EHUko errektoretza taldea aukeratzeko hauteskundeak azaroaren 26an izango dira. Aukeratua izango den taldeak, hurrengo 6 urteetan EHUko norabidea markatzeko aukera izango du, neurri batean bada ere. Unibertsitate publikora bideratzen den finantziazioa beste instituzioen eskuetan dago, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan. Hala ere, EHUko errektoretza taldeen politikek, baita erabakiak hartzeko eta gaiak kudeatzeko moduek ere, garrantzi handia daukate. Unibertsitate publikoak euskal jendartearen garapenean egiten duen ekarpenean, zein EHUko langileen lan-baldintzetan eragin handia daukate errektoretza talde batek ala beste batek hartutako erabakiek.
Aurreko urteetan (bereziki azken errektorearen agintaldian) hartutako erabakiak zein erakutsitako jarrerak ahaztu gabe, EHUko LABen sail sindikalak bi hautagaitzen programak aztertu ditu, eta lan-baldintzei zuzenki lotutako gai batzuen inguruan egindako hausnarketak konpartitu nahi ditugu EHUko irakasle-ikertzaileekin.
- 1. Prekarietatea, oraindik gainditzeko dagoen irakasgaia EHUn
- 2- Soldatak, iraganean ainguratuta
- 3- Ikertzaileen ibilbidea argitu eta erraztu
- 4- Plantillaren erreleboa bermatzeko nahiko alderdi hobetzeko
- 5- TEKAZEL/irakasle-ikertzaileak ratioa nabarmen handitzea, EHUren funtzionamendua hobetzeko beharra
- 6- Zerbitzuen pribatizazioa
- 7- EHUko finantziazio nahikoa, puntu gakoa
1- Prekarietatea, oraindik gainditzeko dagoen irakasgaia EHUn
Arduraldi partzialeko irakasleek urte luzeak daramatzate soldata oso baxuak kobratzen. Izan ere, 41/2008 Dekretuan jasotako oinarrizko soldatek ez dute kontuan hartzen klaseak eta tutoretza-orduez gain egindako lan-orduak (klaseak prestatzea, formazioa, ezinbesteko kudeaketa, koordinazio lana…). 2010eko lan-hitzarmenak arduraldi partzialeko kontratuak batzea bideratu zuen, irakasle askoren egoera hobetuz, beste batzuk miseriazko soldatekin mantendu baziren ere. USLOrekin (LOSU) egoera okertu zen, EHUko gobernu taldeak egindako irakurketa zurrunari esker, arduraldi osoko ordezko irakasleak kontratatzea ezinezkoa zela argudiatuta. Oso gatazkatsua izan zen 2023/24 ikasturtearen ostean, 2024/25 ikasturtean arazoa egoera berean mantentzen da. Sortzen ari diren laguntzaile doktore plaza berriek arindu dute lan-zama sailetan, baina kaltetutako kolektibo horrek miseriazko soldatak kobratzen jarraitzen du.
Arazo horri lotuta, Ferreira hautagaiaren programan honako hau jasotzen da: “Irakasle eta ikertzaileen oinarrizko soldata baldintzak hobetuko ditugu, bereziki beste lan bateragarririk ez duten lanaldi partzialeko langileenak eta langile hasiberrienak. Euskal unibertsitate sistemaren lege berriak soldata egokiak bermatu behar ditu ordezkoen kasuan eta karrera akademikoa hasten duten irakasle eta ikertzaile guztien kasuan”. Ordezko irakasleei aipamena eginez, zera jasotzen da: “pertsona baten ordezko irakasleak lanaldi osoan kontratatu ahal izateko legezko aldaketak egin daitezela berriz ere eskatuko dugu; eta, aldi berean, sailei baliabide egonkor nahikoak emango dizkiegu, plantillakoak, figura horretara jotzeko beharra minimizatzeko”. Errektoretza taldetik egindako eskaera horrek ez zuen fruiturik eman eta arazoaren balizko irtenbidea horretara bideratzea arazoaren funtsari ez ekitea da. Era berean, arduraldi partzialeko kontratuen kopurua minimizatu arren, langile horiek prekarietatera kondenatzen jarraitzen dute.
