LABek doktoretza aurreko ikertzaileen soldata hobetzeko akordioa sinatu du baina borrokak eta negoziazioak aurrera darraite

Aurreko komunikatu batean plazaratu genuen negoziazio prozesuan ikertzaileen soldatak duintze bidean zenbait hobekuntza egitera konprometitu zela Errektoretza, 2021eko abenduko akordioa oinarritzat hartuta. Doktoretza aurreko ikertzaileei dagozkien konpromisoak akordio batean gauzatu dira LABetik eskatu dugun gisara, eta sinadura gauzatu da gaur. Akordioak sindikatuen aldeko gehiengo (%59a) izan du, LABez gain Steilasek ere sinatu baitu. Akordioa EHUko aurrekontuen onarpenaren aurretik egin denez soldata igoera aurten aplikatuko da 2023ko urtarriletik atzera eraginez. Maiatzean izatea espero da.

Akordioaren muina: doktoretza aurreko ikertzaileen soldata % 1,5 igotzea 2023ko urtarriletik, langile publikoen soldata igoeraz gain, eta 2024ko uztailean, beranduenez, beste % 3,5. Ondorioz, 2024an doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak kalkulatzeko irakasle atxikiaren soldataren % 100 izango da (ondoren, Estatutuan ezartzen diren portzentajeak aplikatuko dira). Akordioak % 100a uztaila baino lehenago aplikatzeko aukera irekita uzten du. Negoziatzen jarraituko dugu.

LABek positibotzat jotzen du akordioa baina oraindik doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak duintzeko bidea badago, egungo laguntzaile soldatara iritsi arte. Hori baita LABen helburua.

LABek jarraituko du lanean ikerkuntza ibilbide osoaren defentsan, eta behin-behineko ikertzaileen lan-baldintzak hobetzen saiatzen. Lehentasunezko helburuak badauzkagu, Estatutik kanpo dauden Margarita Salas ikertzaileentzako soldata osagarri unibertsala onartzea besteak beste.

Aitzakiarik gabe, lan baldintza duinak EHUko IRI guztientzat!