Irakasleen ordezkapen poltsen araudia aztertzen ari da, detektatutako alderdi batzuk hobetzeko eta detektatutako arazo batzuk konpontzen saiatzeko. Dokumentu honetan LAB sindikatuak proposatutako aldaketa nagusiak aurkezten ditugu. Moldaketa txiki batzuk egitetik harago, araudiaren aldaketa hau aprobetxatu behar da beharrezkoak diren aldaketa sakon batzuk egiteko. Kaltegarriak diren inertzia batzuekin apurtzeko momentua da. Ordezkapen sistema aproposa ezinbestekoa da EHUk irakaskuntza ahalik eta era onenean emateko baita sailen funtzionamendua ez gainkargatzeko eta irakasleen lan-baldintzak zaintzeko ere.
LABek proposatutako aldaketen helburuak hiru dira nagusiki:
- prozesuaren bermea eta gardentasuna handitzea. Ziurgabetasuna handia da hautagaien artean, eta erreklamazioak ez dira gutxi, horrek ekartzen duen gain-lanarekin.
- diskrezionalitatea gutxitzea. Diskrezionalitaterako tartea handia da, bereziki irizpideak eta haztapen faktoreak ebaluazio batzordeen esku utzita. Diskrezionalitate hori mugatuagoa izanda prozesuak berme handiagoa izango luke eta gardenagoa izango litzateke.
- prozesua sinplifikatzea eta denbora aurreztea. Prozedura eta irizpideak ondo garatuta eta finkatuta, meritu bakoitza behin bakarrik ebaluatzea eta datu-base batean gordeta geratzeak lan asko aurreztuko du hurrengo deialdi eta ebaluazioetan.
Araudi berria aldaketa kualitatiboa egiteko aukera da, urte askotan zehar identifikatutako egoera gatazkatsuei eta hutsuneei aurre egiteko.
Araudi berria hobetzeko egingo dugun lan inbertsioa ehundaka irakasleei hurrengo urteetan lan-ordu asko aurreztea suposatuko litzaieke. Moldaketa txiki batzuk egiteaz harago, orain egin behar dugun esfortzuak langile askorentzako hobekuntza nabaria izango da, ordezko moduan arituko direnentzat zein ebaluazio batzordeetan egoteko esleituko zaienentzat ere. Horretarako, ekintza batzuk aurrera eraman behar dira, sailen inplikazioa ere behar dutenak.
Era berean, bermatu behar da ordezkapen-poltsak kudeatzen duen zerbitzua behar dituen baliabideekin hornituta dagoela (pertsonala zein materialak).
Eskatutako aldaketak (jarraian dago bakoitzaren azalpena):
1- Merituak behin ebaluatu behar dira
2- Irizpideak sailak definitu behar ditu
3- Espezialitateen arteko kidetasun-haztapen faktoreak unibertsitateak definitu, eta ez ebaluazio batzordeek
4- Irizpide zehatzak deialdiarekin batera argitaratu behar dira
5- Ebaluazio batzordeak osatzeko kideak aukeratzeko prozedura zehaztua eta txandakakoa
6- Elkartuak ezin dira ordezkatu ordezkapen poltsen bidez
7- Zerrenda bakar bat egon behar da eta doktore izatea gehiago baloratzea
8- Euskaraz izandako merituei puntuazioa handitzea
9- Berme batzorde bat egon behar da erreklamazioak aztertzeko, non sindikatuak presente dauden
1- Merituak behin ebaluatu behar dira
2026 urtean egonda ez du zentzurik meritu bera batzuetan ebaluatzeak. Denbora galera hutsa da.
Merituak ebaluatu behar dira, informazio hori digitalizatu eta datu-base batean geratu behar da.
Deitutako ordezkapen-poltsak eguneratzearekin bukatu behar da. Poltsak deitu behar dira maiztasun batekin (urtero edo bi urtero) nahi duten pertsona guztiek izena eman ahal izateko. Jada poltsan dauden pertsonek meritu berriak aurkeztuko dituzte eta bakarrik meritu horiek ebaluatuko dira eta puntuazioak gehitu. Izena ematen duten pertsona berriek beren meritu guztiak aurkeztuko dituzte eta dena ebaluatuko da. Atalen batean puntuazioa saturatzen bada (hautagai batek edo batzuek gehienezko puntuaziora heldu) egin beharreko haztapena egingo da.
Prozedura honen bitartez, meritu bakoitza bakarrik behin ebaluatuta, denbora asko aurreztuko dute ebaluazio batzordeek.
