Maiatzaren Gobernu kontseiluan onartu beharko liratekeen 9 laguntzaile doktore plaza berri eta 3 elkartu plaza berri (jada UIBk onartuta eta Plangintza Batzordean sindikatuei aurkeztuta) geldituta geratu dira Jaurlaritzak baimena ez emanda. Nahiz eta EHUk zenbat plaza eta zein kategoriatakoak sortzea erabaki, aurretik Jaurlaritzaren aurrekontu-baimena behar da. Plaza horiek justifikatuta zeuden, eta espero zen Gobernu Kontseiluan arazorik gabe onartuak izatea. Zientzia, unibertsitateak eta berrikuntza sailak plaza horien sorrera etetea edota atzeratzeak ondorio larriak izango lituzke:
- Plaza horiek onartu dira sailek irakasle berri horiek behar dituztelako. Sail horien gainerako irakasleek pairatuko dute gabezia hori, sartuko litzatekeen irakasle berri horrek emango lituzkeen kredituak beren gain hartu behar izango dituztelako.
- Laguntzaile doktore lanpostu horiek lortuko lituzketen langileak mantenduko dira unibertsitateko irakasleak izan gabe, edota, kasu batzuetan, behin-behinekotasun handiagoa duten lanpostuetan (gehienetan, ordezko irakasle moduan). Langile horien ibilbide profesionala kaltetua izango da.
- Laguntzaile doktore plaza batzuen sorrera IRIen gaztetze programari lotuta daude. Halako erabakiek zalantza handiak sortzen dituzte 2024ean EHUko sindikatu gehienok Administrazioarekin sinatutako erretirorako neurri berezien akordioaren inguruan. Planifikatuta dagoen moduan jarraituko du edo, kasu batzuetan erreleboa ukatuta, lortutakoa ez aplikatzen saiatuko dira? Oraingoz , laster egin behar genuen erretiroen batzordea atzeratuta geratu da… Erretirotik gertu dauden lankide horiek ere kaltetuta atera daitezke Jaurlaritzak hartutako halako neurriekin.
EHUko LABen sail sindikaletik salatzen dugu Jaurlaritzaren oztopo berri hau, EHUko langileak kaltetzen dituena, plantilla gaztetzea zailtzen duena eta EHUko funtzionamendua bera oztopatzen duena. Ez dakigu Jaurlaritza eta errektoretza taldearen arteko talkaren beste kapitulua den, baina argi dago EHUk pairatzen duen azpi-finantzaketaren beste adibide bat dela.
Unibertsitateetako sailburuak 2025ko azaroaren 4ko agerraldi tamalgarrian aurreratu zuenez, tematuta dago irakasle-ikertzaileen plantilla murrizten bilakaera demografikoa dela eta. Hala ere, CRUEren “Unibertsitatea zenbakitan” txostenean aurreikusten denez, “Espainiako unibertsitate sistemaren demanda egonkor eta gorabehera handirik gabe jarraituko du datozen hogei urteetan”. EAEko unibertsitate-sisteman antzeko zerbait gertatzen bada, IRIen beharrak bere horretan jarraituko du kalitatezko irakaskuntza lortzeko. Baina, agian, asmoa beste bat da: ikasleak unibertsitate pribatuetara bideratzea horiek promozionatuz eta funts publikoekin lagunduz.
Bukatzeko, azpimarratzekoa da Euskal unibertsitateen lege aurreproiektuan defendatzen dela ordezko irakasleak kontratatzea ez dela beharrezkoa izango, sailak behar bezala hornituko baitira. Hala ere, Jaurlaritzak plaza berriak sortzeari oztopoak jartzen dizkio.
LABek errektoretza taldeari eskatzen dio tinko eutsi diezaiola EHUk behar dituen plazak sortzeko eskakizunari.
Jaurlaritza: IRI plaza berrien sorrera ez oztopatu! EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!