Bengoetxearen programaren kasuan, adierazten da “Prekarietate-poltsa berri hori arduraldi osoa berreskuratuz edota haien egiteko guztiak aitortuz eta ordainduz baino ezin izango da konpondu”. Irakasle ordezkoen lan-baldintzak hobetzeko neurri moduan, honako bi aipatzen dira: “Ordezkapenak arduraldi osoan egiteko akordio sindikala bilatu eta gauzatu” eta “Arduraldi partzialeko irakasle ordezkoen soldatak duintzeko negoziazio-bidea ireki alde sozialarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, ordainsarietan egiten duten lana eta benetako proportzionaltasuna kontuan har daitezen”.
Zalantzarik ez dago kolektibo horien soldatak ezartzen dituen legea aldatu behar dela, Eusko Jaurlaritzaren 41/2008 dekretua, hain zuzen. LABek urteak daramatza dekretu horren aldaketa eskatzen, eta jasotako erantzunak beti izan dira EHUko errektoretzaren taldearen esku ez dagoela. Eusko Jaurlaritzaren esku badago ere, zerbait egin zitekeela uste dugu. Izan ere, dekretu hori aldatzea ez da izan inoiz lehentasun bat, besteak beste, soldata hobeak ordaintzeak aurrekontuak handitzea eskatzen duelako, eta kaltetutako kolektiboaren boterea eta eragiteko gaitasuna txikia delako EHU barruan. Zergatik sinetsi behar dugu orain oinarrizko soldatak hobetuko direla? Nola? Euskal Unibertsitate Sistemaren lege berriak definitu behar izango ditu soldatak, eta arreta berezia jarri behar da gai horretan. Lege hori gauzatu arte urte batzuk igaro daitezke (momentuz ez da publiko noiz hasiko diren lege horren inguruko lanak Eusko Legebiltzarrean). Bitartean, Ferreiraren programak ez dio irakasle horien guztien soldata prekarioekin jarraitzeari alternatibarik proposatzen…
Bengoetxearen programan, prekarietate-poltsak daudela aitortzen da (Ferreiraren programa osoan ez da agertzen hitz hori behin ere…) eta, zehaztasun gehiago ez badago ere, argi adierazten da ordezkapenak arduraldi osoan egiteko akordio sindikalaren beharra, baita irakasle horiek egiten dituzten aktibitateak aitortzekoa ere. Aipatutako lege berriaren zain egongo garen bitartean, beste bideren bat bilatzea espero dugu. Behin-behinekoa bada ere, neurriak hartu behar dira ahalik eta lasterren kolektibo horren egoera hobetzeko eta, araudiaren eremuan, aukera batzuk azter daitezke. Izan ere, USLOn jasotzen da lan-kontratuko irakasle eta ikertzaileek eskubidea izango dutela beren ordainsari-baldintzak unibertsitatearekin negoziatzeko.
Doktore aurreko ikertzaileak soldata baxuena daukan kolektiboetako bat da. Ikertzaile horien baldintzak hobetzeko bidean, 2023ko apirilean hitzarmena sinatu zen sindikatu eta errektoretzaren artean, irakasle atxiki/laguntzaile doktoreen oinarrizko soldatarekiko portzentaje progresiboak ezarrita. Edozein kasutan, EHUren esku dago doktorego aurreko ikertzaileen soldatak igotzen jarraitzea.
Ferreiraren programan jasotzen da “Doktoratu aurreko eta ondoko kontratuen soldatak igotzeko lan egingo dugu, talentuaren erakarpena sustatze aldera“ eta eskaintzen diren doktoratu aurreko kontratuak nabarmen handitzea. Bengoetxearen programaren kasuan, zera adierazten da: “Alde sozialarekin adostu doktore aurreko ikertzaileen kontratuen egungo proportzioen igoerak irakasle atxikien % 100ekiko, 70-70-80-80 norabidean”. Soldaten gaiari ikuspegi globalarekin ekin behar bazaio ere, aldi baterako ikertzaileen soldatak igotzea premiazkoa da.
2- Soldatak, iraganean ainguratuta
EHUko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak baxuak dira EAEko administrazioaren kategoria bereko langileekin alderatuta. Arrazoia da Espainiar estatuak ezartzen dituela unibertsitateko funtzionarioen soldatak. Euskal Herriko unibertsitateko langile guztien soldatak Euskal Herrian erabakitzeko ahalmena izan behar dugu. Horri gehitu behar zaio irakasle-ikertzaile kategoria laboralen soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua, hasieratik prekarietate egoera batzuk sortzeaz gain, gainerako figuretarako oso zaharkitua geratu dela.
