2024ko otsailaren 12an, Berdintasun Zuzendaritzak IV. Berdintasun Planaren 2. zirriborroa aurkeztu zigun Batzorde Intersektorialean. Bilera hartan, LABek bi proposamen helarazi zizkion Administrazioari, bata bestearen ondorioa direnak:
1.– Aurkeztutako IV. Berdintasun Planaren zirriborroak ez zuen betetzen indarreko legeriak eskatzen duen gutxieneko edukia, benetakoa eta eraginkorra izan zedin. Hau da, garatu beharreko ekintza bakoitzean ez zen agertzen nola, nork, noiz, zein baliabiderekin etab. burutuko diren. Gainera, aurreikusitako ekintza bakoitzerako, horien betetze-maila zehazten laguntzen duten adierazleak ere falta ziren, baita hauek burutzeko aurreikusitako aurrekontua ere.
2.- LABek UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzari diziplinarteko talde bat sortzea planteatu zion, Euskal Herriko Unibertsitatearen egoerarekin bat etorriko zen berdintasun-plan eraginkor bat egiteko.
Horren aurrean, Berdintasunerako Zuzendaritzak Berdintasunerako IV. Planaren 2. zirriborroa bertan behera uztea erabaki zuen, eta beste zirriborro bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Azken zirriborro hau unibertsitate-komunitateari zabaldu eta egokitzat jotzen dituzten ekarpenak egin ditzaten epea irekitzea erabaki zuen. Epe hori martxoaren 1eko 14:00etan amaituko da.
UPV/EHUko LABeko liberatuok lanean ari gara UPV/EHUko IV. Berdintasun Planari ekarpenak egiten, baina, sindikatuaren afiliatuen zein nahi duzuen langileen ekarpenak ere kontuan hartu nahi ditugu eta beraz, hauek aurrez aurre gure bulegoetan edo posta elektronikoaren bidez helaraztea eskertuko genizueke. Ekarpen hauek otsailaren 28a baino lehen helarazi iezaizkiguzue, mesedez,, behin betiko testua egiteko denbora izan dezagun.
Horrez gain, LABek zuzenketa bat aurkeztu zion UPV/EHUko aurrekontu-aurreproiektuari, Berdintasun Planean aurreikusten diren ekintzak gauzatzeko partida propioa izan dezala eskatzeko. Administrazioak zuzenketa onartu du eta beraz, 2024ko aurrekontuetan Berdintasun Plana gauzatzeko partida propioa egongo da eta printzipioz, 30.000 eurokoa izango da.
Zuen ekarpenen zain, laster arte!