Sailburuaren itxikeriaren aurrean LABek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean agerraldia egitea eskatu du

LABen oso kezkatuta gaude Jaurlaritzak EHUrekiko duen utzikeriagatik, horrek ondorio larriak eragiten baititu. Alde batetik, Jaurlaritzak EHUri ematen dion finantzaketa ez nahikoa funtsezko alderdia da. Horrek arazo larriak sortzen ditu beharrezkoa den plantilla osatzeko, langileen lan-baldintza duinak bermatzeko, eraikinak eta instalazioak mantentzeko, sailak eta zerbitzuak ondo hornitzeko, eta, era orokorrean, EAEko unibertsitate publikoak garatzen duen irakaskuntzaren eta ikerketaren kalitatea ziurtatzeko. Egoera hau ez dirudi konponduko denik, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek hainbat aldiz egindako adierazpenetan zalantzan jarri baitu unibertsitate publikoaren finantzaketa 2030erako BPGaren % 1era arte igoko denik, LOSUk ezartzen duen moduan. Bestalde, euskal unibertsitate-sistemaren legea eta hura garatzen zuten dekretuak argi eta garbi zaharkituta zeuden LOSU indarrean sartu baino lehen, eta are zaharkituago daude LOSU onartu zenetik. Gainera, hainbat epai judizialek dekretu horien alderdi batzuk diskriminatzailetzat jo zituzten. Alde horretatik, halaber, sailburuak ez du inolako asmorik erakutsi lege-garapenaren prozesua premiaz hasteko. Oso eroso ikusten zaio unibertsitate publikoaren higadurarekin.

Egoera larri horren aurrean, LABek Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuarekin biltzea eskatu zuen. Hala ere, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, behin eta berriz, eskaera hori ukatu dio EHUn ordezkaritzarik handiena duen sindikatuari, bertan duen interlokutore bakarra errektorea dela eta EHUko langileen arazoak unibertsitatearen autonomiaren barnean konpondu behar direla argudiatuz. Aitzakia hutsak dira. Alde batetik, EHUko beste eragile batzuekin bildu baitira eta biltzen baitira, eta, bestetik, EHUko langileen soldatak eta lan baldintzak ezartzen dituzten legeak eta dekretuak Jaurlaritzak egiten baititu.

Gauzak horrela, LABek, Eusko Legebiltzarreko Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Batzordeko mahaiari eskatu dio EHUko LAB sail sindikalaren agerraldia onartzea. Agerraldi horretan, goian adierazitako kezkak helaraziko dizkiegu talde parlamentarioetako ordezkariei, baita behar diren neurriak har ditzatela eskatu ere, finantzaketa nabarmen handitzeko eta legeetan egin beharreko aldaketak egiteko; horrela, EHUn ditugun gabeziei aurre egin ahal izateko. Era berean, ekimen honen bidez, komunikazio-bideak irekitzea eta inplikatutako eragileekin negoziazio-mahai tekniko bat abian jartzea proposatuko dugu.

Ezin dugu geldirik egon. Unibertsitate publikoaren eta bere langileen defentsan atera behar dugu.