Iritzi artikulua: “Azpifinantziazioak EHUren etorkizuna kolokan jartzen du”

Legebiltzarrean onartutako aurrekontuetan EHUrako azpifinantzaketa behin gauzatuta izango dugun arriskua helarazi nahi diogu jendarteari. Ezinbestekoa da euskal gizartearen beharrak betetzeko unibertsitate publikoa egoki finantziatuta izatea. EHUren azpifinantziazioa ez da gai berria. Era ageriagoan edo xumeagoan, aurreko errektoreek, Pérez Iglesiasek barne, EHUrako inbertsioa handitzea eskatu dute. Unibertsitate publikoak ikasteko eskubidea eta gizartearen beharrak uztartu beharko lituzke. Hala ere, gradu askotan plazak betetzen dira, eta ikasle asko unibertsitate pribatuetan matrikulatzen dira (horretarako dirua badute). Adibide argia medikuntza da, gizarteak medikuen behar handia duenean. Gainera, EHUk ikasketak bi hizkuntza ofizialetan eskaini beharko lituzke, baina, euskaraz eskaintzen ez diren derrigorrezko eta hautazko irakasgaiak daude.

Bestalde, EHU EAEko ikerketa-eragile nagusia da, ez bakarrik ikerketa-artikuluen produkzioan, doktore tesien defentsan eta proiektuetan ere. Horrela mantentzeko finantziazio egokia behar du eta horretarako ikertzaileek lan-baldintza duinak izan behar dituzte. Hala ere, EHUk izan beharko lukeen ikerketarako finantzaketaren proportzio askoz baxuagoa jasotzen du, Eusko Jaurlaritzaren bultzada duten ikerketa-zentroen mesedetara.

Tamalez, Pérez Iglesias sailburuak egindako adierazpenak entzunda, argi dago unibertsitate publikoa ez duela indartu nahi. Aldi berean, unibertsitate pribatuak lehenesten ditu, ezberdintasun sozialak areagotuz.

Kezkagarria da gero eta hautagai gutxiago dagoela tesia egiteko deialdietan. Horren zergatia topatzen dugu soldatetan eta egonkortzeko zailtasunetan. Ez da erakargarria, gutxienez 4 urtez, tesi baten tamainako esfortzua egitea 1100-1400 euroko soldatekin, geroko egoera kolokan egonda eta unibertsitate-irakasleen soldatak bigarren hezkuntzan eta enpresa pribatu askotan baino baxuagoak izanda. Gogorarazi nahi dugu, laguntzaile doktore batek bigarren hezkuntzako irakasle batek baino 10.000 euro gutxiago kobratzen duela urtean, nahiz eta oposizioa egiteko doktoretza-titulua nahitaezkoa izan, eta, egonkortzeko akreditazioa lortu eta bigarren lehiaketa bat irabazi behar izan.

Oraindik egoera askoz larriagoak topa ditzakegu arduraldi erdian aritzen direnengan; horiek 500€ kobratzen baitituzte, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk (klaseen prestaketa, formazioa, oinarrizko kudeaketa…) aitortzen ez dizkietelako.

Honengatik guztiagatik, jakintza arlo batzuetan irakasleen erreleboa kolokan dago, are gehiago irakasle euskaldunen kasuan. Gaur egun sail batzuetan arduraldi osoko plazak hutsik geratzen dira eta ordezkapen-poltsetan hautagairik ez dago. Arrazoi beragatik hainbat ikerketa-taldeek ez dute aurkituko jarraipena bermatuko duen langilerik.

Belaunaldien arteko erreleboa bermatzeaz gain, langileen eskubideak errespetatu behar dira, baita lan-baldintza duinak ziurtatu eta promozionatzeko aukera bermatu.
Haatik, sailburuaren adierazpenek irakasle-ikertzaileen (IRIen) lana gutxietsi dute. Alde batetik, irakasle oso eta katedradunen soldatan jarri du arreta. Hala ere, irakasle gehienak ez dira katedradun izatera iristen; langileen % 7 dira eta promozionatzeko gutxienez 25 urteko ibilbidea behar da. Bestalde, gogorarazi nahi dugu 2006an irakasleen soldatak duintzeko sortu ziren osagarriak izoztuta mantentzen direla ordutik, nahiz eta sindikatuek bidegabekeria etengabe salatu. Gainera, deialdiak berandu ateratzen dituzte ordainketa atzeratzeko.

Teknikari eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei dagokienez (TEKAZEL), EHUko IRI/TEKAZEL ratioa Estatuko unibertsitate publikoen altuena da. Langile falta dago hainbat zerbitzutan, langileen lan-zama jasanezina ondorioa izanik. Gainera, TEKAZELen kategoriak egokitu behar dira gaur egungo beharren arabera, abian daudenak 2008. urtekoak baitira. Halaber, maila baxuenen ordainsariak duintzea ezinbestekoa da.

Honi guztiari gehitu behar diogu EHUko langileok jasan dugun erosahalmenaren galera. Izan ere, azken 15 urteetan KPIa % 40,8 igo da eta soldaten igoera % 20 baino ez da izan.

Bukatzeko, jendartearen beharrei erantzuten duen unibertsitatea izateko, ezinbestekoak dira administrazioaren digitalizazioa eta instalazioen mantentzea.

Goi mailako unibertsitatea lortzeko behar hauez guztiez aspaldidanik ohartarazi du LABek. Unibertsitate-Sistemaren Lege Organikoak, 2030rako BPGren % 1 unibertsitate publikoetan inbertitzea finkatu zuen, gutxienez, eta, oraingoz, Eusko Jaurlaritzak % 0,42 baino ez du bideratzen EHUra. Argi dago Eusko Jaurlaritzak ez duela inolako interesik unibertsitate publikoa indartzean.

Errektoretza taldetik igoera nabarmena eskatu zen uda ostean eta sailburuak erantzun zuen ezinezkoa zela aldaketak egitea aurrekontuak jada itxita zeudelako. EHUko beharren estimazioa mahai gainean izanda eta EHUko azpifinantzaketa salatzeko gehiengo sindikalak bultzatutako ekimenak eta mobilizazioak ikusita, izango du denbora 2027rako aurrekontuetan EHUk pairatzen duen azpifinantzaketari buelta ematen hasteko?