UPV/EHUko LAB sindikatuak iragan astelehenean, maiatzak 21, arratsaldeko lehen orduan Bilboko Ingeniaritza Eskolaren II. Eraikinean izandako istripu larria salatzen du. Horren ondorioz, langile bat arauak betetzen ez dituen eskailera batzuetatik behera jausi eta kolpea jo zuen buruan, hasieran konortea galdu gabe. Berarekin zihoan langilea artatu eta eraikinaren atezaintzara joan zen urgentziazko zerbitzuetara (112) deitzeko. Zerbitzuok lekuan bertaratuta, langilea artatu eta, egoeraren larritasunagatik, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Ondoren, jakin dugunez,langileak konortea galdu zuen eta egun koman dago, oso larri.
LABek gertatu denaren larritasuna salatu nahi du. Istripu larria ahalbidetu duten irregulartasunak ugariak izan dira. Besteak beste, larrialdietarako atea kanpotik zabaldu eta sartu egin baitzen langilea eraikinera, horretarako administrazioak bere txartela ahalbidetu zuelarik. Bestetik, ez delako lehen aldia eskailera horretan istripua edota lan osasunarekin zerikusia duen gertakaria gertatzen dela. 2015. urtean beste istripu bat gertatu zen gutxienez, zeinaren ondorioz langileak besoa eta eskumuturra jo eta zauritu zuen. Eta urte berean ere, buruan jo eta zauri arinak izan zituen beste langile batek.
Baina, nahiz eta 2015ean UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuak gertakari biak ikertu eta txosten bana egin, eta ez ateak ezta eskailerak ere arauak ez zituela betetzen ondorioztatu eta neurri prebentiboak planteatu, Unibertsitateko Zuzendaritzak ez ikusiarena egin du.
Orain ere badago UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuaren Bilboko Eremuan Teknikariak egindako Txostena. Eta argia da: “Desde la apertura del centro (2013) existe esta puerta para el acceso del personal tanto del PAS y del PDI cuando se encuentra cerrado, no existiendo un control de acceso”, nahiz eta ate hori larrialdietarakoa baino ez izan. Halako beste ate bat ere badago lehengo Meatze eta Herri Lanen Eskolara sartzeko. Teknikariak ondorioztatzen duenez, “se puede conluir que la CAUSA del accidente es el disponer de un acceso a un edificio cuando dicho acceso no cumple la normativa”.
Teknikariak bere txostenean neurri zuzentzaileak ere proposatzen ditu: “Prohibir cualquier tipo de acceso al edificio por dicha escalera. Retirar los permisos existentes. Puerta que se debe considerar solo como “salida de emergencia”. Como se aprecia (…) es una puerta que se utiliza frecuentemente”. Bestalde planteatzen du “adecuar escalera a normativa en cuanto a barandillas, ya que está considerada dicha escalera y puerta como salida de emergencia”, baita ere “revisar la iluminación de dicho tramo de escalera ya que (…) no funciona una de las luminarias”.
Antzeko neurriak planteatuta zeuden 2015ean egindako txostenetan. Baina Prebentzio Zerbitzuak proposatutako neurririk ez da aurrera eraman.
LABek salatu nahi du ere UPV/EHUko Zuzendaritzak ez dituela bete legez bete beharreko neurriak, hots, prebentzio delegatuei gertatutakoaren berri eman eta istripu larriaren ikerketan parte hartzeko aukera eman. Hau ere ez da lehen aldiz gertatzen. Eta hori nahikoa ez balitz, Prebentzio Zerbitzuaren Teknikariari ere ez zitzaion horren berri eman. Kasualitatez, lankide batek esanda, izan zuen istripuaren berri. Eta istripu larria izanik, 24 orduko epetik kanpo ere jakinarazi zien unibertsitateak istripua lan-istripuen aitorpen elektronikoaren bidez. Eta ez dakigu UPV/EHUk Lan Ikuskaritzari eta Osalani jakinarazi dien.
Honengatik guztiagatik, LABek uste du erantzukizunak eskatzeko unea dela. UPV/EHUko Zuzendaritzak ezin du ezjakinarena ezta ezikusiarena egin, ezta ustezko ikerketa batzorde bat antolatu benetako ikerketa ez egiteko. NAHIKOA DA! UPV/EHUn erruleta errusiarrean jolasteari utzi behar zaio lan-segurtasun eta –osasunari dagokionez. Baten batek gertatutako guztiaren erantzukizunak hartu beharko lituzke bere gain. Ala, bestela, Errektore andreak baten bat duen arduratik kendu beharko luke, lan-segurtasun eta –osasun eremuan egindako akatsak eta utzikeriak konpontzen hasi nahi baditu behinik behin.
LABek larriki zauritutako langileari eta bere gertukoei elkartasuna adierazi nahi die. Bukatzeko, LABek UPV/EHUko langileak deitzen ditu euskal gehiengo sindikalak (LAB-ELA-Steilas) datorren ostiralean, hilak 25, Bilboko Torres Quevedo Ingeniariaren Plazan istripu larri hau salatzeko 12:00etatik 12:30etara antolatuko duen elkarretaratzean parte hartzera.