Bestalde, kontuan hartu behar da soldatak ez direla eguneratu KPIarekin eta erosahalmena galdu egin dela.
C-B-A osagarrien sistema 2006an sortu zen, oinarrizko soldatak osatzeko asmoz. Izan ere, eskatutako kualifikazioa kontuan hartuta, kategoria guztien soldatak baxuak dira. Horrek azaltzen du, neurri handi batean, jakintza arlo batzuetan arazoak izatea doktoreak formatzeko eta formatutako doktoreak EHUn geratzeko. Izan ere, lan-esparru batzuetan, ikuspegi ekonomikotik askoz erakargarriagoa da enpresa pribatuetara edota unibertsitate pribatuetara joatea, unibertsitate publikoan lan egitea baino. Osagarrien sistemak ez du konpontzen arazoaren oinarria, baina tarteko irtenbide bat ematen dio. Hala ere, LABetik eta beste eragile batzuetatik behin eta berriro eskatu badugu ere, 2006an ezarritako ordainsarien kopurua ez dute eguneratu inoiz. Azken errektoretza taldeek ez dute bere langileen osagarriak eguneratzeko lanik egin, edo, ahaleginen bat egin badute, hain epela izan da ez duela inork sumatu.
Horrez gain, osagarrien deialdia atzeratu da era interesatuan ia lehenengo deialdietatik, urte berean B eta A osagarriak ebaztea ezinduz eta, modu horretan, ordaintzen hasteko data urte bat atzeratuz. Dirua aurreztuz langileon kontura…
Egoera hori bi hautagaien programetan aipatzen da. Ferreiraren programan honako hau jasotzen da: “Eusko Jaurlaritzarekin akordioak bultzatuko ditugu batetik, gaur egun zaharkituta dauden Ordainsari Osagarri Gehigarrien zenbatekoak eguneratzeko eta, bestetik, deialdiak eta horien ebazpena aurreratzeko, horrela ordainketa bera ere aurreratuaz. Eskaerak kontratuaren lehen urtetik egin ahal izatea ere defendatuko dugu”. Zalantzak sortzen dizkiguna zera da: bere agintaldiaren hasieratik (eta aurretik ere) disfuntzio honetaz jakitun izanda eta aurrerapenik ez egonda, orain sinetsi behar dugu hurrengo urteetan osagarriak eguneratzea lortuko duela eta deialdiak denboran egingo direla?
Bengoetxearen programaren kasuan, irakasle-ikertzaileen soldatei dagokienez, honako ekintza hauek jasotzen dira, eragile sozialek izan beharreko protagonismoa ere aipatuta:
- “Hurrengo hiru urteetan langile guztientzako KPIaren gainetiko soldata-igoerak adosteko bidea ireki Eusko Jaurlaritzarekin eta eragile sozialekin”
- “Irakasle eta ikertzaileen norbanako osagarrien ordainen eguneratzea adostu Eusko Jaurlaritzarekin eta eragile sozialekin”
- “Irakasle eta ikertzaileen ordainsarien 41/2008 ordainsarien dekretuaren eguneratze- eta hobetze-bidea adostu Eusko Jaurlaritzarekin eta eragile sozialekin”
- “Norbanako osagarrien metaketaren bidea sinplifikatu eta oinarrizko soldataren bidea indartu euskal funtzio publikoaren erreferentziarekin”
- “Norbanako osagarri gehigarrien C tarteak eskuratzeko antzinatasun eskakizunak gutxitu (1 eta 3 urtera), deialdi galdua berreskuratu eta tarte guztien ondorio ekonomikoak aurreratu ebaluazio urtera”
EHUko langileok erosahalmena nabarmen galdu dugu gobernu liberalek hartutako neurrien ondorioz, eta EHUko zuzendaritza taldeak ez dira gai izan murrizketa horien eraginari aurre egiteko. Egiturazko arazo horiek denbora gehiegi luzatzen ari dira. Erne eta aktibatuta mantendu beharko dugu aipatutako alderdien inguruan benetako aurrerapausoak egoteko eta hauteskunde kanpainaren hitzak ekintza bihur ditzaten.