Merituak behin ebaluatuko direnez, ibilbide osoko meritu guztiak ebaluatuko dira, eta ez bakarrik azken 10 urteetakoak.
Horrez gain, prozedura horrek ziurtasuna emango lieke hautagaiei: badakite zenbat puntu duten eta aurreikus dezakete hobeto zein puntuazio lortuko duten deialdi berrian.
Deialdi berriak deitzea eta aldi berean zerrendak handitzea bukatuko litzateke prozedura berriarekin, administrazioari ere sistematika sinplifikatuz. Neurri batean, proposamen hau orain dauden bi prozedura horien arteko erdibidea da, sinpleagoa eta dinamikoagoa.
Meritu bakoitza behin ebaluatzeak ondo ebaluatu behar dela exijitzen du. Gaur egun, kasu askotan, ebaluazio irizpideak aldakorrak izanda, hori ez da posible. Izan ere, ordezkapen-poltsa berarako denboran zehar sortutako ebaluazio batzorde ezberdinek irizpide ezberdinak aplikatzen badituzte hori ezin da bermatu. Beraz, irizpideak (espezialitateen arteko haztapen faktoreak barne) oso ondo definituta egon behar dira. Horretarako, irizpideak ezin dira egon ebaluazio batzordearen esku egon.
2- Irizpideak sailak definitu behar ditu
Ordezkapen-poltsen araudian irizpide orokorrak jasotzen dira, baina alderdi asko gehiago zehaztu behar dira. Jakintza arlo eta espezialitateen artean berezitasunak daude bakoitzaren izaeragatik. Hori dela eta, ezberdintasunak egotea onargarria da, eta irizpideak aplikatzeko orduan zehaztapenetan islatuko lirateke. Sailen edo arloen artean irizpide espezifiko horietan ezberdintasunak onargarriak dira, baina ez sail edo arlo baten ebaluazio batzordeen artean. Batzordea osatzen duten hiru kideen arabera, sail/arlo bereko ebaluazio batzorde batetik bestera irizpide ezpezifiko ezberdinak egotea onartezina da. Horrek ziurtasunaren kontra doa eta diskrezionalitateari tarte askoz handiagoa uzten dio.
Are gehiago, irizpide espezifikoak finkatuta, prozesua azkarragoa izango litzateke, ebaluazio batzordeak ez bailuke definitu behar izango: aplikatzera pasatuko litzateke zuzen, eta, kasu batzuetan non zalantzak ager daitezkeen, interpretatzera. Ebaluazio batzordeak interpretatzeko tartea izango luke, ager daitezkeen kasuistika/egoera oso ezberdinak izan baitaitezke eta egoera horiek guztiak ezin baitira aurretik zehaztu.
Zentzu horretan egiten den proposamena honako hau da: sailaren kontseiluak onartuko ditu ordezkapen-poltsak aplikatzeko irizpide zehatzak. Irizpide zehatzak dira araudiak definituta ez daudenak. Adibide batzuk jartzeagatik:
– Ikerketa artikuluak: araudiak zehazten du ikerketa artikulu baten puntuazioa 1 eta 3 puntuen artean izan behar dela. Sailak definituko du nola zehaztuko den puntuazio zehatza. Adibidez:
- 3 puntu: Q1 eta hautagaia lehen edo azken egilea.
- 2,5 puntu: Q2 eta hautagaia lehen edo azken egilea, edo Q1 eta hautagaia ez da lehen edo azken egilea.
- 2 puntu: Q3 eta hautagaia lehen edo azken egilea, edo Q2 eta hautagaia ez da lehen edo azken egilea.
- 1,5 puntu: Q4 eta hautagaia lehen edo azken egilea, edo Q3 eta hautagaia ez da lehen edo azken egilea.
- 1 puntu: Q4 eta hautagaia ez da lehen edo azken egilea.
– Kongresuak: araudiak zehazten du ponentzia bat puntu 1 dela eta komunikazio bat 0,5 puntu direla. Sailak zehaztuko du puntuazioa beste irizpide batzuen artean. Adibidez:
- 1 puntu: ponentzia/ahozko aurkezpena nazioarteko kongresuan hautagaiak eginda
- 0,75 puntu: ponentzia/ahozko aurkezpena kongresu nazionalean hautagaiak eginda
- 0,5 puntu: komunikazioa (poster, flash presentation…) nazioarteko kongresuan hautagaiak eginda
- 0,25 puntu: komunikazioa (poster, flash presentation…) kongresu nazionalean hautagaiak eginda
- 0,15: ponentzia edo komunikazioa non hautagaia egileen artean agertzen den baina berak ez du aurkeztu.
