Lan erreformaren derogazioa geltoki garrantzitsua izanik ere, LABen azken helburua euskal langile guztiei lan duina bermatuko dien lan harremanetarako esparru propioa dela gogorarazi nahi du. Euskal Herriko langileon lan baldintzen, pentsioen edo zerbitzu publikoen inguruko erabakiak Euskal Herrian bertan har daitezen, burujabetza osoa aldarrikatzen dugu.
PSOE, Podemos eta EH Bildu alderdiek lan erreforma osoki derogatzeko akordioa egin zuten Espainiako Kongresuan. Gertakari garrantzitsu honen aurrean, LAB sindikatuak zera adierazi nahi du:
• Lan Erreformaren derogazioa euskal langileon lan baldintzak okertzeko tresna nagusietako bat izan da azken zortzi urteetan. 2012an gehiengo sindikalak Greba Orokorra deitu zuen haren kontra eta gerora Estatu osoko sindikalgintza batu zen Greba horretara. Geroztik asko borrokatu gara lan erreforma Euskal Herriko hitzarmenetan ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinaren alde egindako Greba Orokorraren aldarrikapen taularen puntuetako bat ere bazen lan erreformaren derogazioa.
• Euskal langileok 2012ko lan erreforma derogatzearen alde borrokatu dugu, eta atzo Madrilen lortutako akordioak langileentzat hainbeste galera ekarri zuen akordioa bertan behera osoki uzteak langile klasearen garaipen bat dela esaten dugu. Bizi dugun lan prekarietatearekin amaitzeko hartu beharreko erabaki bat da, euskal langilegoa eskertzen duena. Akordio honek agerian uzten du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) eratzeak lehentasunezko premia bat dela, eta burujabetza osoa lortzea beharrezkoa dela, Euskal Herrian bertoko egoera sozio laboralei bertoko tresna eta ikuspuntuarekin aurre egin ahal izateko, inongo injerentziarik gabe.
• Akordio honek erakusten du Euskal Herrian badagoela bere indarra Madrilen euskal langileen alde erabiltzen duen alderdi bat, langileok eta sindikatuok aldarrikatzen ditugun beharrak kontutan hartzen dituena. Aldiz, EAJk Confebasken interesak defendatzeko, AHT aurrera eramateko eta bere interes propioak asetzeko baino ez du Madrileko akordioak erabiltzen.
• LABek atzoko akordioa, hau da lan erreforma osoki derogatzea, betetzeko borrokatuko du, jakin badakigulako Estatu eta Euskal Herriko patronalak, botere ekonomikoak eta eskuineko alderdiek presioa egingo dutela akordio hau zapuzteko, atzo gertatu moduan PSOEren aklarazioa behartuz. Estatuko Gobernua eta hau osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos-ek dira akordioa gauzatu behar dutenak, eta LABetik exijitzen diegu adostutakoa betetzea eta lan erreforma osoki bertan behera uztea.
Horrekin batera Zapateroren Gobernuak 2010ean onartutako negoziazio kolektiboaren erreformaren derogazioa ere aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du, honek bidea ireki baitzuen estatuko lan hitzarmenek Hego Euskal Herrikoen aurretik lehentasuna izateko aukerari.
• Erakunde autonomiko, foral eta lokalak COVID19ak sortutako ondorioei baliabide gehiago izateko aukerak ere aurrera pauso bat dela uste dugu, egoera hau gaizkien pairatzen ari direnei laguntzeko bide ematen duena.
• EAE eta Nafarroako autonomia elkarteen zorpetze mailak beraien egoera finantzieroen arabera ezartzeak, hainbestetan aldarrikatu dugun esparru propioaren bidean doan neurri bat da, bertatik hartutakoa eta bertako egoeran oinarritutakoa, eta ez Estatuaren egoeraren araberakoa.