3- Ikertzaileen ibilbidea argitu eta erraztu
Irakasle-ikertzaileen kasuan, egonkortu arte ibilbide luze eta neketsua bada ere, ikertzaileen kasuan ziurgabetasuna handiagoa izan ohi da. Izan ere, doktorego osteko kontratua bukatzean, ikertzaile askok ez dakite beren ibilbideak nola eta non jarraituko duen, ikertzaile moduan jarraitu nahi izatekotan. Ikerketaren aldeko apustua irmoa dela maiz entzun badugu ere, praktikan ez da hain agerikoa ikertzaile gazteen aldeko apustua. Legez, urtero sortutako irakasle-ikertzaileen plaza iraunkor berrien % 15 ikertzaile lanpostuetarako izan behar da. Hala ere, ikertzaile doktore iraunkorren plazen sorrera nabarmen mugatuta dago. Arlo horretan, azken errektoretza taldeen ikertzaileentzako estrategia argi baten falta bistakoa da. Era berean, EHUn denbora luzez arrastaka daramagun beste egoera bat daukagu: ikerketa-irakasleen postuetarako promozionatu ezin izatea. Ia 20 ikertzailek promozionatzeko aukera horren zain jarraitzen dute, azken urteetan kaltetuen kolektiboak berak eta sindikatu batzuek gaia konpontzeko eskaerak egin arren. Irakasle osorako promozionatzeko aukera eskaini zaie, baina hori ez da irtenbidea ikertzaile ibilbidea jarraitu nahi dutenentzat. Ez dugu ahaztu behar ikerketa-irakaslearen figura 2008tik sortuta dagoela eta Unibasqek aspalditik figura horretarako akreditazioak bideratzen dituela.
Kolektibo horiei lotuta, Bengoetxearen programan, “Unibertsitate mailan ikertzaile-profil ezberdinak izatea” jasotzen da, baita, “Ikerketa-irakasle plazen kopuru bat sortu urtero” eta “sortu den pilaketa arintzeko, lehendabiziko hiru urteetan eskainiko diren plazen plangintza berezi bat zehaztu”.
Ferreiraren programan ere, ikerketa-irakaslearen plazak sortzea jasotzen da: “ikerketa irakasleen plazak sartuko ditugu hurrengo EPEn (2025eko udaberria), eta, aldi berean, dagokion lehiaketa prozedura garatuko dugu”. Sortzen zaigun zalantza da: zergatik azken urte hauetan egindako eskaerei muzin egin, erantzun argiak eman gabe, eta, orain, 2025ean plaza hauek sortuko direla zabaldu?
4- Plantillaren erreleboa bermatzeko nahiko alderdi hobetzeko
EHUko plantillaren zahartze progresiboa aspalditik dator. Irakasle-ikertzaileen kasuan (ikertzaile kontratua duten langileak kenduta), batez besteko adina 50 urtetara hurbiltzen da. Asko izango dira hurrengo urte gutxitan erretiroa hartuko duten EHUko langileak. Zentzu horretan, benetako erronka da plantilla nahikoa bermatzea eta gaztetzea. Horretarako, gutxienez bi ekintza garatu behar dira.
Alde batetik, erretiroa hartzeko neurriak bultzatu behar dira. 2022an Errektoretza taldeak alde bakarretik EHUko sindikatu gehiengoarekin adostutako akordioak bertan behera uzteak oztopo argia izan zen norabide horretan. Aurten sinatutako Erretiro akordio berriak langileen erreleboan lagundu behar du.
Bestetik, EHUk behar izango dituen profesionalen harrobia elikatzeko eta zaintzeko neurriak hartu behar dira. Izan ere, jakintza arlo batzuetan zaila da profesionalak topatzea. Azken hilabeteetan garatutako irakasle laguntzaile doktoreen plazen lehiaketan, lanpostu batzuk hutsik geratu dira inor ez delako aurkeztu. Etorkizuneko irakasleak eta ikertzaileak formatzeko eta EHUn mantentzeko estrategia eraginkorrak martxan jartzea ezinbestekoa da, beharrezkoak diren jakintza esparru guztietan EHUk jendartearen beharrei erantzun ahal izateko. Horretarako doktoreen kopurua handitzeko arloak identifikatu behar dira, ikerketa eta akademia ibilbidearen lan-baldintzak hobetu, egonkortzeko epeak gutxitu eta promozionatzeko aukerak erraztu.