Sailaren/arloen kideek landuko lituzkete proposamenak eta sailaren kontseiluak onartuko lituzke. Irizpide zehatz horiek aplikatuko lituzkete ebaluazio batzordeek.
Irizpide horren onarpena, adostasunez ez bada, bozketaren bidez izango litzateke.
Behin irizpide zehatzak definituta, ikus daiteke doikuntzak egin behar direla. Kasu horretan, aldaketa horiek ere sailaren kontseiluan onartuko lirateke eta, hurrengo deialdian, aplikatuko lirateke. Aurreko deialdietan puntuatutako merituak zeuden moduan utziko lirateke, prozesua ez korapilatzeagatik, eta, hautagaiei begira, ziurtasuna emateagatik. Edozein kasutan, saiatu behar da erabakitako irizpideak gutxieneko urte batzuetako iraupena izatea.
3- Espezialitateen arteko kidetasun-haztapen faktoreak unibertsitateak definitu, eta ez ebaluazio batzordeek.
Araudian jasotako haztapen faktore posibleak (1 – 0,8 – 0,5 – 0,1 – 0) espezialitateen arteko taula batean jasota egon behar dira, EHUk definituta. Gaur egun indarrean dagoen araudian (2022ko maiatzekoa), honako hau jasotzen da:
DISPOSICIÓN ADICIONAL QUINTA
La UPV/EHU establecerá un catálogo de áreas afines y sus grados de afinidad, iniciando el proceso en un plazo de tres meses desde la publicación de este reglamento, con el compromiso de su establecimiento antes de mayo de 2024.
Hala ere, 3 urte eta erdi beranduago, oraindik ez da mugimendu bat egin prozedura hori martxan jartzen hasteko, nahiz eta LABen aldetik hainbatetan eskatu urte hauetan. Argi eta garbi dago Administrazioak ez duela bere araudian jasotako bete.
Jakintza eremu eta espezialitateen zerrenda garatzen ari omen da aspaldidanik Ministerioan, baina oraindik ez da aurreikusten laster definituta eta argituta egotea. Beraz, ezinbestekoa da espezialitateen arteko kidetasun taula garatzea. Horretarako jakintza arlo bakoitzean lan-talde bat sortu behar da proposamen bat garatzeko, hainbat gunetan ekarpenak egiteko eta Gobernu kontseiluak onartzeko. Momentu horretatik aurrera, ebaluazio batzordeek haztapen faktore horiek aplikatu beharko lituzkete.
Haztapen faktoreak aplikatuko lirateke beharrezkoak diren ataletan bakarrik. Aplikazio atalak eta azpiatalak ordezkapen-poltsen araudian zehaztu behar da. Adibide bat jartzeagatik, lan-esperientzia atalean aplika daitezke irakatsitako irakasgaiei edota ikerketa merituen atal gehienetan. Hala ere, ez lirateke aplikatuko beste atal batzuetan, adibidez, irakaskuntzari edo kudeaketari lotutako merituetan, edota zeharkako formazioari lotutako merituei…
Espezialitateen arteko haztapen faktoreen taula hurrengo ordezkapen-poltsen deialdia baino lehen prest egon beharko litzateke. Hau da, 2026ko maiatzerako. Lan hori garatzeko denbora dago, prozesua laster martxan jartzen bada.
4- Irizpide zehatzak deialdiarekin batera argitaratu behar dira
Irizpide orokorrak araudiak daude, baina sailak definitzeko irizpide zehatzak ere publikoak izan behar dira deialdia egitean, gardentasuna eta ziurtasuna bermatze aldera.
5- Ebaluazio batzordeak osatzeko kideak aukeratzeko prozedura zehaztua eta txandakakoa
Sail barruko egoerak oso ezberdinak dira eta ebaluazio batzordeen kideak aukeratzeko prozedura zurruna ezin da ezarri. Hala ere, gutxieneko prozedura egon behar da, malgua bada ere. Eta txertatu beharreko elementua da txandakakoa izatea. Kasu batzuetan, irakasle batzuei gehiegitan egotea esleitzen zaie, beste batzuetan egon daitezke egoerak non irakasleren batek beti egotea nahi duen, ebaluazioaren emaitzan eragina izan ahal izateko.
Irizpide orokorrak eta zehatzak definituta egongo dira. Beraz, aplikatu baino ez dute egin behar izango (eta egoera ez aurreikusiei buruz erabaki, ekidinezina den diskrezionalitate tarte horretan). Modu horretan, batzordeetan egoteak eskatzen duen lana batzordea osa dezaketen irakasle guztien artean banatuko da.
