EHUn azken 4 urteek mugarri garrantzitsuak izan dituzte irakasle-ikertzaileen kolektiboaren lan-harremanen ikuspegitik. Aipagarrienak honako hauek dira: ordezkoak kontratatzeko politikaren aldaketa, kolektiboa prekarizatu duena eta gainerako irakasle-ikertzaileei eragin diena; erretiro-akordioak haustea eta horren inguruko gutxieneko akordio berri bat in extremis sinatzea; ikertzaileen kolektiboaren inguruko akordioak eta ez-betetze partzialak; Errektoretzak osagarriei buruz izan duen immobilismoa; seiurtekoak eskatzeko eta kobratzeko eskubidea partzialki aitortzea sententzia judizialen bidez; … Lau urte hauetan zehar, Errektoretza momentu batzuetan negoziatzera behartuta egon den arren, horretarako borondatea eta akordioen betetze-maila eskasa izan da. Aldiz, errektoretzaren ohiko jokaera langileen eskubideen aurkako gaiak auzitegi goreneraino eramatea izan da, eta, kasu gehienetan galtzeko, ikertzaileen hainbat demanda, aldi baterako langileen seiurtekoak, bosturtekoak,… Errektoretzaren eta plantillaren zati handi baten arteko desadostasun-urte hauetan, aipatutako alderdiei eta beste alderdi batzuei dagokienez, LABen oso positibotzat jotzen dugu UPV/EHUko langileen jarrera, grebak jarraipen handiarekin egitera iritsi baitira.
Errektoretzak 2022an erretiro-akordioak haustea izan zen Zuzendaritzak langileen aurka eragindako eraso handiena. Ondoren, erretiro-egoerara igarotzeko zenbait neurri abian ezarri zituzten inongo sindikatuen babesik gabe. Neurri horien helburua erretiro-adina atzeratzea, trukean kreditu gutxi batzuk murrizten ziren. UPV/EHUko langileen erantzun irmoa jaso zuen erabaki horrek, eta mobilizazio garrantzitsuak egin genituen. Neurri berrien emaitza erabateko porrota izan zen, irakasle-ikertzaile gutxik eskatu baitzituzten neurri horiek. Emaitzak ikusita, edo agintaldiaren amaiera gertu zegoela ikusita, aurtengo martxoan Errektoretzak negoziazio bat jarri zuen abian. Negoziazio horrek erretirorako neurri berezien gutxienekoen akordioa ekarri zuen, aurreko ereduaren zuzenketa izan zena. Akordioa ixteko presak eragina izan du ikasturte hasiera honetan; izan ere, deialdia oso berandu egin zen, sailen irakaskuntza planifikatuta zegoenean eta ebazpenak eta laguntzaile doktore plaza berriak ere atzeratu egin ziren sailetan arazoak sortuz.
Arduraldi partzialeko irakasleek urte luze daramate soldata oso baxuak kobratzen. Izan ere, 41/2008 Dekretuan jasotako oinarrizko soldatek ez dute kontuan hartzen klaseak eta tutoretza-orduez gain egindako lan-orduak (klaseak prestatzea, formazioa, ezinbesteko kudeaketa eta koordinazio lana…). Prekarietate egoera hori leuntzen saiatzeko neurri bat txertatu zen 2010eko irakasle eta ikertzaileen lan-hitzarmenean: sailean arduraldi partzialeko ordezko 2 kontratu egotekotan, sortzeko hurrengoa aurreko batekin batu behar zen arduraldi osoko kontratu bat osatzeko, hain zuzen ere. LOSU 2023ko martxoan indarrean sartu zenetik egoera okertu zen, EHUko gobernu taldeak egindako irakurketa zurrunaren bitartez. Izan ere, arduraldi osoko ordezko irakasleak kontratatu ezin zirela argudiatuta, irakasle plaza bat lortzeko lan-poltsetan zain zeuden irakasle askok miseriazko kontratuak onartzera behartuta ikusi zuten beren burua. Unibertsitateko sektore zabal batek beste irtenbide batzuk posibleak direla sinetsita (indarrean dagoen EAEko unibertsitate sisteman bitarteko irakaslearen irudia erabiltzen jarraitzea), ekimen batzuk garatu ziren EHUn gai honi irtenbide zuzen bat emateko eskatzeko; tartean, oso jarraipen handia izan zuten irakasle-ikertzaileen bi greba. 2024/25 ikasturtea aspaldi abiatuta, arazoa egoera berean mantentzen da. Sortu diren laguntzaile doktore plaza berriek sailetako lan-zama arindu dute eta lanpostu batera lehiatzeko zain zeuden irakasle-ikertzaile kopuru nabari bati egonkortzeko bidea ireki die, baina kaltetutako kolektibo horrek miseriazko soldatak kobratzen eta bere lan-atazen zati garrantzitsu bat aitortuta izan gabe jarraitzen du
IRIen soldataz eta ordainsari osagarri gehigarriez esan behar da Errektoretza immobilismoan kokatu dela. Irakasle-ikertzaileen soldatak baxuak dira EAEko funtzio publikoekin alderatuta. 2006an Eusko Jaurlaritza, UPV/EHU eta bi sindikatuk sinatu zuten ordainsari osagarri gehigarrien inguruko akordioa. Ordainsari sistema honek soldatak duintzea zuen helburu baina hobetzeko tarte handia du, soluzioaren zati bat kontratu-mota guztien oinarrizko soldatak igotzea izanik. Sistema sortu zenetik, osagarrien kantitateak ez dira eguneratu, erosahalmenean kalte handia eraginez. Lau urteetan sindikatu sinatzaileek, LABek eta STEILASek, errektoretza taldeari deialdiak normalizatzea eta kopuruak eguneratzeko eskaerak egin dizkiogu baina ez dugu erantzunik jaso eta ez da antzeman borondaterik horretarako. Ez dute beraien esku dagoen keinu sinpleena ere egin: deialdiak urte hasieran onartu Gobernu Kontseiluan.
