Klaustrora eramandako galderak IRI kolektiboaren inguruan eta jasotako erantzunak

Azaroaren 12an egindako klaustroaren saioan 18/19 ikasturteko kudeaketa txostena eta 19/20 ikasturteko jardueren egitaraua aurkeztu zuen gobernu taldeak. Bakarrik gure afiliatuak diren klaustrokide batzuek aurkeztu zituzten galdera batzuk bi puntu horien inguruan. Ikertzaileen lan-baldintzak eta egonkortzeko aukerak, laneko arriskuen prebentzioa, euskalduntze prozesua, IRI ez iraunkorrek seiurteak eskatzeko aukera, IRI guztiei bulego duin bat izateko aukera, lan-figura batzuen erabilera okerra, armagintzarekiko kolaborazioak, campusetan haurtzaindegiak jartzeko aztertzea, edota kolektibo ezberdinen parte-hartzea izan dira galdera batzuen bidez mahai gainean jarritako gaiak.

Egindako galderak eta gobernu taldeak emandako erantzunak hemen ikus ditzakezu.

Gai horien inguruan lan egiten eta borrokatzen jarraituko dugu.

18/19 Ikasturteko Kudeaketa Txostenari buruz egindako galderak eta jasotako erantzunak:

2.1. UPV/EHUN DEFENDATUTAKO DOKTOREGO TESIEN KOPURUA HANDITZEA ETA HORIEN KALITATEA HOBETZEA.

Galdera: Tesien kalitatea handitzeko neurriak, besteak beste, kontratatuta dauden doktore aurreko ikertzaileen lan baldintzak hobetzeko jarri behar dira. Zergatik ez zaie aplikatu kolektibo honi estatuan onartutako estatutua, konkretuki soldata minimoak?

Erantzuna: Estatutua aplikatu zaie hura indarrean jarri ondoren sinatutako kontratu berri guztiei. Gainera, deialdi berriak diseinatu dira prestatzen ari diren ikertzaileen kontratazio berriak egiteko eta prestakuntzan ari diren ikertzaileentzako prestakuntza-eskaintza handitu da.

2.2. IKERTZAILE BERRIEI BABESA EMATEA, BELAUNALDI ALDAKETA EGOKIA BERMATZEKO.

G: Hartu da neurriren bat ikertzaileen ikerketa-ibilbidea definitzeko? I3 akreditazioa ez izatekotan, ba al dago aukeraren bat ikertzaile iraunkor bezala aritzeko eta, modu horretan, belaunaldi-erreleboa emateko?

E: Irakasle eta ikertzaile plazak eskuratzeko ibilbidea behar bezala definituta dago hainbat egiaztapen-prozesuren bidez. Kudeaketa-txostenean adierazten den bezala, hainbat neurri abiarazi dira ikertzaile berrien artean ikerketa-proiektuen lidergorako sarbidea sustatzeko, nahiz eta iraunkorrak ez izan, eta ikerketa-taldeetan ikertzaile berriak sartzen laguntzeko. Horren bidez, aukera eman nahi zaie ikertzaileei plaza iraunkorrak eskuratzeko egiaztagiriak lortu ahal izateko merezimenduak lor ditzaten.

2.8.2. Ikerketa eta berrikuntza politika eta praktika arduratsuak diseinatzea eta ezartzea.

G:
Ikerketa eta berrikuntza arduratsua aipatzen denean, kontuan hartzen da ere ea egiten den ikerketaren emaitzak armagintzan erabiltzen diren? Adierazle bat izan da?
Enpresekiko kontratuetan hartzen da kontuan ea enpresa horiek armagintzan aritzen diren?

E: Ikerketa eta berrikuntza arduratsuaz hitz egiten denean, bi jarduera horiek pertsonekiko eta naturarekiko ahalik eta errespeturik handienarez garatuko direla esan nahi da, ikerketarako askatasuna bermatuz, legeek eta komunitate zientifikoak onartutako arau edo kode deontologikoek ezarritako mugetan oinarrituta.

