Duela gutxi jaso dugu LAB eta STEILAS sindikatuek seiurtekoen inguruan epaitegietan aurkeztutako helegiteari emandako sententzia. Unibasq-eko zuzendariaren 2022ko urtarrilaren 10eko Ebazpenaren bidez, seiurtekoen deialdia deritzona, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Gobernu Kontseiluaren 2021eko irailaren 27ko erabakiaren bidez onartu zen EHUko lan-kontratu iraunkorra duten irakasleen ikerketa-jarduera ebaluatzeko eskabideak aurkezteko prozedura eta epea ezarri ziren. LAB eta STEILAS sindikatuok errekurtsoa jarri genuen, eta eskatu genuen aitor zedila ikerketa egiten duten aldi baterako IRIek ikerketa-jardueraren deialdian parte hartzeko duten eskubidea.
Sententzian Unibasq-eko deialdia zuzenbidearen kontrakoa dela jasotzen da eta atxikiei eta aldi baterako kolaboratzaileei ikerketa seiurtekoak eskatzeko eskubidea onartzen zaie (aldiz, irakasle elkartuei ez). Emandako arrazoien artean, Diskriminaziorik ezaren printzipioa aipatzen du: “iraupen jakineko kontratua duten langileak ezin izango dira iraupen jakineko kontratua izate hutsagatik konparagarriak diren langile finkoak baino modu txarragoan tratatu, arrazoi objektiboengatik tratu desberdina ematea justifikatzen ez bada.” Eta ebazpena betetzeko era deialdi espezifiko bat egitea da, irakasle atxikiek eta aldi baterako laguntzaileak deialdira sartu ahal izan daitezen iragarritako unean, errekurritutako deialdian ezin izan baitzuten egin, eta dagokion ebaluazioa gainditu ondoren, beste modu batera legokiekeen osagarri ekonomikoa jaso ahal izateko.
Gauzak horrela, Unibasqek kolektibo hauek diskriminatu zituen, eta kolektibo batzuk diskriminatzen jarraitzen du. Edozein kasutan, zalantza gutxi daukagu Unibasqen erabakien atzean Eusko Jaurlaritzaren bultzada eta EHUko aurreko errektoretza taldeen onespena zegoela. Ikerketa egiten duten IRI asko diskriminatuta izan dira urte askotan zehar. Izan ere, ikerketa merituak izan arren, ez zuten aukera aitortuta izateko. Aldi berean, beren lankide iraunkorrek meritu berberak erabilita (adibidez, artikuluak non egiletza konpartitzen zuten) seiurtekoak eskatzen eta lortzen zituzten. Egoera horri konponbide partzialak jarri zaizkie progresiboki. Momentu batean atxiki izandako bost urteak igarota, sortutako agregatu edo titular plaza okupatzen zuten irakasle horiei aukera ematea erabaki zuten. 2023ko deialdian aukera eman zitzaien irakasle atxiki eta laguntzaile doktoreei. Hala ere, beren funtzioen artean ikerketa egitea jasota daukaten kolektibo batzuei aukera hori ukatzen zaie oraindik.
Ondorio gisa, diskriminazioen kontra borrokatzearen ezinbestekotasuna argi geratu da. Lortutakoa ez digute oparitu. Presioaren emaitza da. Lortutakoa aurrera eramandako dinamika luze baten ondorioa da. Azken urteetan LAB eta STEILAS sindikatuek bultzatutako mobilizazio, gune ezberdinetan plazaratutako salaketa, komunikatu eta iritzi artikulu, zein epaitegietan egindako lanarik gabe ez genituzke emaitza hauek izango.
Administrazioaren jarrerak kaltetuen kolektibo bat utzi du, pertsona horien eskubideak urte batzuk atzeratu baitira. Kasu gehienetan, aitorpen hori ez du ondoriorik izango eta jasotako kaltea ez da konponduko.
Baina, beste alde batetik, bidean irakasle asko kaltetuak izan dira Unibasqen eta EHUko aurreko errektoretza taldeen jokaeragatik. Izan ere, diskriminazioa gauzatu zenetik urte batzuk pasatu dira eta, 2021etik aurrera egindako seiurtekoen deialdietan parte hartzea orain bideratzekotan, langile batzuek ziurrenez ez dute eskaera egingo eta kaltea onartuko dute, geroko deialdietan lortu baitituzte seiurtekoak, eta ez dute nahi izango berriz eskatzeak suposatzen duen denbora eta lana horretan inbertitu. Bidegabekeriari konponketa berandu jartzen bazaio kalte asko utz dezake bidetik…
Unibasqi bilera bat eskatu diogu sententziari errekurtsoa ez sartzeko eskatzeko, epaia nola bete aztertzeko, egindako kaltea minimizatzeko eta, batez ere, seiurtekoen hurrengo deialdietan IRI kolektiboen arteko diskriminazioa ezabatzeko.
Eusko Jaurlaritzari zein EHUko zuzendaritza berriari eskatzen diegu azken urteetako jarrera ekiditea eta lan-gaiak, epaitegietan ebatzi ordez, sindikatuekin negoziazio batzordean adostea. Lan-gaiak epaitegietara eramateak, beranduago langileei arrazoia eman arren, langileentzako konponezineko kaltea sortzen dute maiz, nahiz eta Administrazioari dirua aurreztea ekarri (ezin dugu aipatu gabe utzi Eusko Jaurlaritzaren eta EHUko zuzendaritza taldeen erabakien atzean dauden arrazoi ekonomikoak, langileen eskubideen gainetik gailentzen dituztenak…).