LOSU eta ordezko irakasleak: prekaritatea handitzeko benetako arriskua

LOSUren aplikazioak ondorio sakonak izango ditu EHUn. Hurrengo hilabete eta urteetan aldaketa garrantzitsuak gauzatuko dira hainbat arauditan, eta EHUko antolaketan, gobernantzan eta langileon lan-baldintzetan islada izango dute. LABetik jarraipen estua egin genion LOSUren garapenari eta orain buru-belarri ari gara LOSUren inplementazioaren jarraipenean. Izan ere, alderdi garrantzitsu asko definitu behar dira eta mehatxu argi batzuk daude. Haien artean, ordezkapenak egingo dituzten irakasleen lan-baldintzak eta soldatak.

LOSUren 80. artikuluak ordezko irakasle figuraren ezaugarri batzuk ezartzen ditu. Haien artean, garrantzitsuena, ordezko irakasleak irakaskuntzara mugatuko direla (ordezkatzen duten irakaslearen klaseak ematera, hain zuzen ere). Modu honetan, ikerketa eta egiturazko kudeaketa lana egin ahal izatea ukatzen zaie, ordezkapenaren iraupena edozein izanik ere.

Honen aurrean, lehenbailehen erantzun beharrezko hainbat galdera sortzen zaizkigu:

  • Zein figurarekin kontratatuko ditu EHUk ordezko irakasleak?
  • Zein aktibitate eta zenbat ordu aitortuko zaizkie arduraldi osoko ordezkapenak egingo dituzten irakasleei?
  • Zein izango da erreferentziazko soldata?
  • Zer egingo da ordezkapen poltsetan dauden pertsonek egindako aukerekin? Izena eman zutenean, “arduraldi osoa” aukera beste baldintzei lotuta dago gaur egun…
  • Irakasle-ikertzaileon lan-hitzarmenean honako hau jasotzen da: “Sail berean ordezkapenak egiteko arduraldi partzialeko bi kontratu badaude, eta behar berriak sortzen badira plantillako lanpostuak betetzen dituz­ten pertsonak arduraldi partzialean ordezkatzeko, ar­duraldi osoko kontratuak egingo dira”. Nola kudeatuko da puntu hau hemendik aurrera?
  • Hutsik dauden plazak hemendik aurrera okupatuko dituzten ordezko irakasleekin zer gertatuko da? Zein irizpide eta soldata aplikatuko zaie?

Ziurgabetasun egoera honetan, kaltetuak izango diren langileek erantzunak behar dituzte. EHUko zuzendaritzak lehenbailehen argitu behar du zein baldintzatan egongo diren langile hauek.

LABen gai hau aztertzen ari gara eta proposamen bat garatzen ari gara. Momentu honetan afiliazioarekiko eztabaida prozesuan gaude, iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Hurrengo egunetan zabalduko dugu ordezko irakasleen gaiaren aurrean LABen proposamena.

Argi daukaguna da ezin dela atzerapausorik eman arduraldi osoko ordezkapenen kasuetan eta, jakina, arduraldi partzialeko ordezko irakasleen miseria-soldatak nabarmen handitu behar direla, behin eta berriro eskatu dugunez.

Informatuta mantenduko zaituztegu. Asko dago jokoan.

EHUko langileen defentsan, prekarizaziorik ez!