LABek salatzen du informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zerbitzuaren pribatizazioa aurrera doala UPV/EHUn

Joan den ekainaren 7an, TEKAZEL kolektiboak Eraldaketa Digitaleko eta Komunikazioko Zuzendariordearen jakinarazpena jaso zuen zeinean adierazten zen ekainaren 10etik aurrera, talde horren posta-elektroniko kontu guztiak M365 plataformara migratuko direla, oraingoan, migrazio horri uko egiteko aukerarik gabe. Horrela, ez da betetzen Eva Ferreirak 2020ko azaroaren 12ko klaustroan (hautagaitza aurkeztu zuenean) eta 2021eko martxoaren 25eko klaustroan egindako baieztapena. Bietan galdetu zitzaion ea errektoretza-taldearen asmoa zen UPV/EHUko langileen eta ikasleen posta elektronikoa Microsoften esku uztea, eta erantzun zuen ez zutela asmorik inor Microsoft erabiltzera behartzeko, eta beste aukera batzuk ere bazeudela.

2022/23 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasle guztiei M365 kontua sortu zitzaien. Beranduago, 2023ko ekainean, irakasle-ikertzaile guztiei mezu bat bidali zitzaien euren kontuak M365era migratuko zirela esanez. Kasu horretan, uko egiteko aukera izan zuten. Orain, erreminta korporatiboa delakoaren leloarekin, TEKAZEL kolektiboaren kontu guztiak migratzen hasi dira, uko egiteko aukerarik eman gabe.

Mugimendu honek sortzen dizkigun kezkak berriro ere gogoratzea gomendagarria da:

1.- Datuen kudeaketa: datu pertsonalak, proiektu eta ikerketen emaitzak enpresa pribatuen esku uztea. Gure informazio guztia Microsoften esku egonda OpenAIren (ChatGPT) zerbitzura jartzen da edozein datu mota (esan bezala, datu pertsonalak, proiektu eta ikerketen emaitzak ) saldu ahal izateko edo, batek daki, beste zein helbururekin. Bermeak daudela esaten badigute ere, EHUko langileen eta taldeen datuak EHUn bertan mantentzean baino berme gutxiago dago multinazional baten esku uztean.

2.- Teknologia eta multinazional baten produktuekiko menpekotasuna.

3.- UPV/EHUren izaera publikoaren galera. EHUn giza- zein material-baliabideak daude informazioa EHUn bertan kudeatzeko. EHUren zerbitzuak bermatu eta indartu ordez eta EHUren autonomia bultzatu ordez, publikoa dena esku pribatuetan uzten dute.

4.- Lanpostuen galera: lan-arloari begira, gaur egun teknikariek eta baliabide propioek egiten dituzten zerbitzuen pribatizazioak kezkatzen gaitu, lanpostu horiek arriskuan egon bait daitezke.

5. Etorkizunari begira, ez litzateke harritzekoa izango UPV/EHUko langileen lana kontrolatzeko Microsoften tresnak erabiltzea. Migrazio honek bide hori ere zabaltzen du. Horren adibidea da Productivity Score tresna, enpresa baten jarduerari buruzko datuak biltzen dituena, produktibitateari buruzko ondorioak ateratzeko.

LABek bultzatzen duen IKT eredua, burujabetza teknologikoaren bidean, zerbitzu publikoen indartzean, formatu eta protokolo irekietan, eta software librearen erabilera zabalean oinarritzen da. Horregatik guztiagatik, Unibertsitatearen izaera publikoa mantentzeko errektoretza-taldeari eskatzen diogu ondorengo neurriak har ditzala:

1.- Atzera egin dezala informatika-zerbitzuen pribatizazioan: Ezin da onartu UPV/EHUren izaera publikoaren galera, ezta UPV/EHUren dirua azpikontratazioetan eta zerbitzuen bikoiztasunean xahutzea ere.

2.- UPV/EHUk dituen zerbitzuak indartu, bertako langileekin eta lanpostu gehiago sortuz: UPV/EHUn baditugu informatika teknologian adituak diren langileak eta ez dugu zertan Microsoft bezalako enpresa batean dirua xahutu beharrik, ezta enplegu publikoa suntsitu beharrik ere. Gure unibertsitatean bertan formatutako langileak dira, eta badirudi, errektoretza-taldearen iritziz, ez direla gai horrelako lanak egiteko.

3.- Software librearen erabilera bultzatzeko benetako apustua egin: Eskuragarri daude Microsoften tresnen baliokideak diren baliabide libreak eta EHUn badaude aspaldi, inolako arazorik gabe, tresna horiek erabiltzen dituzten langile taldeak.