Ikertzaileen lan-baldintzak negoziatuko dira UPV/EHUn

Gaur, martxoaren 31an, UPV/EHUko Plangintza Batzordean Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordeak sindikatuoi informatu digu formazioko ikertzaileen kolektiboaren egoera tratatzeko negoziazio mahaia deituko duela apirilaren bigarren hamabostaldian. LABek eskatu zuenetik, otsailaren 17tik alegia, denbora gehiegi pasa bada ere, poztekoa da kolektibo prekarizatu honen lan-baldintzak negoziatzeko aukera irekitzea.
Gogoratu behar da doktore aurreko ikerlarien kontratuen kodearen aldaketa arbitrarioak kolektiboaren haserrea piztu eta formazioko ikertzaileen prekarietate egoera azaleratu zuela, arazoaren sakontasuna begi bistan jarriz. Ez da nahikoa Gizarte Segurantzak atzera egin eta kontratu kodeak 401era aldatzea, aurreko egoerara itzuliz. LABentzat, euskal instituzioek eta eragile sozialek euskal ikerkuntza eta ikerlarien karrera garatzeko markoa adostearekin iritsiko da arazo honen osotasunezko konponketa.
Bitartean, doktore aurreko zein doktore ondoko ikertzaileen lan-baldintzak hobetzeko mahai negoziatzailean, besteak beste, ondoko puntuak aztertu eta  negoziatu behar direla uste du LABek:

  • soldatak duintzea
  • deialdi desberdinetako lan-baldintzak parekatzea
  • kontratu amaierako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izatea
  • formazioa prebentzioaren eta segurtasunaren arloan jasotzea
  • ikerkuntza ibilbidearen eredua martxan jartzea eta, horrela, belaunaldiaren erreleboa gauzatzea

Bestalde, jakinarazi nahi dizuegu formazioko ikertzaileen gaiaren inguruan EHBilduk ez legezko proposamena aurkeztu duela Eusko Legebiltzarrean, bere tramitean aurrera doana.
LABek Ikerlarien hausnarketak eta aldarrikapenak jaso eta, langile guztien eskubideak defendituko ditu. Hurrengo egunotan Euskal Herriko Ikerlarien Asanbladako ordezkariekin batzarra burutuko dugu kolektiboaren kezka eta asmoak zuzenean ezagutzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude