Jubilazio akordio berria ORAIN!!

2014ko abenduko eta 2105eko urtarrileko bileretan, eta printzipio nagusi legez, jubilazio akordio berria AZP/IIPko interinoei eta behin behineko lan kontratudunei ere aplikagarria izan behar zuela exijitu zuen LABek.
Unibertsitateko langileen arteko egungo diskriminazioak ezabatuko lituzkeen akordio berria premiazkoa izan arren, ekainaren 25ean administrazioak aurkeztu zuen zirriborroak kolektiboen arteko aldea areagotzen du, legediak inposatzen dizkigun baldintzak borrokatu gabe.
Aipatu zirriborroa , AZPren eta IIPren lan hitzarmenetan jubilazioaren gaian indarrean dugunaren berritze mugatzailea besterik ez da. Akordiorako proposamen berriak 4 atal nagusitan artikulatzen denak -erretiro partziala eta errelebo-kontratua, baimen berezia eta aurre-erretiroa; irakasleen irakats enkarguaren eta AZPkoen lanaldiaren murrizketa- ez du berri aipagarririk jasotzen.
Halaber, jakin ahal izan dugunez EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzi berri batek Gobernu Kontseiluak erretiroen primak (pizgarriak) aldi baterako eteteko 2012an hartu zuen erabakia baliogabetzen du, administrazioaren eta sindikatuek 2010ean sinatu zuten akordioan aurreikusten ziren primak alegia. Epaiaren UPV/EHUko zuzendaritzaren interpretazioa guztiz beharrezkoa dugu, izan ere, bertan jasoa baitago erretiro-pizgarriak pentsio publikoekin ez-bateragarriak suertatzen direla, “onuradunak bata edo bestea hautatzera behartuz”(sic). Hori dela eta ekainaren 25eko bileran, LABek informazioa eskatu zien Gerenteari eta Irakasle eta Ikertzaileen Errektoreordeari.
Uztailaren 13rako aurreikusita dagoen hurrengo bilerarako proposamen berria izango dugulakoan gaude. LABek exijitzen du AZP /IIP interinoei eta behin behinekoei aplikagarria izatea eta aldi berean, jubilatzeko konpromisoaren eraginez irakats enkarguan eta jardunaldian sortzen diren, orduen metaketaren aukera ere jasotzea.
LABen aburuz akordioak dituen gainontzeko proposamen teknikoak adosteko badugu tarte negoziatzailea, akordio atalak denbora mugatu baten zehar adostuz. Dena den eta gauden garaietan gaudela minimoen akordioak eta aurrekontu-baliabide edo balizko gertakizunei baldintzatutako konpromisoak ez dute baliorik . Era berean ezin da , IIPren irakats enkarguaren eta AZPren jardunaldiaren murrizketaren neurrien inguruko akordioa atzeratu, horrela jarraituz gero diskriminazioak areagotuko liratekeelako.