Langileon osasuna bermatu, Balluerka busti zaitez!

UPV/EHUko Errektore-taldeak zenbait AZPri eta IRIri datorren astelehenean haien lanpostuetara itzultzeko proposamenak bidali dizkie, aldez aurretik langilegoaren ordezkariekin inolako bilerarik eta jakinarazpenik egin gabe.

Hau, beste behin ere, pandemiari aurre egiteko hartutako beste neurri eta modu autoritario baten segida baino ez da. Gogoratu dezagun UPV/EHUn, Jaurlaritzaren ereduari jarraituta, Krisi Batzorde izenekoa martxan jarri zutela. Bertan Errektore taldeko hainbat kidek, hainbat ikastegitako dekanok eta zuzendarik eta Gerenteak hartzen dute parte; hots, langileen ordezkaririk gabe ezta Prebentzio Zerbitzuko inoren parte hartzerik  gabe.

LABek, bere lehen komunikatuan esan bezala, erantzukizunez jokatu du denbora guzti honetan zehar, baina horrek ez du esan nahi sindikatuak UPV/EHUko Administrazioari txeke zuria ematen dionik nahi duena nahi duen eran egiteko, ezta gutxiago ere.

Denbora tarte honetan LABek hainbat eskaera egin ditu, eta horiei esker zenbait gauzaren berri eduki dugu (oinarrizko zerbitzuetan izendatutako langileen zerrenda, adibidez), baina beste batzuen berri ez zaigu eman (garbiketako langileek zein lan-segurtasun eta osasun baldintzetan lan egin behar izan duten, esaterako).

Iragan astean, Zuzendaritzak (edo Krisi Batzordeak?) prestatutako Itzulera Planaren berri emateko bilera informatiboa deitu zuen Gerenteak, eta 24 orduko epea eman zuen “ekarpenak” egiteko. Iragan asteko astelehenean, sindikatuekin negoziatu gabe, argitaratu zuten plana. Azkar, azkarregi eta behar bezalako baldintzak ziurtatu gabe, aurrez aurreko lanera itzultzeko erabakia hartu dute, beste behin ere, langileen ordezkariekin negoziatu gabe.

LABek, aurreko astean bertan eta egunotan, bi eskaera luzatu dizkio Gerenteari berari: bata, osasun-datuen berri emateko medikua@ehu.eus helbideak ez dituela betetzen norberaren datuak  babesteko beharrezko segurtasuna eta beraz hori konpontzeko beharra eta, bestea, datorren astelehenean aurrez aurreko lanera itzultzeko talde kalteberetako hainbat langile deituak izaten ari zirela, eurek prestatutako Itzulera Planean jasotakoaren aurka. Gaur da eguna egindakoaz eta eskatutakoaren berririk ez dugula.

Testuinguru honetan, gaur, Gerenteak, bilera bat (zein organoetakoa den zehaztu gabe) deitu ditu sindikatuak datorren astelehenerako, goizeko 11:30etan, “Itzulera Planaz” hitz egiteko. Deialdian ez dago ez dokumentaziorik ez bestelako zehaztapenik.

LABek argi utzi nahi du ez duela onartzen jarrera autoritario eta ez demokratiko hau. Eta horregatik, bere eskaera nagusiak publiko egitea erabaki du. Aurreko komunikatuan esan bezala, ez dugu inolako biderik baztertzen langileen eskubideak babestu eta bermatzeko, OSASUNERAKO eta LAN BALDINTZA EGOKIETARAKO ESKUBIDEAK lehentasun osoa dituztelarik. Gure Osasuna ez dago salgai.

UPV/EHU, LANGILEON OSASUNA BERMATU!

BALLUERKA, BUSTI ZAITEZ!