Ordezkapen-poltsen araudiak jaso behar du ebaluazio-batzordea osatzeko prozedura bat egon behar dela, sailaren kontseiluak onartu behar duena, ebaluazio batzordeetan egon daitezkeen kideen bozken bidez. Prozedura hori hurrengo ordezkapen-poltsen deialdia baino lehen onartuta egon behar da. Izan ere, deialdia ateratzean ebaluazio batzordearen osaera argitaratu behar da.
6- Elkartuak ezin dira ordezkatu ordezkapen poltsen bidez.
Irakaskuntza esleitzeko EHUko araudiak honako hau jasotzen du 9. artikuluan: “irakasle elkartuei dagokien irakaskuntza ezingo da banatu irakasle-ikertzaileen gainerako kategorien artean. Salbuespen izango dira beste irakasle kategoria batzuk, baldin eta unibertsitatetik kanpo izandako jarduera baten ondorioz irakaskuntza horretan espezialistatzat hartzen badira. Antzeko jarduera duen irakasle elkartu bat baino gehiago egonez gero, 5. atalean adierazitako arau orokorrei jarraituko zaie.” (atal horrek irakaskuntza aukeratzeko irakasleen arteko lehentasunak zehazten du).
Elkartuak unibertsitatetik kanpo lan egiten duten profesionalak dira. Profil hori ezin du ordezkatu ordezkapen poltsetan dagoen pertsona batek, kasu askotan eskarmentu gutxi daukana eta, kasu gehienetan, lan-eskarmenturik ez lanpostu horri lotutako irakasgai zehatzetan.
Elkartuen ordezkapenak beste kanpoko profesional baten bidez betetzen saiatu behar da. Posiblea ez den kasuetan saileko irakasle-ikertzaile iraunkorrek irakatsiko lukete, behin-behineko eran, irakaskuntzan eskarmentu handiago izateagatik. Ordezkoak eska daiteke, baina oinarrizkoagoak diren irakasgaiak emateko, eta ez elkartuak esleituta zeuzkan irakasgaiak emateko.
7- Zerrenda bakar bat egon behar da eta doktore izatea gehiago baloratzea
Bi zerrendak ezartzeak ez du ondorio positiborik izan, nahasmena sortu du eta, kasu batzuetan, zerrenda bat ebatzi da eta bestea ez.
Zerrenda bakar bat egon behar da, non doktorea izateari puntu gehiago emango zaion. Proposamena doktore izateari puntuazioa zertxobait igotzea da:
| Doktore titulua | Araudian jasota dagoena | Proposamena |
| Cum laude | 12 | 15 |
| Bikain | 10 | 12 |
| Beste kalifikazio batzuk | 8 | 10 |
| Nazioarteko tesia | 2 | 3 |
| Euskarazko tesia (ez bada erabili Euskara atalean C2 titulua 2,2 puntuak lortzeko) | 2 | 2,2 |
8- Euskaraz izandako merituei puntuazioa handitzea.
Euskaraz argitaratutako irakaskuntza zein ikerketa eta dibulgazio materialei puntuazio handiagoa eman behar zaie, zein beste merituei. Meritu horiek 1,5 biderkatu ordez, 1,7-rekin biderkatzea proposatzen da.
Euskara gaitasunak hobetzeko ikastaroei puntuazioa ere handitu behar zaie.
Irizpide hau bakarrik aplikatuko da hautagaia C1 ziurtagiria badu, talde batek egindako lanagatik euskalduna ez den pertsona batek onura hori ez jasotzeko, ez baitu berak euskaraz egin. Adibidez, euskaraz egindako GrAL, MAL edo doktorego tesia (ko)zuzentzeagatik, bakarrik aplikatuko litzaioke C1 badu, edota artikulu bat euskaraz argitaratuta badu, non egileen artean agertzen den, bakarrik aplikatuko zaio euskarari lotutako faktorea C1 badu.
9- Berme batzorde bat egon behar da erreklamazioak aztertzeko, non sindikatuak presente dauden.
Prozesuaren gardentasuna babesteko, behin hautagaien zerrenda argitaratuta epe bat egon behar da hautagaiek erreklamazioa aurkezteko eta epe bat erreklamazio batzordeak kasua aztertzeko eta ebazteko. Sindikatuei informatuko zaie eta aukera emango zaie batzorde horretan parte hartzeko horrela beharrezkotzat hartzekotan.
Aurreko puntuetan aipatutako alderdiak aplikatuta (irizpideak zehaztuagoak eta gardenagoak), espero daiteke erreklamazioen kopurua nabarmen jaistea.