2026ko lanaldia, aukera galdua

Iragan asteetan, administrazioak deituta, 2026ko lanaldia ezartzeko batzarretan murgilduta ibili gara. Lan egiteko baldintzen hobekuntzan aurrera egiten duen zirkular baten irakurketa positiboa egin nahiko genuke, baina zoritxarrez ez gatoz horrelakorik egitera. LABek ez du babestu 2026ko lanaldia.

2025eko lanaldiari baiezko kritiko bat eman genion. Jakina, ez zen guk egingo genukeen zirkularra, baina egia da onura batzuk ikusten genituela, alegia, gerentzia berriak norabide egokian zihoan zirkularra aurkeztu zuela iruditu zitzaigun. 2026rako baldintza hobeetan egiteko aukera izango genuela uste genuen, denbora gehiagorekin lanaldiaren erabaki txukunago bat aurrera eramateko aukera izango genuela. Bada, ez da horrela izan, zoritxarrez.

Iazkoarekin alderatuta, positibotzat har dezakegun gauza bakarrenetakoa lanaldi malgutasuna da, hots, derrigorrezko presentzialtasuna murriztu egiten dela, ondorioz kontziliazioa errazten delarik. Era berean, aitortu behar dugu, LABek urtero aldarrikatu duen itxieren kontrako jarrera isladatuta ikusten dugula oraingoan, horrela, beste gauza batzuen artean, langileon opor guztiak noiznahi hartzeko eskubidea bermatzen delarik.

LABen ezin dugu onartu langileon baldintzak okerrera egitea: 2026 urterako, TEKAZELok 41 ordu gehiagoko lanaldia izango baitugu. Telelanerako baldintzak bere horretan jarraituko dutelarik ere nahiz eta LABek 2025an telelanean aritzeko kopurua handitzea (80 izatetik 130 izatera pasatzea eskatu duen. Gainera, negoziazioen hasieran urrutiko lanean aritzeko egitasmo ireki eta gure iritziz oso positiboa zena aurkeztu, eta azken momentuan erretiratu zuten, gure harridurarako.

Beraz, LABen argi eta garbi esan nahi dugu lanaldi hau ez dela gure gustokoa. Badira hiruzpalau urte lanaldiaren murrizketa eskatzen ari garela, 2030. urtean 30 lan-ordutara iristeko bidea ireki behar dela, aurrerapausoak urtero eginez. Ondorioz, oso zaila egiten zaigu gerentzia taldeak aurkeztu duen lanaldi hau ulertzea, nahiz eta gorago esan bezala, 2025ean onartu ziren onurak barnebiltzen dituen.

Azkenik, aipatu nahi dugu errektoretza talde berriak bere programan bazituela oso positibotzat hartzen genituen neurri batzuk, galdutako erosahalmenaren berreskuratzea besteak beste. Hortaz, hori epe laburrean erdiesteko zailtasun nabarmenak ikusita, benetan uste dugu administrazioak bazuela oraingoan TEKAZEL langileoi keinua egiteko aukera, langileon lan baldintzen hobekuntzaren bidean aurrera egiteko aukera erreza eta finantzaketa estrarik gabekoa gainera. Eta horixe aurkeztu genion Administrazioari LAB, Steilas eta CGT sindikatuok.