Azkenean, 2019-2022ko EPEaren amaierara iritsi garen honetan, LAB-EHUko TEKAZEL ataleko Sail Sindikaletik gogoeta batzuk helarazi nahi dizkizugu.
2022. urtearen erdialdean 2019-2022ko EPE bateratua negoziatzen hasi ginenetik, hainbat akordio sinatu dira sindikatu batzuen eta Administrazioaren artean. Horietako esanguratsuenak, 2022ko ekainaren 30ekoa eta 2019-2022ko EPEaren Oinarri Orokorrak eta Espezifikoak. Akordio hauetaz gain, bukaera honetan, eragina duten eta EHAAen 2018/05/21ean argitaratu ziren funtzionarioen Zerbitzu Betekizunen (ZB) eta lan-kontratudunen Eginkizun Esleipenen (EE) eta EHAAen 2018/05/16an argitaratu zen Lan-poltsen araudiak ezin ditugu aipatu gabe utzi.
Gure iritziz, akordio hauek, EPEak sortu dituen kalte askoren iturburu dira. LAB, hainbat arrazoi tarteko, ez da akordio hauen sinatzailea. Besteak beste, kaleratu eta desplazatuen egoera konpontzeko biderik bermatzen ez delako; euskarari ematen zaion balio eskasagatik; eta 12/22 derrigortasun datarekin eskaini diren lanpostuak hizkuntz eskakizunik gabeko langileek betetzeko aukera zabaltzen delako. Aldiz, Administrazioarenarekin batera, 2022ko Akordioak, CGT, UGT, CC.OO, ELA eta STEILASen sinadura jaso zuen; eta, ZBekoak, EEekoak eta lan-poltsetakoak, UGT, ELA eta STEILASena.
Badakigu, 2019-2022ko EPEaren ondorioz, beste edozein EPEaren ondorioz gertatzen den bezala, orokorrean, langileriaren gehiengoak lortu duela EHUrekin duen lan-harremana egonkortzea. Datu zehatzen faltan, 1000tik gora langilek egonkortasuna lortu dute. Zinez pozten gara horregatik.
Halere, badira kaltetuak, aurreikusi zitezkeen kaltetuak gainera. Bi langile talde dira EPEaren ondorioz kaltetuenak izango direnak: Lanpostua egonkortu, baino beraien herrialdetik kanpo lanpostua lortu dutenak, desplazatuak alegia. Hauen artean, soldata baxuenak irabazten dituztenak galera gehien nabarituko dutenak direlarik. Eta, lanpostua egonkortzea lortu ez eta langabeziara joan behar dutenak. Tartean, EHUn, urte batzuetako lan eskarmentua dutenak.
Denbora honetan guztian, LABek mahai gainean jarri ditu kaltetu hauei erantzun egokia eman ahal zizkien proposamenak. Dela, lan-harremana galduko dutenen egoera hobetzeko egonkortze akordioa zabaltzea; dela, talde berriari aurkeztu, eta inoren egoera gaiztotu gabe, desplazatuak diren langileen egoera konponduko lukeen neurri sorta.
Goian esan bezala, hau guztia aurreikus zitekeen. Tamalez, gainerako eragileek, hasieratik lehenetsi zuten edonolako EPEa burutzea, EPE on bat burutzea baino, sortu diren kalteei irtenbide eraginkorrik proposatu gabe.
Gure ustez, gaizki hasi, gaizki jarraitu eta gaizki kudeatu dena, nekez konpondu daiteke prozesuaren amaieran. Berez, 2024/12/31ko iraungitze-data zuen 2019-2022ko EPEak, gaur egun 2025eko otsailean, amaitu gabe jarraitzen du. Zentzu honetan, azpimarratu nahi dugu lotsagarria izan dela aurreko Gerentzia taldeak hauteskundeak galdu zituenetik izan duen portaera. Sarri langileriaren aurka erabili duen absentismo laboralaren txapeldun bilakatu dira. Ondorioz, Gabonetako oporren bueltatik urtarrilaren 26 bitarte, TEKAZEL langileok, praktikan, Gerente eta Gerente-orde gabe izan gara, EPEaren ebazpena sindikatuekin adosteko berebiziko garrantzia izan behar zuten asteak alperrik galaraziz.
