Formazioko doktoretza aurreko ikertzaileen 2019ko martxoan onartutako estatutuan (EPIPF) ezartzen ziren soldata minimoak ordaintzen ez zirenez LABek zenbait erreklamazio aurkeztu zituen 2020ko martxotik aurrera. Erreklamazio horietan ikertzaile bakoitzari zor zitzaion dirua eskatzen zen. Lehenengo instantzian jasotako hasierako sententziak gure erreklamazioaren aurkakoak izan badira ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bi sententzietan arrazoia eman digu: EPIPF indarrean sartu zen unean egokitu behar ziren soldatak.
Oraindik ebatzi gabeko erreklamazio eta errekurtsoak daude, baina LABentzat argi geratu da ikertzaile hauen eskubidea ez dela bete. Beraz, UPV/EHUri sententziak onartzeko eta diru publikoa alferrikako epaiketetan xahutzen ez jarraitzeko exijitzen diogu. Hau da, bidean dauden erreklamazioak onartzea eta berehala ordainketa gauzatzea.
LABen ustez, formazioko ikertzaileen gatazkan parte izan diren eragileek (UPV-EHU, Eusko Jaurlaritza, Ministerioa,…) ez dute ikertzaileen eskubideen alde egin, soldatak duintzeko aukera ematen zuen dekretu bat egon arren. Are okerrago, 2020an zehar UPV/EHUko eta Eusko Jaurlaritzako deialdietako kontratuen soldatak EPIPFera egokitzen joan badira ere, ez da gauza bera egin Ministerioko deialdietako kontratuekin. Hau onartezina da. Deialdiaren arabera EPIPF arbitrarioki aplikatzen ari da. LABek argi dauka: EPIPF indarrean jarri zenean kontratu guztien soldatak egokitu behar ziren. Gainera, LABetik beti defendatuko dugu lan berdina egiten duten langileek berdin kobratu behar dutela. Antzeko aldarrikapena egiten dugu doktoretza ondoko ikertzaileentzat: langile hauen soldatak doktore Ikertzaile finkoen berberak izatea.
LABek ikerkuntza errektoreordeari negoziazio mahaia deitzeko eskatuko dio, beste behin ere, gatazka honi konponbidea adosteko. Segituko dugu borroka honetan, beti ere negoziazioa lehenetsiz.
Informatzen jarraituko dugu, eta zalantzak izanez gero jarri gurekin kontaktuan.