Erronka horri lotuta, honako hauek dira Ferreiraren programan agertzen diren zeharkako aipamenak:
- “Egonkortasuna eta promozioa: egonkortasun goiztiarra bermatzen jarraituko dugu, akreditatutako langileak 35 urte bete baino lehen egonkortu ahal izateko, eta promozio plazen kopurua nabarmen handitzen jarraituko dugu, gutxienez eskainitako katedren eta irakasle osoen plazen kopurua bikoiztuz. Halaber, berehala eskainiko ditugu ikerketa eta irakasle plazak”
- “Ikertzaile berriak: mentoring programa sortuko dugu ikertzaile gazteei doktoratu aurreko prestakuntzaren hasieratik beren karrera akademiko eta profesionala definitzen laguntzeko, kalitatezko prestakuntza ziurtatuz eta lan munduan eta mundu akademikoan integratzen lagunduz”
- “Harrobia sortzea:harrobiko arazoak dituzten eremuetan jardungo dugu, dagoeneko eskaintzen diren doktoratu aurreko kontratuak nabarmen handituz eta irakasle laguntzaile doktoreen plazetan dauden bitarteko pertsonekin konpromiso politika ezarriz”
Bengoetxearen programan, irakasle, ikertzaile eta TEKAZELi zuzendutako “Hiru kolektiboentzako formazio-plan integralak diseinatzea eta abian jartzea” helburuan, zera proposatzen da: “Hiru kolektiboen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, egungo lanei eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko formazio integrala diseinatu, postuen ezaugarriei eta langileen ibilbidearen uneari egokituz”. Erretiroa errazteari dagokionez, “Erretiroa hartzea errazteko negoziazioaren bidetik adostutako neurriak mantentzea, ebaluatzea, egokitzea eta bide berriak urratzea” helburuan, hiru neurri proposatzen dira:
- “2024ko deialdien aplikazioa eta emaitzak aztertu jarraipen batzordean”
- “Identifikatutako hutsune eta gabeziak zuzentzeko neurriak adostu”
- “Neurri berriak ezartzeko negoziazio bidea ireki (adinari lotutako kreditu murrizketak ezarri, genero arrakalaren baimen bereziaren konpentsazio hobeagoak, metaketa aukera berriak eskaini, erretiroa hartzeko eguna malgutu, baimen ordainduaren bidea gehiago urratu…)”
5- TEKAZEL/irakasle-ikertzaileak ratioa nabarmen handitzea, EHUren funtzionamendua hobetzeko beharra
EHUko TEKAZEL/irakasle ratioa Estatuko baxuenetariko bat da, eta askoz urrunago dago Europako beste Estatu batzuetako ratioetatik, non administrazio eta zerbitzuetako pertsonala irakasle-ikertzaileena baino altuagoa den. EHUko TEKAZEL plantilla txikiegia izateak arazo nabarmenak dakartza. Alde batetik, irakasle eta ikertzaileei ataza administratibo gehiegi egitera behartzen ditu, eta irakaskuntza eta ikerkuntzari eskaini beharko lioketen lan-denbora zati garrantzitsua kentzen du. Kudeaketan eta administrazioan lan egiten duten TEKAZEL askok ere gain-zama daukate, sailen, zentroen eta EHUko beste zerbitzu eta egitura batzuen eginkizunei aurre egiteko ozta-ozta helduz, langile hauekiko presioa handia izanda. Bestetik, plantillan TEKAZEL lanpostu nahikorik ez izateak kanpoko enpresen zerbitzuak kontratatzera darama kasu batzuetan, baita funtzio horiek bete behar ez dituzten pertsonak erabiltzea (adibidez, bertoko langilea ez dagoenean, seguritate enpresek atezaintza zerbitzua betetzea ohiko praktika da). Nahikoa ez den TEKAZEL/irakasle-ikertzaile ratioak EHUren funtzionamendua eta garapena zailtzen du. TEKAZEL plantilla era antolatuan nabarmenki handitzea EHUko beharretako bat da.
