UGTren ekimena: LAB, CCOO eta STEILAS-ek eta Administrazioak sinatutako ordezko irakasleen akordioaren kontra

UGT sindikatuak ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko akordioaren kontrako ekimena abian jarri du.

EHUn lan egiten dugun gehienok kontziente gara zein egoeratan utzi zituzten ordezko irakasleak USLO indarrean sartu ostean. Izan ere, irakasle baten ordezkapena egiteko arduraldi osoan ordezko irakasleak kontratatzea ezinezkoa zela argudiatuta, aurreko errektoretza taldeak ordezko irakasle berri guztiak partzialean aritzera bideratu zituen. Horri lotuta, EHUko IRIen lan-hitzarmenean jasota dagoen sail bereko arduraldi partzialeko bi kontratuak batzeko aukera bertan behera utzi zuten.

Neurri horien ondorioz, 18 kredituak (arduraldi osoko irakasle baten irakaskuntzaren % 75) emateko kontratatuta dauden irakasleek 800 bat euroko soldatak jasotzen dituzte. Eta, jakina, irakaskuntza-karga txikiagoak onartzen dituztenak, soldata are txikiagoak. Aurreko errektoretza taldearen itxikeriaren aurrean, mobilizazio kanpaina luze bat abiatu zen, ia sindikatu guztiek bultzatuta eta prekarioen plataformaren parte-hartze zuzenarekin. EHUn bi greba egun egiteaz gain, beste ekimen asko garatu ziren eta prekarizazio-egoera hori hainbat gunetan salatu genuen etengabe.

LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuen ustez, eta Errektoretza talde berriaren ustez beste interpretazioa ere bazegoen, zeinekin ustezko ezintasun hori gaindi zitekeen. Ez dugu ahaztu behar ere, Estatu espainiarreko unibertsitate batzuetan arduraldi osoko kontratuak erabiltzen ari direla ordezkapenak egiteko.

Errektoretza talde berriak ordezkapen kontratuak arduraldi osoan egin daitezkeela argudiatzen duen txosten juridikoa aurkeztu zuen. Txosten horrek arrazoia eman zion LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuek aspalditik defendatzen zuten jarrerari. Horrela, negoziazio prozesua ireki zen sindikatuekin eta 2025eko maiatzean LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuen (irakasle-ikertzaileen ordezkaritzaren % 73,1) eta Administrazioaren artean akordio bat sinatu zen. Akordio horren arabera, arduraldi osoko ordezko kontratuak bideratzen zen eta, arduraldi partzialeko ordezko kontratu bat zegoen sailetan, bigarren arduraldi partzialeko kontratu baten beharra sortzekotan, bi kontratuak batzea ahalbidetu zen.

EHUn dauzkagun prekarietate egoerekin bukatzen ez bazen ere, akordio horrek langile askoren lan-baldintzak hobetzea bideratu zuen. Izan ere, pauso oso positibotzat hartu genuen. Aurreko bi urteetan langileok garatutako borrokak eta errektoretza talde berriaren jarrerak posible egin zuten gatazka horretan aurrerapauso garrantzitsua ematea. Ordezko irakasleez gain, sailek eta gainerako irakasleok onuradurak gara, ordezkapenak egiteko irakasleak topatzea eta irakaskuntzaren antolaketa ere errazten delako.

Akordioa sinatzetik hiru astetara harriduraz jaso dugu UGT-Universidades-eko idazkari nagusiaren eskaera EHUko IRIon Lan-hitzarmenaren Batzorde parekidea biltzeko eskatuz. Bertan, lortutako akordioa bertan behera uzteko helburu zehatza jasotzen da, USLO ez duela betetzen argudiatuta. Batzorde parekidean entzundakoagatik, parekidearen tramitea igarota, akordioa bertan behera ez bada uzten, epaitegietara jotzeko asmoa du sindikatuak.

LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuen EHUko sail sindikalak berresten gara sinatutako akordioan eta ordezkapen kontratuak arduraldi osoan egin ahal izateko lan-hitzarmenean egindako aldaketetan. USLOren 80. artikuluaz egindako interpretazioa zuzentzat hartzen dugu.