Duela gutxi jakin izan dugu sortzeko bidean zeuden lanpostu berri asko geratu dituela Zuzendaritza taldeak, finantzaketa falta dela eta. Hain zuzen, IRIen errektoreordeak bidalitako mezuan adierazitako datuen arabera, sortzeko prest zeuden 38 laguntzaile doktore eta 19 elkartu plaza ez dira momentuz sortuko, eta 2024ko promozioaren kontura onartuta zeuden 56 oso/katedra plaza eta 2025eko promozioan onartzekoak zirenak ere geldituta geratu dira.
Egoera hau oso larria da eta EHUn aspaldidanik pairatzen dugun azpifinantzaketak sortutako arazoak areagotzen ditu.
Edozein kasutan, ezinbestekoa da arazoaren arrazoia argi izatea. Izan ere, jakin behar da EHUk defizita duela (20 milioi bat eurokoa) aurreko urteetako aurrekontuetan jasotakoa baino diru gehiago behar izan delako. Azken urteetan, Jaurlaritzaren ez ohiko ekarpenen bidez aurre egin zaie zor horiei. Baina, ematen duenez, Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko oraingoan gainkostu hori. Errektoreordeak esan duenez, defizit hori oinordetzan hartu dela, eta halako egoera kudeatzea ez dela batere erraza ezta inoren gustukoa. Informazio hori esanguratsua da, nahiz eta Errektoretza taldeak publikoki ez jakinarazi.
Baina, gakoa, behin eta berriro ozen aldarrikatzen ari garena, unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa da. Jaurlaritzak, unibertsitate-ekimen pribatu batzuei alfonbra gorria jartzen dien bitartean, ez du bideratzen EHUra behar den finantzaketa, plantilla ondo hornitu ahal izateko, IRI/TEKAZEL ratioa hobetzeko, soldata egokiak ordaintzeko, sailek eta zerbitzuek behar dituzten inbertsioak egiteko eta zaharkituta dauden azpiegiturak mantentzeko; finean, kalitatezko unibertsitate publikoa izateko. Askotan aipatu dugu LOSUk jasotzen duela 2030erako unibertsitate publikoetara (publikoetara, bai! ez unibertsitate publiko eta pribatuetara, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak sinestarazi nahi digun moduan) BPGren % 1 bideratu behar dela. Gaur egun, % 0,42an gaude, eta, guk dakigula, ez dago mugimendurik LOSUk aipatzen duen gastu publikoa igotzeko plana sortzeko. Are okerrago, sailburuaren asmoak kontrako norabidean daudela dirudi.
Orain sortutako egoera berri hau beste pauso bat da unibertsitate publikoaren itotze bidean. Kaltetutako langileak asko dira. Haserre egoteko arrazoiak dauzkate. EHU barruan alderdi asko hobetzeko daude, kudeaketa barne, baina argi izan behar dugu bizi dugun egoeraren jatorrira: EHUko azpifinantzaketa endemikoa, eta Jaurlaritzak finantzaketaz egiten duen erabilera EHUren funtzionamendua baldintzatzeko.
Egoera honen aurrean ezinbestekoa da EHUko kide guztiok, langileok zein ikasleak, baita Errektoretza taldeak ere, irmotasun jarrera erakustea Jaurlaritzaren aurrean.