Hala, aurreko Errektoretza taldeak utzitako herentzia Errektoretza talde berriaren ardurapean geratu da.
Gauzak horrela, otsailak 17an egin zen Plangintza Batzordeko bileran, Gerentzia berriaren aldetik, langile egonkor desplazatuen egoera “konpontze” aldera, irtenbide bikoitz bat proposatu zitzaigun. Aldiz, ez du langabeziara doazenen egoera hobetzeko neurririk aurreikusten. Labur adierazita, hau da Gerentziaren proposamena: Alde batetik, martxoaren 1etik aurrera, eta desplazatuak dauden bitartean, urte bete edo gehiagorako bete behar diren lanpostuak, oinarrizko mailakoak barne, ZBetara edo EEetara deitzea. Bestetik, urtarrilaren 30ean ZBetara edo EEetara deituak izan ziren eta hutsik geratu diren lanpostuak berriz modu berean eskaintzea.
Gure iritziz, Gerentziaren proposamena ez da nahikoa; aldiz, behin-behinekoa, ondorio kaltegarrien sortzailea eta ziurgabetasunez beterikoa da.
Ez da nahikoa, soilik EPEaren ondorioetako alde bati erantzuten diolako. Desplazatuek jasango duten kaltea konpontzera bideratuta dago, langabeziara joango direnen egoera kontuan hartu gabe. Horrez gain, desplazatuei eskaintzen zaien irtenbidea behin-behinekoa da, ez baita ahaztu behar, ZBez edota EEez hornitzen den lanpostu oro, definizioz, behin-behinekoak izateaz gain, deialdi hauetara, karreradun funtzionario zein laboral finko guztiek aurkezteko eskubidea dute.
Kaleratuak izango direnen egoerari erantzunik eman ez eta, gainera, langile hauek, unibertsitatean lan egiteko dituzten espektatibak murriztuko ditu. Proposatzen denaren arabera, ZBen eta EEen bidez, orain arte lan-poltsetako deialdietan betetzen diren oinarrizko mailako lanpostuak eskaintzea aurreikusten baita.
Horrek esan nahi du, kasu batzuetan, urteetako eskarmentua izanda ere, lan-harremana egonkortu ezin eta langabeziara joan beharko duten langile batzuk, denbora luzez, lan-harreman irregular bat izango dutela unibertsitatearekin.
Azkenik, ziurgabetasunez beteriko bidea dela esaten dugunean zera adierazi nahi dugu: Ez 2022/06/30eko Akordioak, ezta Gerentziak proposatzen duenak ere, ez dutela lege indarrik. Aldiz, ZBen eta EEen araudiak, EHUko Gobernu Kontseiluak onartu eta gero, EHAAen argitaratu zirenak, proposatzen dena gauzatzea zaildu edo eragozten du, epaitegietarako ateak zabalduz edozein kalteturi.
Dagoeneko jakingo duzunez, Gerentziaren azken proposamen hau, UGT, ELA eta STEILASen babesarekin aurrera atera da.
Aurrez esan moduan, kalte hauek guztiak aurreikus zitezkeen, nahiz eta EPEak egin duen ibilbide guztian zehar sindikatu batzuek kontrakoa esan.
Latza da urteetan izandako lan-harremana eten eta langabeziara joan behar izatea, eta latza da ere, urte luzez lan egoera egonkortzeko zain egon eta gero, lanera beste herrialde batera joan behar izatea, bereziki soldata baxuenak dituzten langileentzako. Ez dago soluzio magikorik, eta EPEaren ondorioz kaltetuak direnen egoera oro da gogorra.
LABentzat, langile guztiak dira garrantzitsuak eta guztiek dute lana modu duinean egiteko eskubidea. Ez da balekoa aurreikus zitezkeen arazoak, bi urte eta erdi luzez agerian egon direnak, orain arte konpontzeko bidean jarri ez direnak, azken momentu eta modu desegokian konpondu behar izatea.
Guk argi dugu nola nahiko genukeen korapiloa askatzea. Egia da, Gerentziak proposatzen duenak ez dituela gure ekarpen guztiak baliogabetzen, horietako batzuk bateragarriak baitira EPEaren afera honi aterabidea emateko, Administrazioak hartzen duen erabakia dena dela izanda ere.
Langileon lan baldintzak hobetzeko lanean jarraitzen dugu.