Osagarriak, zertan dabiltza

KOMUNIKATU BATERATUA: LAB eta STEILAS
Gaur goizean, gutako askok Etxaniz errektore-ordearen jakinarazpen bat jaso dugu, ordainsari-osagarrien aurtengo deialdiaren eskaerak ebazteko epea eteten duena. Gainera, atzo ezagutu genuen, Eusko Jaurlaritzak 2016 urterako prestatu dituen aurrekontuen aurreproiektuan, 2015ekoarekin konparatuz gero, osagarrientzako diru-partidan bi milioi eta erdiko murrizketa ageri da. Kontuan izanda aurten deialdiak berrabiarazi direla, eta beraz jasotzaile gehiago izango garela… Nola ulertu behar ditugu albiste hauek? Zer asmo ezkutatzen dute erabaki hauek?
Errektore-ordeari deitu diogu azalpenak eskatzeko; bere esanetan, jakinarazpena prebentzio-neurri bat baino ez da izan, “administrazio-isiltasun” delakoak arazorik eman ez dezan, eta deialdia aurrera ateratzeko konpromisoak bere horretan dirauela ziurtatu digu. Are gehiago, dituzten aurreikuspenen arabera A-B motakoen ebaluazioak martxorako burututa izango dira, eta C motakoak urtea amaitu baino lehenago (horrela C hauek 2016ko urte hasieratik kobratzen hasteko).
Honen guztiaren aurrean, LABek eta steilas-ek hurbileko jarraipena egingo diogu deialdi honen bilakaerari, atzera pausorik ez egoteko. Era berean, bi sindikatuok argi dugu eutsi behar diogula kolektibo osoarentzat 2013an abiarazi genuen bide juridikoari, 2011-2014 tarteko deialdiak izateko eskubidea erreklamatzeko.
Zentzu horretan, aipatu beharra dago urriaren 26an urrats berri bat eman genuela, gure aldeko 4/2014 sententziaren gaineko egikaritze intzidentea abiatu baikenuen EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Horrekin batera, gure zerbitzu juridikoek Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa inpugnatu dute Madrilgo Epaitegi Gorenean.
Baina bide juridikoaz gain, lan sindikala egiten jarraitzen dugu: bilera eskatu dugu Hezkuntza Sailarekin, eta ez dugu baztertzen mobilizazio kanpaina bat abian jartzea epe hurbil batean, beharrezko ikusiz gero.

OSAGARRIAK ORAIN ETA MURRIZKETARIK GABE!

SOLDATA DUINAK IRAKASLE ETA IKERTZAILE GUZTIONTZAKO!