Hasi da hauteskunde kanpaina?

Azkenaldian bonbardaketa informatibo/desinformatiboa jasaten ari gara zenbait sindikatutatik. Jakina ezinbestekoa dela langileak informatuta egotea, baina soberako informazioaren aro honetan benetan uste dugu nekez egongo garela ondo informatuta hainbeste komunikatu ezberdin iristen zaigunean.

Esan beharra dago, azken aldiko sindikatu ezberdinen mezu bidaltze hauek informazioa partekatzeko edo zabaltzeko badirudite ere, kasu gehienetan, beste zerbait dagoela atzean: hauteskunde sindikalen datetarako tartea luzea bada ere (EHUn, 2027ko martxoan izango dira) batzuentzat kanpaina hasi da.

Gure ustez, oraindik sinatu gabe dagoena ezin da egintzat eman eta batzarretan hitz hutsez emandako datuak zabaltzerakoan erabateko zuhurtzia ezinbestekoa da. Horrela, informatzeko orduan ere, langileen interesak lehenetsi behar dira eta ez, legitimoak izan daitezkeen sindikatuaren interes partikularrak.

Zoritxarrez, izenburuan esaten dugun bezala, badirudi kanpaina hasia dela eta horrela jarraitu beharko dugula hurrengo urteko udaberrira arte. Gure kasuan, jakin ezazue informazioa edo komunikatuak bidaltzen ditugunean, sasi-datu edo sasi-informaziorik ez zaizuela iritsiko, benetan serio hartzen dugulako zabaldu behar dugun informazioa; izan ere, badakigu oso ondo zein garrantzitsua den langileentzat negoziazio mahaietan sinatzen denaren jakitun izatea, lan eta bizi baldintzak jokoan baitaude hartzen diren erabaki guztien atzean.

Azkenaldian, sindikatuok eta EHUko administrazioa, lantzen ari garen gai askoren artean, indarra hartu du nahitaezko zerbitzu betekizun edo eginkizunen esleipenarenak: 103 langile daude gaur egun egoera horretan (horietatik 44 oinarrizko lanpostuetan). Dirudienez, sindikatu batzuk erru guztia administrazioaren gain jarri eta beraiek duten erantzukizunari muzin egiteko baliatu nahi dutela gaia, baina, gogoratu behar dugu, oraingo zuzendaritzari irtenbideak exijitzen dizkioten horiek izan zirela aurreko zuzendaritzarekin egoera honetara ekarri dizkiguten akordioak sinatu zituztenak.

LABen aspaldi esan genuen, 2019/2022ko EPEaren ebazpenerako hartu ziren erabaki batzuk iragarritako txapuza baten kronikara eramango gintuztela eta EPEaren ondorioz izan zitezkeen kaltetuei behin betiko konponbideak eman behar zitzaizkiela. Hala, langile finkatu berriek beraien egoera konpon zezaten, beste neurri batzuen artean, behin eta berriz eskatu genuen, egun martxan dauden laboralen probisioa eta promozioa eta funtzionarioen lekualdatzea atzeratzea. Tamalez, aldarrikapen horretan, ez administrazioak ezta gainerako sindikatuek ez zuten gurekin bat egin.

Honen aurrean, eta orain arte bezala, langileria guztiarentzat egokienak izan daitezkeen irtenbideak proposatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.