Gobernu Kontseilu berriak pasa den asteko ostegunean, martxoak 10, burutu zuen bere lehenengo bilkura.
Besteak beste, Hauteskunde Batzorde Nagusiko kideak, Gobernu Kontseiluaren Batzordeetakoak eta Udako Ikastaroen Fundazioko Patronatukoak zein UPV/EHUren Gizarte Kontseilukoak hautatu ziren bertan.
AZP-ko GEROA eta IIP-ko “sektore kritikoko” hautagaitzek, LABen babesarekin, aipatutako batzordeetan ordezkaritza maila esanguratsua lortu dute, Gizarte Kontseiluan kenduta non ez den ordezkaririk lortu. Hala ere, LABek badu ordezkari bat Gizarte Kontseiluan EAEko sindikatu ordezkagarrien artean dagoelako.
GEROA hautagaitzaren ordezkariak, hautaketa egin baino lehen, Estatutuak eta ordezkariak hautatzeko sistema aldatzea aldarrikatu zuen, Administrazio eta Zerbitzuetako langileek zein IIP-ko beste hainbatek Gobernu Kontseiluan daukaten ordezkaritza kopuru txikia kontuan hartuta. Klaustroan AZP-k daukan %12,08eko ordezkaritzara ere ez da heltzen: 47 kideetatik 4 ordezkari soilik; berdin gertatzen zaie IIP-ko hainbat sektoreri ere.
Izan ere, Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkarien hautaketa, eta Gobernu Kontseiluan ordezkaritza maila txikia duten Irakasle eta Ikerlarien Pertsonalaren beste sektore batzuetakoa ere gainordezkatuta dauden beste sektore handiagoen esku geratzen da, AZP-ko zein IIP-ko sektore azpiordezkatuen kideen borondatearen gainetik pasatuz.