ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deitutako manifestazioetan zerbitzu publikoen pribatizazioarekin amaitzeko eskatu dute ehunaka hiritarrek.
ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAK sindikatuek deituta, sektore publiko osoan burututako mobilizazioen eta apirilak 22ko greba-egunaren ostean, Eusko Jaurlaritzak, instituzioek eta alderdi politikoek ez diete erantzunik eman sindikatuok eta greba eta mobilizazio horietan modu aktiboan parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langileek egindako eskaerei.
Egoera honen aurrean, sindikatuok horrela eskatuta, alderdi politikoekin bilduta izan gara azken egun hauetan. Bilera horietan enplegu publikoaren defentsan konpromisoak har ditzaten eskatu diegu alderdi politikoei, besteak beste, sektore publikoan behin-behinean lanean dauden langileen kontsolidazioan. Eusko Jaurlaritzari eta Eudeli ere bilera eskatu diegu, baina, tamalez, bilera horiek ezin izan dira egin; Eudelen kasuan bilera ukatua izan dela azpimarratu nahi dugu.
Sindikatuon iritziz, lotsagarria da Eusko Jaurlaritzaren eta Eudelen jarrera. Erakundeetako agintariek sortu dute gaur egun enplegu publikoan dagoen arazoa, eta beraien ardura da soluziobide egokiak proposatzea. Tamalez, sindikatuon aldarrikapenei entzungor egiten jarraitzen diete; bilera eskaera ukatu izanak edo ez erantzuteak erakunde hauek duten jarreraren adierazle argiak dira, zalantzarik gabe.
Eusko Jaurlaritzak, propaganda-adierazpenak alde batera utzita, langile horiek kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen du, eta, Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du. Legebiltzarrean, Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamen baten alde egiten jarraitzen du. Proposamen hori ez da nahikoa, eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten ditu. Ez Mahai Orokorrean, ez eta mahai sektorialetan ere, ez du enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen.
Gaurko manifestazioan esan dugun bezala, enplegu publikoa sortzeko eta egonkortzeko mobilizatzen jarraitu beharko dugu. Eusko Jaurlaritza, erakunde publikoek eta alderdi politikoek milaka langileon aldarria aintzat hartu eta enplegu publikoaren defentsan proposamen eraginkorrak mahaiaren gainean jartzea ezinbestekoa. Helburu hori lortu arte, behar diren mobilizazio eta greba-egunak bultzatzen jarraituko dugu.
Bideo hau ere interesgarria izan daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=1beBcny5vMM