4.1.1. Prestakuntza jarduerak garatzea irakasle-ikertzaileen promozioa errazteko.
• Gizarte eragileekin negoziatu ondoren, hitzartu egin da bosturtekoak eta seiurtekoak ordaintzea aitortuak dituzten lan kontratudun irakasleei. UPV/ EHUko Gobernu Kontseiluak berretsi egin ditu akordioak.

G: Gogoratu behar da aldi baterako irakasleei bosturtekoak ordaindu zaiela EHUren kontrako sententziak eta mobilizazioak egon direlako. Ez da izan EHUko gobernu taldearen iniziatiba bat.
Zentzu horretan ñabardura egin behar da ere seiurtekoen kasuan, zeren eta ez baitzaie utzi aldi baterako irakasle gehienei osagarri hauek eskatzen; bakarrik bete arte edo amortizatu arte lanpostu iraunkor bat betetzen zuten aldi baterako irakasleei. Zergatik ukatu zaio kolektibo honi seiurtekoak eskatzea eta kobratzea?
Kalkulatu da seiurtekoak jasotzeko meritu nahikorik daukaten zenbat irakasle jarraitzen duten osagarri hau jaso gabe?

E: Seiurtekoak ebaluatzeko deialdia eta, ondorioz, baldintzak ebaluazio-agentziek jartzen dituzte.
Seiurtekoak jasotzeko merituen ebaluaketa ebaluazio-agentzien eginkizuna da, beraiek jartzen dituztelako merituak neurtzeko baldintzak ezagutza-alor bakoitzeko.

4.8.1. Laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza eta informazioa sustatzea.

G: Zein izan da arrazoia aurrera egin ez izateko?

E: Modu puntualean antolatu dira ikastaro batzuk baina ez dugu izan denborarik modu sistematizatu batean ekintza honi aurre egiteko.

5.1.2. Espazio eta instalazioen bizigarritasun eta lan baldintzak hobetzea.

  G: Hartu da neurriren bat irakasle guztiei bulego duin bat bermatzeko eta laborategietan ez egoteko bulego funtzioak egiten? Definitu da irizpideren bat EHU mailan zentroetan eta sailetan bulegoen banaketa eta erabilera arautzeko?

E: Hiru campusetan egin dira ekintzak espazio eta instalazioen bizigarritasun eta lan baldintzak hobetzeko. Dena den, baldintza hauek ikastegi bakoitzaren egoeraren araberakoak dira. Ez dago onartuta banaketa egiteko arau orokorrik, lan arriskuen prebentziorako legeak esaten duenaz aparte.

5.4.2. Elikagai ekologiko eta osasungarrien erabilera bultzatzen jarraitzea jantokietan, kafetegietan eta vending makinetan.

 G: Hartu da neurriren bat vending zerbitzuetan elikagai osasungarrien eskaintza zabala izateko eta ekonomikoki eskuragarriagoak izateko?

E: Baldintzak lizitazioa ateratzen dugunean ezartzen ditugu, azken lizitazioa 2017an atera zen eta bertan produktuen %30 osasungarriak izan behar zirela ezarri genuen. Gure ustez produktuak ekonomikoki eskuragarriak dira.

5.7. CAMPUS JASANGARRIAK IZATEKO ESTRATEGIA OROKORRA GARATZEA.

 G: Hartu da neurriren bat EHU barruan bananduta jasotako mota ezberdinetako hondakinak bananduta jasotzen direla beren ondorengo tratamendurako? (hau da, jaso ostean ez direla nahasten)

E: Garbiketa zerbitzuekin indarrean dauden kontratazio-pleguetan jasotzen da sailkatutako hondakinak dagokion ontzira bota behar direla eta horrela gogorarazten diegu  koordinatzaile-arduradunei. Honela egiten da oro har;  are gehiago, zenbait zentroetan hondakin organikoa bereizten hasi gara eta garbiketa zerbitzuan lan egiten duten pertsonak, haien ardura ez bada ere, frakzio hori edukiontzi marroira ateratzen hasi dira. Praktika txarrak detektatu diren zentroetan dekano/zuzendari/administratzaile edota Ingurumena Hobetzeko Taldeen arduradunarekin eta garbiketa egiten duten pertsonekin hitz egin da, hondakinen sailkapena behar bezala burutu dadin

6.1.1. Euskarazko nahitaezko irakasgaien eskaintzan aurrera egitea.

– Nahitaezko 7 irakasgai gehiago eskaini ditugu euskaraz.

