UPV/EHUko Kontziliazio-Gida Eguneratua

Aurreko astean bidalitako komunikatuan adierazi bezala, Berdintasunerako Batzorde Intersektorialeko bileretan ibili gara pasa den abendutik, UPV/EHUko IV. Berdintasunerako Plana osatzen. Batzorde berean, honekin lotuta dagoen, baina, kontu ezberdina den Kontziliazio-gida berria eratu nahian eta kontziliazio-neurri berriak negoziatzen ibili gara.

KONTZILIAZIO-GIDA:

Kontziliazioa lana eta norberaren bizitza pertsonala uztartzea da eta ondorioz, Kontziliazio-gida, uztartze hori praktikara eramateko legeak aitortutako baimenen eta EHUn adostutako neurrien zerrenda da. Honela, Langileen Estatutoan zein Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan egon diren aldaketetan sartutako neurri berriak lehendik geneuzkanei batzeko eta eguneratutako baimenen zerrenda osatzeko eskaera egin genion UPV/EHUko administrazioari, aipatutako Batzordeko bileretan.

Administrazioak, aurkeztutako zirriborroei zuzenketak eta ekarpenak egiteko aukera eman zigun sindikatuei eta LABetik hainbat aurkeztu genituen eta hauetako batzuk onartu dituzte, hala nola:

  • Funtzionario eta laboralen arteko ezberdintasunak ezabatzea (5 eguneko baimena, bigarren mailako senidetasunerarte, gaixotasun, istripu etab.eko kasuetan; urgentziazko arrazoiengatiko baimena).
  • Gaixotasun etab.etako baimenen kasuan, distantziaren arabera ematea egun gehiago, edozein dela ere senidetasun maila.
  • Ospitaleratze kasuetako baimen egunak segidan ezta ospitaleratuta dagoen bitartean hartu behar ez izatea; alta aurreko 15 egunen barruan hartzeko aukera izatea.
  • Izatezko bikoteen kasuan, elkar-bizitzaren hasiera eta izatezko bikotea formalizatzen den artean denbora mugarik ez egotea.
  • Idazkera aldatzea  urgentziazko arrazoiengatiko baimenean, bizikide direnak ere barneratuz.
  • Zaintzagatiko lan-ordu murrizketak lanik egiten ez duen eta zaintza beharrak dituen bizikidearen eta adopzioan etab.ean hartutako umeen kasuetara ere zabaltzea.
  • TEKAZELen lan poltsetan: amatasun edo aitatasun lizentzian dagoenari kontratu bat eskaintzen bazaio hau onartu eta lizentzian jarraitu ahal izatea, beste pertsona bati ordezkapena eskainiz. (Orain arte IRIen kasuan bakarrik aurreikusten zen).
  • Kontziliazio Baztorde Intersektoriala eratzea ere eskatu genuen, baina, ez dute onartu eta horren ordez, Kontziliazio-neurrien aplikazioaren jarraipen-taldea sortzea eskaini digute, bertan, egon daitezkeen legeen edo/ eta baimenen interpretazio ezberdinak aztertu eta kasu bakoitzari dagokion organora bideratzeko.

Gauzak honela, espero dugu Administrazioak bere lana egitea eta berandu baino lehen Kontziliazio-gida eguneratzea eta web-orrian argitaratzea, denok argi izan ditzagun kasuan kasuko  baimenak.

Dena dela, edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan gurekin eta argitzen saiatuko gara.

KONTZILIAZIO NEURRI BERRIAK:

Goian aipatutako legezko kontziliazio-neurriez gain, UPV/EHUn Kontziliazioa errazteko proposamen berriak ere aurkeztu genituen Berdintasunerako Batzorde Intersektorialean, baina ez zituzten bat bera ere onartu. Besteak beste, honako hauek proposatu genituen:

  • Ordu-poltsa: Urtean berreskuratu beharreko ordu-poltsa bat ezartzea, urteko banakako lanaldiaren% 5ekoa, lan-bizitza eta bizitza pertsonala bateratzeko.
  • Telelana: Telelana modu orokorrean eta malguan ezartzea lana urrutitik egin daitekeen lanpostu guztietan. Lanpostu guztiak identifikatuta, horiek betetzen dituzten pertsonek erabili ahal izango dute, aldez aurretik onartu beharrik gabe.
  • Berdintasun-Zuzendaritzaren menpeko kontziliazio-teknikari lanpostu bat sortzea: langileek dituzten kontziliazio-beharrak ebazteko edo bideratzeko aholkularitza eta laguntza emateko

Administrazioak, aldiz, bi kontziliazio neurri berri proposatu zituen eta sindikatuen gehiengoa bien alde agertu ginenez, indarrean sartu dira:

  • Haurdunaldia eteteagatiko baimena: 6. astetik 179. egunera bitartean haurdunaldia eteten duten emakumeek 3 egun balioduneko baimena izango dute, eta etenaldia haurdunaldiaren 180. egunetik aurrera bada, jaiotzagatiko baimenaren bezainbestekoa.
  • Lanaldira pixkanaka egokitzeko baimena: erradioterapia- edo kimioterapia-tratamendu bat edo/eta larritasun bereziko beste tratamendu batzuk amaitu ondoren lanean hasten diren TEKAZEL eta IRIek lanaldia pixkanaka egokitzeko baimena izango dute. Egoera horretan dauden TEKAZELek hilabete izango dute medikuaren alta jasotzen dutenetik egokitzapenerako, eta lanaldiaren % 25 arte murriztu dezakete. Irakasle eta ikertzaileek, halaber, beren irakaskuntza-gaitasuna % 25 murrizteko eskubidea izango dute lanera itzultzen diren lauhilekoan.

ZAINTZAGRAMA:

Zaintzarako dauden baimen guztiak emateko oinarria familia lotura izaten da, baina bakarrik legeak onartzen duen familiarentzako, hau da, odol eta ezkontzazko ahaidetasunezkoa.

Proposamen honen helburua da arautu edo aitortu gabeko familiek zein pertsonen arteko harreman modu berriek ere kontziliazio-neurriak baliatu ahal izatea.

Proposamena hobetu zitekeen, baina sinatzeko prest geunden, gizartean dauden beste familia eta harreman batzuk aintzatesten hasteko era baitzen. Hala ere, proposamena ez zen aurrera atera, soilik LABek eta Steilas-ek babestu genuelako.