Bederatzi hilabete igaro dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza saila sortu zenetik eta sailburua karguan hasi zenetik. EHUrako 2025eko aurrekontuak laster onartuko dira EHUko Gobernu kontseiluan (martxoaren 18ko Gobernu kontseiluan aurkeztuko dira) eta Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikora bideratutako finantzaketa handituko bada ere, ez die erantzungo inolaz ere EHUk dauzkan beharrei. Ez da antzematen borondaterik finantziazioa hurrengo urteetan zehar era nabarian igotzeko. USLOk 2030erako unibertsitate publikoetarako markatzen duen BPGren % 1etik oso urrun mantentzen dute EHUko finantzaketa, helburu horretara heltzeko landu beharreko plana garatu gabe. Are gehiago, sailburuaren hitzetan hautematen da helburu hori ez betetzeko nahasmen interesatua, finantzaketa-igoera horretan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizunari pisua kenduz, alde batetik, eta unibertsitate publikora bideratutako finantzaketa Eusko Jaurlaritzak unibertsitate pribatuetara bideratzen duen finantzaketarekin nahastuz (izan ere, BPGren % 0,6 inguru bideratzen dela esatean, euskal sistema unibertsitarioko unibertsitate guztiak sartu ditu, baina USLOk espresuki adierazten du BPGren % 1a publikoei bakarrik eragiten diela).
Unibertsitatearen finantzaketa nahikoa ezinbestekoa da aspaldidanik pairatzen ditugun egoera onartezin batzuei aurre egiteko. Finantzaketa nahikoa izatea alderdi gakoa da EHUko langileok soldata duinak izateko, EHUn mantentzen diren prekarietate egoerekin bukatzeko, aspaldidanik galdutako erosahalmena berreskuratzeko, 2006tik izoztuta dauzkaten IRIen ordainsari osagarriak eguneratzeko, TEKAZEL/IRI ratioa igotzeko plantilla handitzeko, urteak itxaroten egon gabe IRIen promozioa bideratzeko, eraikin askok behar dituzten konponketak egiteko, etab…
Finantziazio eskasa unibertsitate publikorako eta, aldi berean, gero eta diru eta erraztasun gehiago ematen zaie unibertsitate pribatuei (azken adibidea EDA drinks & wines, Gastronomy Open Ecosystem eta Euneiz unibertsitate elitistetan daukagu).
Eusko Jaurlaritzaren esku dago EHUn pairatzen ditugun egoera askori irtenbidea ematea. Hala ere, presiorik ez badago eroso jarraituko dute unibertsitate publikoa gutxiesten duen norabide horretan. Guztioi dagokigu unibertsitate publikoaren aldeko exijentzia Eusko Jaurlaritzari eta sailburu berriari helaraztea.
Hori dela eta, martxoaren 19an, asteazkena, 11:00etan Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egingo dugu (Lakuan, Donostia kalea 1).
EHUko langileen haserrea ezin da geratu unibertsitateko zentro eta bulegoen hormen artean; langileon lan-baldintzak eta unibertsitatearen etorkizuna erabakitzen dituztenen atarira eraman behar dugu.
Eusko Jaurlaritza: Unibertsitate publikoa indartu, inbertsio publikoa handituz! Hemen erabaki!