– Euskarazko nahitaezko irakasgaien irakaskuntza eskaintzaren jarraipen
txostenak egin ditugu, eta irakasgai horiek hizkuntza horretan eskaintzen ez
dituzten ikastegiei eta sailei bidali dizkiegu.

–  Euskararen III. Plan Gidarian finkatutako helburuen betetze mailari buruzko
informazioa eskatu diegu ikastegiei, euskarazko graduko irakats eskaintzari
dagokionez, eta finkatutako helburua bete ahal izateko dituzten beharreei buruz
galdetu diegu.

G: Euskaldundu behar ziren zenbat derrigorrezko irakasgai ez dira euskaldundu?
Zentroak eta sailak informatzeaz gain eta informazioa eskatzeaz gain, hartu dira neurri zehatzak euskaldundu gabe dirauten derrigorrezko irakasgaiak euskaraz eskainiko direla bermatzeko?

E: 2018/19 ikasturtean Euskararen III Plan Gidaria martxan jarri zenean 72 derrigorrezko irakasgai genituen euskalduntzeko eta  horietatik 25 irakasgai izan dira azken bi urteetan euskaldundu ditugunak.  Politika horrekin aurrera jarraituko dugu betiere euskarazko taldeak osatzeko gutxieneko eskaria baldin badago.

6.1.3. Erraztasunak ematea masterretan euskarazko irakasgaiak parteka daitezen, eskaintza zabaltzeko.
 
G: Zenbat masterretan handitu da euskararen eskaintza 2018-19 ikasturtean?

E: Ez da handitu euskaraz ikasteko eskaintza gutxieneko eskaririk ez izan ez delako. Hala ere, euskalduntzeko hautagai izan daitezkeen master ezberdinek konpartitu ditzaketen irakasgaien analisia egin dugu eta irakasgai horiek euskaldundu daitezkeen aztertuko dugu.
Era berean, azpimarratu behar da graduondoko berezko tituluetan bi graduondoko berri eskaini ditugula eta 2020/21 ikasturterako proposamen berriak landu ditugula.

6.5. EUSKARAZKO EKOIZPEN ZIENTIFIKOA BULTZATZEA, BAITA HAREN HEDAPENA ETA DIBULGAZIOA ERE.

 G: Hartu da neurriren bat euskaraz egindako argitalpen zientifikoek puntuazio gehiago izateko deialdi ezberdinetan?

E: Hainbat deialditan baloratzen dira euskaraz egindako argitalpen zientifikoak. Besteak beste, ikerketako Ikertzaileak Prestatzeko deialdian, doktorego osteko DOKBERRI deialdian eta berriki Gobernu Kontseiluan onartu den Sailetan ikerketa bultzatzeko deialdi berrian. Horrez gain, Jardunaldi Akademikoaren Planean edota Docentiaz programan ere baloratzen da arlo hau.
Era berean, azpimarratu behar da Eusko Jaurlaritzako talde kontsolidatuen deialdian euskaraz egindako argitalpen zientifikoak kontuan hartu ditzaten, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak sinatutako eskaerak bideratu ditugula eta gure eskariak onartuak izan direla.

8.7. BAKE ETA BIZIKIDETZA KULTURA SUSTATZEA.

 G: Zenbat kontratu eta kolaborazio dauzka EHUk armagintzan aritzen diren enpresa eta instituzioekin?
Ba al dauka EHUk irizpideren bat bere sailek eta langileek garatutako kontratu eta kolaborazioak armagintzan erabiliak ez izateko?
Horizonte Elcano ekimenean EHUko El saltillo belaontzia Armadaren ontziaren alboan parte hartzea bakea eta konbibentzia bultzatzeko modu bat da?

