Osagarriak garaiz eta eguneratuta!

Pasa den Gobernu Kontseiluan 2.021eko ordainsari-osagarri gehigarrien deialdia onartu zen. Ekainaren 29an egingo den Gizarte Kontseiluak berretsi ondoren argitaratuko da.

LAB eta Steilas sindikatuok aspaldi salatzen ari gara osagarrien deialdia, 2.018tik hona, urtebetez sistematikoki atzeratzen ari dela, eta horrek osagarrien ordainketa atzeratzen duela. Osagarrien sistemak ezartzen duen bost urteko zikloa, de facto, sei urteko ziklo bihurtu dute eskatzeari dagokionez, eta zazpikoa kobratzeari dagokionez.

Beste behin esan beharrekoa da lansari-osagarri gehigarrien sistema hau EHUko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldata txikiak osatzeko edo konpentsatzeko modu bat baino ez dela, funtsean. Horregatik onartezinak iruditzen zaizkigu ematen diren atzerapenak.

Horregatik, LABek eta Steilasek, egoera normalizatzeko, 2.021eko deialdiko osagarrien ebaluazioa eta esleipena aurten bertan egitea exijitzen dugu.

Halaber, aipatu Gobernu Kontseiluan, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak aurten 2.022ko deialdia ere egiteko asmoa dutela esan zuen. Hala izan dadila! Osagarrien sistemak ezartzen duen bost urteko zikloa errespetatuko litzateke horrela eta baita Irakasle-ikertzaileen eskubideak bermatu ere. Steilas eta LAB sindikatuok hori horrela izan dadin lan egingo dugu. Hori dela eta, errektoreari ahalik eta lasterren 2.022ko deialdia Gobernu Kontseilura eramatea eskatzen diogu.

Bestalde, osagarrien sistema indarrean sartu zenetik, kantitateak eguneratu gabe daudela salatu behar dugu; langile publikoek izan duten soldata igoeraren araberako egokitzapenik ere ez dute izan. KPIa aspaldi ez bezala igotzen ari den honetan, irakasle-ikertzaileen erosahalmenaren galera murrizteko osagarrien kantitateak eguneratu behar direla aldarrikatzen dugu.  Osagarrien sistema ezarri zenetik % 29tik gorakoa izan da KPIaren igoera!

Osagarriak garaiz eta eguneratuta!

Erantzun bat “Osagarriak garaiz eta eguneratuta!” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.