Enpresa handiek, konpainia energetikoek edota finantza erakundeek irabazi itzelak dituzten bitartean, euskal langileon lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute eta ez gaude prest ondasunaren banaketa bidegabea onartzeko. Ez gaude prest emakumeok* bakarrik arduratzeko zaintza lanetaz, ez dugu onartzen enplegu prekarioak bereziki langile migratu eta arrazializatuen ardura izatea. Lantoki nahiz sektore mailan borrokarako gaitasuna erakutsi dugu, horretan jarraitzen dugu. Tokian tokiko borrokak eta langile guztien aldeko neurri orokorrak, biak dira beharrezkoak pertsona ororen oinarrizko beharrei erantzuteko.
LANGILEEN ALDEko NEURRIAK
1.600 euroko gutxieneko soldata
Egun, enplegu bat izatea ez da pobreziaren arriskutik urruntzeko bermea. Prekarietatea geroz eta hedatuago dago eta handitzen ari da langileen arteko aldea, enpleguari dagokionean, lan baldintza duinak dituzten eta ez dituztenen artean. Soldatarik baxueneko eremuetan emakumeen*, langile migratu edota arrazializatuen zein gazteen presentzia handia da. Soldatak hobetu egin behar dira aberastasunaren birbanaketa egokiago baterako. Bertako gutxieneko soldata ezar daiteke negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez.
30 orduko lanaldia
Jardunaldi murrizketa ezinbesteko erronka da: digitalizazioak ekarriko duen enplegu suntsiketari erantzuteko, krisi ekosozialak eskatzen duen trantsizioari ekiteko, eta zaintza krisiari aterabidea emateko. Azken horri dagokionean, zaintza lanak aitortu, banatu eta kolektibizatu egin behar dira, zaintza guztion ardura delako. Enpleguari eskainitako denbora murriztu behar da, 30 orduko lanaldira jaitsi, eta zaintzarako lizentzia eta baimenak sustatu.
Zerbitzu publikoak indartu
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egiten diegu zerbitzu publikoak indartu ditzaten: enplegu publikoa sortu eta dagoena egonkortu, baliabideak handitu, ratioak hobetu eta pribatizatutako zerbitzuak lehengoratu. Lehentasunez, eremu hauetan:
- Zaintza
Zaintza lanen banaketa justua egin behar da. Sistema publikotik esku pribatuetan jarri diren zerbitzuak berreskuratu behar dira eta publifikazio planak garatu. Gobernuei exijitzen diegu zaintza sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa sustatu dezatela, horretarako langileen lan baldintzak eta ratioak hobetuz.
- Hezkuntza
Euskal Eskola Publiko Komunitarioa edota Euskal Herriko hezkuntza-sistema burujabea – sare publiko bakar eta deszentralizatua – eraikitzeko bidean eskumen gehiago behar dugu, euskararen normalizazioaren aldeko lege eta araudi berriak, eta eskola publikoa sistemaren ardatz bilakatzea.
- Osasuna
Osasun Sistema Publikoa indartzea eskatzen dugu: pribatizazio eta kontzertazioarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzea; langile gehiago kontratatzea; premiaz lehen arretaren egoera hobetzea; buru-osasun arazoen prebentzio eta arretarako bitarteko gehiago; osasun sistema euskalduntzeko plana garatzea.
- Etxebizitza
Prezioak jaisteko neurri zehatzak sustatu eta alokairu publiko eta soziala areagotu behar da. Merkatuaren logikatik askatuko den etxebizitza politika aldarrikatzen dugu, etxebizitza duinerako sarbidea bermatzea langileentzat.
Lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak hemen erabaki behar ditugu
Lehentasunezko neurri horiek guztiak bideragarriak dira eta hemen erabaki beharreko gaiak dira, ditugun eskumenetatik abiatu eta erabakimen gehiagoren premiari helduz. Lantokietan, kalean zein instituzioetan, langileen alde indar egiteko unea da.