Euskal Herriko Unibertsitateko klase sindikatu eta feminista den LABeko atal sindikaletik gure elkartasunik irmoena adierazi nahi diegu Rojava/ Siriako Ipar eta Ekialdeko unibertsitateetako ikasle, irakasle eta langileei. Izan ere, gaur egun behartuta bait daude ikasgeletatik alde egitera, etengabeko erasoak jasaten dituzten beren unibertsitateak, hiriak eta gerraren aurrean eraiki duten proiektu politiko eta soziala defendatzeko.
Rojavako unibertsitateak —Raqqan, Kobansamen edo Qamishlon— muturreko baldintzetan (gatazkaren erdian) sortu ziren, lehen goi-mailako hezkuntzarako inolako sarbiderik ez zegoen tokian. Ikastetxe horiek funtsezko zutabeak izan dira eta dira gazteriaren hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, ezagutza emakumeen askapenari, bizitzarekiko harreman ekologikoari eta antolaketa sozialerako eredu demokratiko eta komunitarioari lotuz.
Hamabost urte baino gehiagoz, Rojavako herriak kolektiboki proiektu alternatibo bat eraiki du kapitalismoaren, patriarkatuaren eta autoritarismoaren aurrean, potentzia inperialisten, eskualde-estatuen eta indar kolonialen etengabeko setio-egoeran. Autoantolaketaren, autodefentsaren eta herri diplomaziaren bidez, eskualdeko eta munduko herri zapalduentzat itxaropenerako gune bat ireki dute.
Gaur, proiektu hori modu basatian erasotzen ari dira. Siriako erregimenaren indar faxistak,
estatuko agintaritza gisa birziklatutako Al Qaedari lotutako egiturak, eta eskualdeko eta nazioarteko potentziek babestutako mertzenarioak, Turkiako Estatuaren eraso zuzenekin batera, prozesu politiko eta sozial hau suntsitzea helburu duen erasoaldia gauzatzen ari dira.
Genozidio eta feminizidio dinamikek markatutako larritasun handiko egoera baten aurrean gaudela salatzen dugu. Neguan oinarrizko baliabiderik gabe bizirik irauten duten desplazatuentzako bat-bateko babesleku bihurtu dira Unibertsitateak. Estatu turkiarreko droneen bidezko erasoak Rojavako Unibertsitatearen inguruan, Qamishlo hirian,ikasleen isolamendua bere familiekiko eta Kobaneceko hiriaren erabateko setioa —ura, elektrizitatea eta oinarrizko hornigairik gabe— bizitzaren, hezkuntzaren eta herri-antolakuntzaren aurkako gerraren estrategiaren parte dira.
LABetik argi eta garbi baieztatu nahi dugu Rojavako unibertsitateen defentsa, herriek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearena, hezkuntzarena, emantzipazio tresna gisa, eta berdintasunean, feminismoan, ekologian eta erabateko demokrazian oinarritutako gizarte ereduaren defentsa ere badela.
Langile klaseari, sindikatuei, hezkuntza komunitateei eta herri-mugimenduei Rojavarekiko elkartasun aktiboa antolatzera dei egiten diegu: isiltasuna haustera,
Estatuen konplizitatea salatzera eta erresistentzia sostengatzen duten nazioarteko sareak indartzera.
Elkartasun internazionalista herrien autodefentsaren parte da. Euskal Herritik,
Rojavarekin dugun konpromisoa berresten dugu, bai eta askatasunaren,emakumeen, bizitza ekologikoaren eta gizarte demokratiko eta komunitarioaren aldeko borrokarekin ere.
Rojava ez dago bakarrik.