UPV/EHUko, Ikertzaileen kolektiboan behin-behinekotasuna oso altua da: 1400 ikertzailek aldi baterako kontratua dute. Egungo errektoretzak ez du ikerketa-karrera garatzearen aldeko apusturik egin: azken lau urteetan ikertzaile iraunkor plaza kopurua 69tik 70era pasa da eta oraindik ikerketa-irakaslerik ez dago (irakasle osoen antzeko kategoria). Urte hauetan, hainbat demanda egin dira behin-behineko ikertzaileen soldaten inguruan, administrazioak galdu dituenak; besteak beste, soldatak EPIPFera (formakuntzan dauden doktorego-aurreko ikerkuntza pertsonalaren estatutua) egokitzeko LABek egindako demanda eta enpresa-kuota langileek beren gain hartzearen aurkako demanda). Prozesu judizial horietan guztietan, Errektoretza auzitegi goreneraino iritsi da, beste instantzia batzuetako epaiak langileen aldekoak zirenean. 2021ean sinatu zen aldi baterako ikertzaileei buruzko lehen akordioa. Bertan, doktorego-aurreko kolektiboaren soldata hobetzea adostu zen, eta doktorego osteko kolektiboaren maila-eskala bat ezarri zen, irakasleen kategorien antzekoa, mailaz igotzeko mekanismo bat barneratzen zuena. Sindikatuek behin eta berriz eskatu arren, egungo zuzendaritzak ez du aipatutako mekanismoa garatu. Ondoren, 2022an, doktorego-aurreko kolektiboari buruzko bigarren akordio bat sinatu zen. Akordio horretan, beranduenez 2024ko uztailean aplikatu beharreko beste soldata-igoera bat jasotzen zen, urtearen hasieran aplikatzeko aukera zabalik geratzen zelarik. Soldata-igoera hori berandu gauzatu zen, urrian, eta zuzendaritzak ez zuen igoera aurreratzeko negoziaziorik ere egin nahi izan.
Ikerketa-seiurtekoak eskatzeko eta kobratzeko behin-behineko IRIek duten eskubidearen inguruan Errektoretzak izan duen jarrera langileen demanda legitimoak judizializatzeko estrategiaren beste adibide bat da. Berriro ere, Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien langileei, Europako zuzentarau batek ezartzen duelako aldi baterako langileak eta langile iraunkorrak berdin tratatu behar direla. Aldi baterako irakasle-ikertzaileen gehiengoari seiurtekoak eskatu eta kobratzeko aukera zabaldu zaion arren, oraindik badago LABek bultzatutako prozesu judizial bat, eskubide hori beste kontratu mota batzuetara zabaltzeko eskatzen duena.
Gai batzuetan aurrerapausoak egon dira (aipatutako ikertzaileen lan-baldintzak, kontziliazio neurri batzuk…), nahiz eta sindikatuetatik proposatutako neurri garrantzitsu batzuk onartu gabe geratu diren. Hala ere, lan-baldintzekin harreman zuzena duten gai oso garrantzitsuetan negoziatzeko borondate eskasa dagoela ere aipatu behar da, hala nola JARDUN, LEPak egiteko irizpideak, kontratazio-araudiak, ordezkapen poltsak, etab. Bilerak ez dira gutxi izan, eta administrazioak proposamen batzuk onartu ditu, baina hasierako testuen egiturazko alderdietan aldaketak egiteko sindikatuen proposamen gehienak baztertuta utzi dituzte. Alderdi batzuetan negoziazioa egon da, baina, gehiegitan, negoziazioaren antzezpena ere, proposatutakotik harago ez joateko jarrera itxiarekin.