aurreikusten zuen, adostasunik egonez gero, hobekuntza ezartzeko data aurreratzeko aukera ere.

Baina uztaileko nominak jaso eta gero egiaztatu dugu Errektoretzak ez duela sinatutako konpromisoa bete. Hilabeteak dira LAB eta STEILAS sindikatuok akordioaren eraginari buruzko bilera eskatu geniola Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordeari. Hainbatetan ere gogorarazi diogu, ikusita haren borondate eskasa bilera deitzeko, EHUko zuzendaritzak konpromisoa hartua zuela soldata hobekuntza gutxienez eta beranduenez uztailan aplikatzeko.

Baina beste behin ere bere hitza jan du Errektoretzak eta ez du ez bilera datarik ezarri ezta hitzartutako soldata igoerarik agindutako epean ordaindu ere. Urtebete eta lau hilabete izan ditu Errektoretzak hitzartutakoa hobetu edota bere horretan aplikatzeko, baina ez bata ez bestea ez ditu egin, beste behin ere Irakasle-Ikertzaileon sektore ahulenen kaltetan. Benetan ez du denborarik izan gauzak agindutakoa epean egiteko?

Ez hori bakarrik, hobekuntza honen jatorrian zegoen 2021eko beste akordio batean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratua duten aldi baterako ikertzaileen araudia egokitzeari buruzkoan zenbait xedapen jasotzen ziren zeinen aplikazioaren zehaztapena eta jarraipena egitea behin eta berriz eskatu dugun (hala nola doktoretza ondoko ikertzaileak sarrerako etapatik sendotze etapara igartzeko baldintzak), baina beti erantzunik gabe geratu gara.

Honen bidez, beraz, salatzen dugu EHUko Errektoretzaren utzikeria sektore ahulenen beharrak artatzeko unean eta eskatzen dugu hitzartutakoa bete eta lehenbailehen auzi hau konponbidean jartzea.