Irakasle eta ikertzaile funtzionarioen murrizketa kezkagarriari buruzko CCOOren azken komunikatuak haserre handia piztu du IRIen kolektibo zabal batean, eta unibertsitate-eredu erabat desberdinak ditugula berresten digu. Ohar horren bidez, konparazio bat egiten da irakasle eta ikertzaile lan-kontratudunen eta funtzionarioen artean, eta esplizituki adierazten da lan-kontratudun IRIak kategoria baxuagokoak direla funtzionarioak baino. Erabat onartezina da. Irakasle eta ikertzaileen artean horrelako zatiketak sortzea arriskutsua iruditzen zaigu, eta ehunka langilerekiko errespetu falta. Horrelako adierazpenak klasistak direla iruditzen zaizkigu.
LABen ustez, EHUn irakasle-ikertzaileentzako bi ibilbideak, funtzionariala eta laborala, parekoak izan behar dira. Azken hamarkada hauetan, irakasle eta ikertzaileen lan ibilbide laborala ahalegin eta borroka handiz garatzen joan da, euskal irakasleria propioaren bidean. LAB borroka horretan murgilduta egon da eta jarraitzen du. Bide laboralaren figurak lortzea ez da izan era naturalean sortutako zerbait, baizik eta eskaera historiko eta borroka luzearen ondorioa.
LABek uste du irakasle-ikertzaile guztiek bere ibilbidea askatasunez, laborala zein funtzionariala, aukeratzeko eskubidea izan behar dutela eta defendatzen du eskubide eta betebehar berdinak izan behar dituztela.
Ez da egia unibertsitateak bide laborala lehenetsi duenik. Adibide moduan, azkeneko EPEtan funtzionario plazak sortzea izan da lehentasuna (https://www.ehu.eus/eu/web/iip/ope-2024).
LABentzat IRIen egonkortzea da lehen mailako helburua, promozioa ahaztu gabe. Madriletik inposatutako birjartze-tasak egonkortzeko aukera atzeratu die irakasle-ikertzaileei. Egun, badaude ehunka irakasle-ikertzaile horren zain horrek suposatzen dituen kalteekin, besteak beste, soldata baxuagoak. Bestalde, IRIek aukera berdinak izan behar dituzte egonkortzeko bide funtzionarialean zein laboralean. Gainera, azkeneko urteetan EHUko zuzendaritzak funtzionarioen kopurua handitzeko, agregatutik edo ikertzaile doktore iraunkorretik titularrera igarotzeak ere lehentasuna izan du EPEtan. Ez dugu eskubide hori ukatzen, nahiz eta ez dugun promoziotzat hartzen, baina inposatutako birjartze tasak dirauen bitartean horrelako figura aldaketek behin-behineko IRI batzuen egonkortzea atzeratu dute.
Promozioari dagokionez, Unibertsitate Irakasleen Batzordeak onartutako katedra zein irakasle oso plazak konkurtsora atera dira, ez, aldiz, ikerketa-irakasle plazak (figura honek ez du bide funtzionarialean parekorik EHUn). LABen iritziz, hiru kolektiboetako IRIek promozionatzeko eskubidea baldintza berdinetan izan behar dute eta horretarako irizpide objektiboak, argiak eta orokorrak ezarri behar dira.
Ohar horretan harritzen gaituzten EHUren errealitatetik kanpo dauden baieztapen batzuk jasotzen dira. Batetik, katedra-askatasuna funtzionarioek bakarrik dutela esaten da, baina LOSUk irakasle guztiei zabaltzen die. Egonkortasunik ez izatea katedra askatasunik ez izateko arazoa bada, jar dezagun egonkortasuna lehentasun gisa! Bestetik, zer lotura du bide laboralean langileak egonkortzeak pribatizazioarekin? Azkenik, komunikatuan adierazten da orokorrean, IRI funtzionarioak diskriminatuak izan direla. Diskriminazio egoerak egon dira eta badaude EHUn kolektibo baten edo bestearen kaltetan eta denak ezabatu behar dira. Hortik, funtzionarioak diskriminatuta daudela esatera tarte handia dago.
Komunikatuan agertzen da irakasle eta ikertzaile funtzionarioen proportzioa txikiago izateak eragina izan dezakeela unibertsitatearen kalitate akademikoan eta ikerkuntzan. Adierazpen hau iraingarria da EHUko IRI askorentzat.
EHUn dauden arazo asko Estatu espainiarreko legeek sortzen dituzte, besteak beste, birjartze-tasa eta estatu espainiar mailan ezarritako soldatak (soldata jaitsierak, izozketak edota CCOO eta UGTrekin hitzartutako igoera urriak). Horregatik, unibertsitatearen transferentzia osoa egitea aldarrikatzen du LABek, irakasle-ikertzaile funtzionarioena barne. Euskal Herriko langileoi dagozkigun erabakiak eta araudiak Euskal Herrian erabaki behar ditugu. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu!
Honen aurrean LABek aldarrikatzen du:
- Irakasle-ikertzaile guztientzako errespetua
- IRI guztiek bere ibilbidea erabakitzeko eskubidea
- IRI funtzionarioen eta lan-kontratupeko IRIen eskubide eta betebehar berdinak