E: Euskal Herriko Unibertsitateak ez dauka kontratu edo kolaboraziorik armagintzaren alorreko enpresa eta erakundeekin. Ondorioz, ez dugu horrelako irizpiderik ezarri behar izan.
Bestalde, edozein ekimenetan UPV/EHUren presentzia hutsak bakearen eta bizikidetzaren mezuak indartzen ditu, kontrako mezuen presentzia eta garrantzia murriztuz eta gutxituz. Horizonte Elcano ekimena ez da salbuespena.

9.7. UNIBERTSITATEKO TALDE GUZTIEK GOBERNANTZAKO ESTRATEGIETAN PARTAIDETZA HANDIAGOA IZATEAREN ALDEKO APUSTUA EGITEA.

 G: Hartu da neurriren bat “gainontzeko irakasle eta ikertzaile” kolektiboak presentzia handiago izateko gobernantza estamentu ezberdinetan (klaustro, Gobernu Kontseilua, zentroetako batzarrak…), beren ordezkaritza %2,09 horretatik ateratzeko eta beren minarizazioa gutxitzeko?

E: Oraindik ez. Ez da bakarrik “gainontzeko irakasle eta ikertzaile” kolektiboaren ordezkaritza aldatu behar dela, baizik eta estamentu ezberdinak berrantolatu behar direla. Horrek guztiak Unibertsitateko Estatutuen aldaketa eskatzen du. Bestalde,  Unibertsitate lege berriaren zain  gaude, horrek Estatutuetan aldaketa gehiago ekar ditzakeelako.

4.1. IBILBIDE AKADEMIKOAREN GARAPENA ETA PROMOZIOA BABESTEA (IRI).

 G: Erreposizio tasa dela eta IRI plaza iraunkor berri kopurua mugatuta dago. Ez duzu uste plaza horiek ez direla erabili behar agregatu iruditik titular irudira pasatzeko, biak iraunkorrak eta maila berekoak izanik?

E: Unibertsitateak kolektibo ezberdinen eskariei erantzuna eman behar die eta sailetatik kontratudun doktore lanpostuen ordez, unibertsitateko titular lanpostuak deitzeko eskariak daude.

19/20 Ikasturteko Jardueren Egitarauari buruz egindako galderak eta jasotako erantzunak:

2. PROGRAMA. UNIBERTSITATE IKERTZAILEA

2.2. IKERTZAILE BERRIEI BABESA EMATEA, BELAUNALDI ALDAKETA EGOKIA BERMATZEKO

 G: Ikertzaile berrien lan-baldintzak hobetzeko neurriak proposatuko dira?

E: Ikertzaile berriei laguntzeko neurriak ikerketa-proiektuen buru izan daitezen eta ikerketa-taldeetan sar daitezen bideratu dira. Neurri horien bidez, lanpostu iraunkorrak eskuratu ahal izateko egiaztapenak lortzeko merezimenduak lortzeko laguntza eman nahi da.

2.2 eta 4.1

G: I3 akreditazioa ez daukaten ikertzaileentzako ikerketa-ibilbidea definituko da?

E: Irakasleen eta ikertzaileen figuretara sartzeko, dagoeneko zehaztuta dauden baldintza jakin batzuk bete behar dira. Horiek betetzen dituzten pertsonek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

2.6. NAZIOARTEAN ERREFERENTZIAZKOAK DIREN ARGITALPENEN KOPURUA HANDITZEA JAKINTZA ADAR GUZTIETAN

 G: Neurriak hartuko dira nazioartean erreferentziazkoak ez diren baina maila lokalean euskal jendarterako ekarpen garrantzitsuak diren argitalpenak aitortzeko?

E: Hainbat deialditan baloratzen dira horrelako argitalpen zientifikoak. Besteak beste, Ikerketako Ikertzaileak Prestatzeko deialdian, doktorego osteko DOKBERRI deialdian eta berriki Gobernu Kontseiluan onartu den Sailetan ikerketa bultzatzeko deialdi berrian. Horrez gain, Jardunaldi Akademikoaren Planean edota Docentiaz programan ere baloratzen dira.

