2025eko Lanaldia eta Egutegia, LABen balorazioa

Pasa den asteartean, Administrazioak deituta Plangintza Batzordearen bilera egin zen. Beste gaien artean, 2025eko lanaldiaren egutegi-ordutegiaren gaia landu zen.

Administrazioaren aldetik, 2025eko lanaldia indarrean sartzeko moduan utzi eta herenegun, apirilak 2an, asteazkenean, Gerentziaren Erabakia argitaratu zen. Hori horrela, EHUko LAB-TEKAZEL eremuko iritzia helarazi nahi dizuegu.

Lehenik, azaldu behar dugu, lanaldia onartu eta indarrean jartzeko eskumen osoa duela Gerentziak. Hau da, ez dela beharrezkoa sindikatuon oniritzia, bertan biltzen direnak, eta ez direnak, erabakitzeko. Horregatik, kontuan hartzekoa da, beste urtetan ez bezala, aurtengo Lanaldia lantzeko Gerentziak sindikatuokin izan duen hartu-emana eta ekarpenak egitea eskatu izana.

Hala ere, LABek, baiezko kritikoa eman dio 2025eko Lanaldiaren Zirkularrari. Alde batetik, Aste Santuko oporren bezperatan gaudenean, oraindik lanaldirik gabe egoteak langileoi eragiten digun ziurgabetasuna lehenbailehen konpondu behar dela iruditzen zaigu. Bestetik, Sail sindikal honetatik egindako ekarpen guztiak kontuan hartu ez badira ere, egia da, aurtengo lanaldian hobekuntza batzuk txertatzea lortu dugula. Hauen artean, EPEaren ondorioz desplazatuak izan direnentzat, urrutiko lana ahalbidetzea; telelanaren baldintzak malgutzea; lanaldian aldaketak urtean zehar egiteko aukera izatea; TEKAZEL langileon baimenik gabe, abuztuko itxieren aukera ezinezkoa egitea edota larunbatetan eta jaiegunetan lana egiteagatik lortzen diren konpentsazioak hobetzea.

Sartu diren beste hobekuntza batzuk: otorduetako fitxaketaren derrigortasuna kentzea eta norberaren kontuetarako baimena eta gestioetarako lizentziagatik dugun ordu-poltsa zatika hartu ahal izatea.

Urrutiko lanari dagokionez, hemen ikusi ahal duzu, 2019/2022ko EPEaren desplazatuen egoera leuntze aldera, otsailaren 11n publiko egin genuen eskaera. Telelanari buruz, mota honetan lanean aritzeko lanpostuen kopurua oso murritza izaten jarraitzen duen arren, telelanera atxikitzeko, 2016ko otsailaren 26ko Akordioak ezartzen duen urte beteko epea malgutzea lortu dugu. Honen harira, gogorarazi, telelanerako eskaerak egiteko epea irekita dagoela eta 2025eko apirilaren 3tik 9ra (biak barne) bitartekoa dela. Beste behin, argi geratu da telelana arautuko duen akordio berri baten beharra premiazkoa eta saihets ezina dela.

Gainerako hobekuntzek, apalagoak diruditen arren, norabide onean doazela eta EHUn lan egiten dugun langile guztien mesederako direla uste dugu.

Orotara, Gerentziak 2025erako ezarriko duen lanaldia, ez da LABeko Sail honek nahiko lukeena. Hainbatetan, hobekuntza sakonagoak ezartzeko aukera galdu dela iritzi diogu. Aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu aukera berriak ireki eta aurtengoan posible ezin izan dena, lehenbailehen egingarri bihur dadin.