Bengoetxearen programan, “TEKAZEL pertsonala handitu eta unibertsitateko TEKAZEL/IRI ratioa hobetu” erronkan, “CRUEk gomendatutako 1/1 TEKAZEL/IRI ratiora heltzea modu mailakatuan” jasotzen da. Horretarako, honako ekintza hauek proposatzen dira: “TEKAZELen defizit larrienak non dauden identifikatzeko egoeraren azterketa egin”, “TEKAZELen defizita konponbidean jartzeko adostasuna bilatu Eusko Jaurlaritzarekin eta ordezkari sozialekin” eta “Urtean TEKAZELen plantillako 200 postu berri sortu”.
Ferreiraren programan, TEKAZEL plantilla handitzea ere jasotzen da, honako hau adierazita: “zerbitzu estrategikoetan espezializatutako langileen plantilla % 50 handituko dugu, unibertsitateak prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta nazioartekotze erronkei modu egokian aurre egin ahal izan diezaien”. Alabaina, ez dago argi zeintzuk eta zenbat diren “zerbitzu estrategikoetan espezializatutako langile” horiek.
6- Zerbitzuen pribatizazioa
LABek behin eta berriro salatu du EHUn gauzatu diren hainbat zerbitzuren pribatizazioa. IKTri lotutako zerbitzuetan hainbat dira adibideak: Microsoft-era eposten postontziak migratzea, aplikazio informatiko propioak garatu eta mantendu ordez enpresa pribatuen esku jartzea, Erabiltzailearentzako Arreta Zerbitzua (EAZ-CAU) kanpoko enpresa baten bidez ematea…. Osasungintzaren alorrean, medikuntza-arreta osasun-enpresa pribatuen eskuetan jartzen ari dira, EHUko osasun-profesionalen plantilla progresiboki desagerraraziz. Eraikinetako mantentze-lan asko ere kanpoko enpresen bitartez egiten dira, EHUko teknikoen plantilla handitu eta dibertsifikatu ordez. Era berean, EHU sortu zenetik egon den eta etorkizunean ezinbestekoa izaten jarraituko duen garbiketa zerbitzua EHUko langileen bitartez emateko pausoak ematen hasteko garaia da. Unibertsitate publikoaren defentsa irmoan, pribatizazioaren kontra eta publifikatzearen aldeko neurriak hartu behar dira errektoretza taldeetatik.
Bengoetxearen programaren “Digitalizazio-plan integrala Osatzea” helburuan, “Aztertu ea kanpoko enpresekin azpikontratatzen diren zerbitzuak erabiltzaileen eta UPV/EHUren beharrak betetzen dituzten” ekintza jasotzen da. “Lan-osasunerako zerbitzua izatea campus
Guztietan” helburuan, “Medikuntza Fakultatearekin eta Osakidetzarekin lankidetzan birpentsatu osasun-zerbitzuko lanpostuen eskaintza nola egin erakargarri, behar diren profesionalak lortzeari begira” eta “Berreskuratu lan-osasunerako zerbitzua campus guztietan” ekintzak jasotzen dira. “Arreta psikosozialerako zerbitzu integrala sortzea eta indartzea” helburuan “Arreta psikosozial integralerako zerbitzua hedatzea figura profesional berriak gehituz eta baliabide gehiago jarriz, Ikasleen eta komunitate osoaren arreta psikosozialaren premiei egokiro erantzun ahal izateko” ekintza jasotzen da. “Kirol- eta jantoki-zerbitzuak izatea campus guztietan” helburuan, “behar diren kudeaketa-lanak egin egun falta diren kirol- eta jantoki-zerbitzuak jartzeko campus guztietan” erronka adierazten da, zerbitzu horiek EHUko baliabide propioen bidez eskaintzeko asmorik dagoen argitzen ez bada ere.
Ferreiraren programan, “Arreta Psikologikorako Zerbitzua zabalduko dugu, finantzaketa egokia eta langile hornidura bermatuz, unibertsitate komunitateko kolektiboei behar bezala arreta eman diezaieten” adierazpenaz gain, ez da jasotzen pribatizatutako zerbitzuetan atzera egiteko aipamenik.
