Martxan da azkenean 2018ko deialdia. Ez da albiste txarra, dudarik gabe, azken hilabeteotan bizi izan ditugun gora beheren ostean. Honek ahalbidetzen du aurten C osagarrien esleipena. Baina gehigarrizko osagarrien korapiloa behar bezala askatzeko eta prozedura normaltze bidean jartzeko bi auzi nagusi geratzen dira oraindik konpontzeko: 2017ko deialdia ondo ixtea eta bidean galdu dugun urtea berreskuratzea.
Ez dago argi ea CCOO sindikatuak garaiz egin zuen 2017ko A eta B tramuen ebaluazioa desblokeatzeko beharrezkoa zen tramitea. Ez dago ziurtatuta, hortaz, ebazpenak urte hau amaitu baino lehen emango diren, ordainketak 2020an egitea ahalbidetuko zukeena, edo azkenean inoiz emango diren ere, aukera hori ere posible baita gaur egun gauzak dauden bezala. Horren aurrean eta ezer gabe geratzeko arriskua ekiditeko, 2017an aurkeztu zineten irakasle guztioi gomendatzen dizuegu, badaezpada, 2018ko deialdira ere aurkezteko. Deialdi hartan protokolo “berrituarekin” aurkeztu zinetenok eskaria 2018ko meritu berriekin osatu beharko duzue. Baina eskaria protokolo “zaharra” (xedapen iragankorrekoa) jarraituz egin zenutenok, oso-osorik berritu beharko duzue hura, irizpide berrietara egokituta. Azkenean 2017ko deialdiaren ebazpena aterako balitz eta hura 2018koarena baino lehenago emango balitz, 2018ko eskaria bertan behera geratuko litzateke. Alderantziz gertatuko balitz, orduan, eskatzaileek hamar eguneko tartea izango lukete 2018ko ebazpena onartu eta 2017koa eskariari uko egiteko. Batera zein bestera, jada galdutako urteaz gain, bigarren urte bat ere galtzeko arriskua saihestezina izango da.
LAB eta STEILAS sindikatuok, berriro ere, salatzen dugu arazo hau sortu duten eragileen jarrera arduragabea, are gehiago ikusita protokoloaren aurkako demandak eskuratu duen emaitza eta sortutako kalteak. Era berean, salatzen dugu dugu Administrazioak (Eusko Jaurlaritzak eta EHUk berak) ez onartzea STEILAS eta LAB sindikatuetatik egindako eskaria, alegia, aurtengoa 2018-2019 deialdi metatu berezia izatekoa, hartara ziurtatuz epeak normaltasunera bueltatzea.
GURE SOLDATEN DEFENTSAN: OSAGARRIAK URTERO ETA GARAIZ!!