2.7.1. Estrategia diseinatzea eta beharrezko azpiegitura sortzea behar diren zerga abantaila guztiak izango dituen mezenasgo eta dohaintzetarako prozedura erraz, ikusgarri eta eraginkor baten bidez hiritarrek, enpresek edo erakundeek proiektu zientifiko espezifikoei diru ekarpenak egin ahal izateko.

G: Zein neurri hartuko dira hiritarrek, enpresek edo erakundeek EHUren erabilera interesatua ez egiteko eta bere funtzioak ez baldintzatzeko?

E: Kasuan kasuko azterketa egingo da.

2.8.2. Ikerketa eta berrikuntza politika eta praktika arduratsuak diseinatzea eta ezartzea.
 
G: Praktika arduratsu horien artean ezarriko da armagintzarekin lotutako enpresa eta entitateekin ez kolaboratzea?

E: Gaurdaino ez da horrelako neurririk ezartzeko beharrik sumatu, ez baita gauzatu armagintzan eragina duen kolaboraziorik UPV/EHUren eta bestelako erakundeen artean.

3.2.3. UPV/EHUko irakaslana ebaluatzeko arautegi bat egitea.

 G: Irakasleen irakaskuntza ematen den hizkuntzen maila ebaluatzeko neurriren bat hartuko da (adibidez inkestetan galdera bat gehitzen) arazoak identifikatzeko, aztertzeko eta konponbideak jartzeko?

E: UPV/EHUko Irakasleen eta Ikertzaileen euskarazko hizkuntza-prestakuntzarako eredua prestatzen ari gara. Eredu honen bidez UPV/EHUko irakasle-ikertzaileak erabiltzaile gaitu (C1+), erabiltzaile aditu (C2), eragile aktibo edo mentore izateraino heldu daitezke. Horren arabera, hobetu beharra duten irakasle-ikertzaileek zein besterik gabe beraien komunikazio gaitasuna doitu nahi dutenek garapen programak eskura izango dituzte. Irakaslearen diagnostiko zuzena izan beharrean, arreta erabilera ingurumarietan jarriko da euskaraz hobetzeko giroa sustatuz, elkarren arteko laguntza bultzatuz eta oro har euskararekiko jarrera positiboa eta inklusiboa zabalduz.

4. PROGRAMA. AUKERA PROFESIONALAK ESKAINTZEN DITUEN UNIBERTSITATEA

 G: Neurriak hartuko dira iraunkorrak ez diren IRIek ikerketa seiurtekoak eskatu eta kobratu ahal izateko, modu horretan beren ikerketa merituak aitortua izateko eta beren motibazioa eta ilusioa handitzeko?

E: Araudiak aukera ematen die lanpostu iraunkor huts bat betetzen duten aldi baterako irakasleei seiurtekoak eskatzeko. Kolektibo horrek ebaluazioa eskatzen du, eta ebaluazio-agentziak seiurtekoak ematen baditu, horiek ordaindu egiten dira. Ministerio eskudunak araudi hori aldatzen ez duen bitartean, gainerako aldi baterako irakasle eta ikertzaileek ezin dute gaur egun horri buruzko eskaerarik aurkeztu.

4.1. IBILBIDE AKADEMIKOAREN GARAPENA ETA PROMOZIOA BABESTEA (IRIAK).

 G: Aztertuko da irakasle elkartu figura gaizki erabiltzen den kasuak? Eta identifikatzen direnean, promozioa ahalbidetzen duten beste plaza motak (atxiki plazak adibidez) sortzea aztertuko da?  

E: Irakasle elkartuen egoera aztertzen ari gara. Gainerako plazetan bezala, sailek ezagutzen dituzte hobekien beren behar akademikoak, eta sail horiek egiten dituzte eskaerak, haien arabera.

4.6.2. Kanpo finantziazio bidezko kontratuen egoera aztertzea, nagusiki, ikerketa proiektuei lotutakoena. 

G: Proposamenen bat egingo da urte asko PIC bezala daramaten ikertzaileen egoera egonkortzeko bidean?