7- EHUko finantziazio nahikoa, puntu gakoa
Euskal jendarteak behar duen unibertsitatea publikoa sendoa izateko, ezinbestekoa da beharrezko finantzaketa izatea. Baliabide ekonomiko nahikorik gabe ezin da bermatu kalitateko unibertsitate-hezkuntza, eta nekez erantzun ahal zaie testu honetan bertan aipatutako beharrei zein aipatu ez ditugun beste hainbesteri. USLOk berak 2030. urterako helburu moduan jasotzen du unibertsitate publikoetarako finantzaketa BPGren % 1 izatea. Egun, EAEko BPGren % 0,4 baino ez da bideratzen EHUra, zifra horretatik eta Europako unibertsitate publiko askok jasotzen duten finantzaketatik oso urrun.
Eusko Jaurlaritzatik ez zaio EHUri beharrezko arreta eman, unibertsitate pribatuak finantzatzen dituzten bitartean eta beraien ekimen berriak gauzatzeko erraztasunak (baliabidezkoak zein ekonomikoak) ematen dizkieten bitartean. Ikerketa arloan, nabaria da Eusko Jaurlaritzaren sostenguaz sortutako ikerketa gune batzuetan egindako inbertsioa, EHUn bertan ikerketa garatzeko bultzada hain argia ez izanda. Unibertsitate publikoaren aldeko konpromiso argia beharrezkoa da instituzioen aldetik. Finantziazioa, neurri handi batean, EHUko zuzendaritza taldearen esku ez egon arren, unibertsitate publikoa lehenesteko eta baliabide nahikoak bideratzeko eskaera lehentasuna behar dute, pairatzen dugun azpi-finantzaketa kroniko honetatik atera ahal izateko.
Errektoretzarako bi hautagaiek planteatzen dute finantzaketa aipaturiko % 1era heltzeko xedea. Ferreiraren programan “2026an BPGren % 0,8ko igoera lortzea eta 2030ean % 1era iristea izango dugu helburu” adierazten da, baita “Epe ertain eta luzerako finantza plangintza ezarriko dugu, UPV/EHUren iraunkortasun ekonomikoa bermatuko duena, baliabideen banaketa eraginkorra lehenetsiz”. Era berean “UPV/EHUrekin batera proiektu estrategikoak, jarduera kulturalak edo zientifikoak finantzatzen lagundu nahi duten erakunde publiko eta pribatuen eta fundazioen babesa eta mezenasgoa bilatzea bultzatuko dugu”.
Bengoetxearen programan, “USLOk unibertsitate publikoetarako ezartzen duen BPGaren % 1eko finantziazio-helburua bete 2030erako” erronkarako, “Eusko Jaurlaritzaren ekarpena gaur egungo % 0,4tik %0,9ra handitu 2030 bitartean, lehen urteetan gabezia larrienak estaltzeko ahalegin berezia eginez” helburua markatzen da, bi erronka hauei lotuta: “Unibertsitatearen finantziazio-beharren memoria integrala osatu, azpiegituren inbertsioetan eta mantentze-lanetan, iraunkortasuna hobetzeko, TEKAZEL pertsonala handitzeko, IRIen plantilla- beharrei erantzuteko, eta ordainsariak hobetzeko”, “Finantziazio-beharren memoria osatu eta egoera larrienak (bai azpiegituren bai pertsonalaren aldetik) identifikatu, lehentasuna eman ahal izateko” eta “Finantziazioa bermatzeko egutegi bat adostu Eusko Jaurlaritzarekin”. Bengoetxearen programan alderdi interesgarria ikusten dugu “Finantziazioa lankidetzan eta elkarrizketan negoziatzea” helburuari lotuta. Izan ere, proposatzen den “Aurrekontuak Gobernu Kontseiluan eztabaidatu eta onartu, ekarpenak jaso eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu (ez alderantziz)” ekintzak ikuspegi aproposagoa eskaintzen du.
LABen ustez, beharrezkoa da behar dugun unibertsitatearen behar ekonomikoak zehaztea eta, diagnosi hori eginda, finantziazioa eskuratu, orain arte izan dugun egoeratik ateratzen saiatzeko; hau da, ematen diguten diruarekin zehaztu zer egin dezakegun. Dirua ez dago faltan. Lehentasun kontua da. Eta unibertsitate publikoak lehentasuna izan behar du. Euskal Herrirako gakoa da.