E: Aldi baterako ikertzaileak finkatzeko bideak gainerako irakasle eta ikertzaileentzako berberak dira: plaza iraunkorrak lortzeko beharrezko akreditazioren bat lortzea eta dagokion lehiaketara aurkeztea.

4.7. PERTSONEN OSASUN FISIKOAN, MENTALEAN ETA SOZIALEAN ERAGIN POSITIBOA DUTEN LAN INGURUNEAK SORTZEA (AZPKO LANGILEAK/IRIAK).

G: Aztertuko da Gipuzkoa eta Arabako campusetan haurtzaindegiak martxan jartzeko aukera, langileen kontziliazioa eta osasun fisikoa, mentala eta soziala hobetzeko?

E: Bere garaian (2010ean eta 2015ean), galderan iradokitzen diren bezalako azterketak egin ziren bai Araban bai Gipuzkoan. Horien oinarrian, honako ondorioak atera ziren:
– Erabiltzaile potentzialen kopurua urria zen.
– Besteak beste, azpiegitura bereziak behar dira haurtzaindegiak irekitzeko eta halako toki-kostuari aurre egiteko ez zegoen ahalmenik campusetan.
– Hala Donostiak nola Gasteizek haurtzaindegi-eskaintza zabala zuten.
Egungo egoerak ez du alde nabarmenik aurrekoarekiko. Eskaintza, esaterako, ez da murriztu; aitzitik, ikastetxe askok 1-2 urteko gelak ireki dituztenez, gaur egungoa lehen baino sendoagoa da. Jaiotze-tasak aldatu baldin badira azken urteetan, behera egin dute oro har. Kontuan izanda Arabako eta Gipuzkoako campusak hirien erdian daudela, haurtzaindegi propioak izateko aukerak, daukan eragin ekonomikoaz gain, ez dirudi beharrezkoa denik.

8.7.1. Unibertsitateko ikasleek giza eskubideekiko duten konpromisoa sustatzea.

G: Hartuko dira neurriak EHUko ikasleek beren praktikak armagintzari lotutako enpresetan ez egiteko, gaur egun gertatzen den bezala?

E: Urtean, 11.000 kanpo-praktika baino gehiago egiten dituzte gure ikasleek, 4.700 erakunde edo enpresa baino gehiagotan. Ikastegietako zuzendaritza taldeek aukeratzen dituzte erakunde edo enpresa horiek ikasleentzat onurak ekartzen dituztelakoan Gauzatzen diren kalitetako praktika horietan gure ikasleeak laneratzeko garaian oso baliagarriak izango diren gaitasunak eskuratzen dituzte.

9.7. APUSTUA EGITEA UNIBERTSITATEKO TALDE GUZTIEK GOBERNANTZAKO ESTRATEGIETAN PARTE HARTZE HANDIAGOA IZATEAREN ALDE.

 G: Puntu honetan aipatzen dira ikasleak, baina ordezkaritza guneetan minorizazio gehien pairatzen duen kolektiboa “gainontzeko irakasle eta ikertzaileak” da. Hartuko da neurriren bat kolektibo handi honen ordezkaritza handitzeko klaustro honetan bertan, Gobernu kontseiluan eta zentroetako batzarretan, EHUko Estatutuetan aldaketak eginez?
Aztertuko da eztabaida foroak, adibidez hau, unibertsitate komunitate osoari irekitzea?
Aztertuko da Gobernu Kontseiluko dokumentazioa unibertsitate komunitate osoari zabaltzea?

E: Oraindik ez. Ez da bakarrik “gainontzeko irakasle eta ikertzaile” kolektiboaren ordezkaritza aldatu behar dela, baizik eta estamentu ezberdinak berrantolatu behar direla. Horrek guztiak Unibertsitateko Estatutuen aldaketa eskatzen du. Bestalde,  Unibertsitate lege berriaren zain  gaude, horrek Estatutuetan aldaketa gehiago ekar ditzakeelako.
Aurreikusten den estatutuaren aldaketa komunitate unibertsitario osoaren partaidetza eskatuko du.