Idatzi honen bidez, azken asteetan sindikatuek Gerentziarekin izandako bileretan landutako gai ezberdinen berri ematera gatozkizu. Hemen aurkituko duzuna gai garrantzitsuenen laburpen bat besterik ez da, xehetasun gehiagorik nahiko bazenu, gurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatzen dizugu.
Funtzionarioen Lekualdatze lehiaketa eta Lan-kontratudunen lanpostu hutsak betetzeko eta langileen sustapenerako prozesuak
EHUko Gerentziaordetzaren asmoa da 2025eko urriko Gobernu Kontseiluan lan-kontratudunen lanpostu hutsak betetzeko prozesua eta funtzionarioen lekualdatze lehiaketa onartu eta martxan jartzea. Funtzionarioen lehiaketan 200 lanpostu inguru eskainiko lirateke; laboraletan, aldiz, kopurua eztabaida gai denez, ez dago zehaztuta baina orain arteko proposamenaren arabera 5 lanpostu besterik ez lirateke eskainiko.
Funtzionarioen kasuan, indarrean dagoen araudiak debekatzen du lehiaketa batean parte hartzea ez badira bi urte igaro jabetzan lortutako azken lanpostutik. Beraz, karrerako funtzionario izendatu berriek ezingo dute lekualdatzean lehiatu. Lan-kontratudunetan, lanpostu hutsak betetzeko prozesuan parte hartu ahal izateko bi urteko eperik ez dagoenez, finkotasuna lortu berri dutenek (400 inguru) bertan izena emateko aukera izango dute, ez ordea jarraian egin beharko litzatekeen promozioan, hemen bai, bi urteko gutxieneko lanaldiko derrigortasuna dagoelako.
2023, 2024 eta 2025eko EPEak
Egun, EHAAn argitaratuta dagoena kontuan hartuta, 2023 eta 2024ko EPE bateratuetan guztira 80 lanpostu huts beteko direla ezarrita dago, 28 lan-kontratudunenentzat eta 52 funtzionarioentzat. 2023-2024 EPEak 2026ko abenduaren 31ko iraungitze data du.
Ondoren, Gerentziaordetzaren asmoa da 2025eko EPEa martxan jartzea. Oraindik EHAAn argitaratu gabe egon arren, aurten argitaratuz gero, 2028 urtean egikaritua egon beharko luke. Lanpostu kopuruei dagokionez, Administrazioak, identifikatuta dauzka 39 lan-kontratudunen lanpostu huts eta 200 inguru lanpostu huts funtzionarioentzat.
LABen iritzia
Iragan otsailean, Gerentzia berriarekin egin genuen bileran, 2023-2024ko EPEari 2025koa gehitzeko eskaria egin genien. Orduan erantzunik jaso ez arren, Gerentziaordetzak 2023 eta 2024koa alde batetik eta 2025ko beste aldetik egiteko asmoarekin jarraitu du orain arte.
LABen iritziz, 2023-2024ko EPEra 2025ekoa gehitzeak bide ematen du, balizko 2023-2024-2025eko EPEaren iraungitze data 2028. urtera arte atzeratzeko. EPE bateratuak, tartea utziko luke 2027ko martxotik aurrera 2019-2022ko EPEan finkotasuna lortu duten funtzionarioen (800 inguru) lekualdatze lehiaketa eta, EPE berean, finkatutako laboralen promozioa egiteko. Ongi antolatuta, prozesu guztiak 2027. urtean amaituta egon daitezkeela uste dugu.
Gure ustez, Gerentziaordetzaren orain arteko asmoak ondorio larriak ekar ditzake 2019-2022ko EPEan lanpostua finkatzea lortu duten langileentzat. Horren arabera, 2007ko EPEan edo lehenagokoetan, finkotasuna lortu zutenek soilik parte hartu ahalko dute 2025eko lekualdatze lehiaketan. Gogoratu behar da, funtzionario beteranoenek izan zutela 2019n EPE osteko lekualdatze lehiaketa. Ondorioz, batzuei lehiatzeko aukera ukatu eta besteei, ukatzeaz gain, gaur egun, behin-behinean betetzen duten lanpostua beste karrerako langile batek irabazi eta funtzionario berrienek jabetzan duten lanpostuetara joan behar izatearen arriskua dute, berriz ere desplazatuak izatekoa, alegia.
LABek aspaldi ohartarazi zuen desplazatuen egoera leuntzeko hartzen zen neurri oro behin-behinekoa izango zela eta, beste neurrien artean, lehenbailehen lekualdatze lehiaketaren bitartez egonkortzeko aukera izan behar zutela baldin eta atzera pausorik eman nahi ez bazen.
Hala ere, dena ez da txarra. Aste honetan egin dugun negoziazio batzordearen bileran argi geratu da orain arte LABek soilik defendatu duen jarrera gehiengo sindikal zabalaren sostengua duela, hots, 2023, 2024 eta 2025eko EPE bateratuaren alde dagoela. Orain, erabakia EHUko Zuzendaritzaren teilatuan dago. Kontuan izango du gehiengo sindikalaren nahia?
Azken akordioak
Gerentzia berria lanean hasi zenetik 2019-2022ko EPEaren ebazpenarekin eta honek sortu dituen korapiloekin katramilatuta dago. Adibide gisa, sindikatu batzuekin adostu dituen azken akordioak. Zerbitzu Betekizunen eta Eginkizunen Esleipenen araudiak aldatzeko akordiotik hasi, bitarteko funtzionarioen gradu kontsolidazioa arautzen duen akordioarekin jarraitu eta funtzionario eta lan-kontratudunen eszedentziatik itzuleraren araudiarekin amaitzeko, guztiak LABen sinadurarik gabe onartutakoak.
Zerbitzu Betekizunen eta Eginkizunen Esleipenen araudiak aldatzeko akordioak, lan-poltsetan dauden langileen lanerako sarrera zailtzeaz gain, ez du desplazatuen egoera konpondu. Administrazioaren datuen arabera, lau hilabete eta gero, oraindik 33 langile daude azken EPEan lanpostua finkatu baina berezkoa ez den herrialde batean lanean ari direnak. Ikusi hemen aldaketa hauei buruz LABek esandakoa.
Graduaren kontsolidazioari buruz, goran aipatutako otsaileko bileran, Gerentziak berak esandakoa ez da kasu guztietan bete eta negoziatzeko irekitako tartean ez dira LABen ekarpenak kontuan hartu, ondorioa, gradu kontsolidazioaren aitorpen mugatua izan delarik.
Aurrekoa gutxi ez eta eszedentzian egonda lanpostua erreserbatzeko eskubiderik ez duten langileen itzulerari dagokionez, egindako ekarpen txiki batzuk onartu ziren arren, guretzat gakoak zirenak eta araudiaren zentzua erabat aldatzen zituztenak ez dituzte kontuan hartu. Besteren artean, bueltatzea eskatzen denean, zein lanpostutara itzuliko den erabakitzerakoan, lehenengo eta bigarren aukeretan, langilearen herrialdeko campusean bertan aukera guztiak baliatzea eskatu genuen. Lehenik, bete gabeko lan postu hutsak erabiliz eta bigarrenik, langilearen campuseko zerbitzu-denbora laburrena duen bitarteko edo aldi baterako langileak betetzen duenaz baliatuz. Bada, zoritxarrez, hau ez da Administrazioak eta sindikatu batzuk sinatu dutena. Bete gabeko lanpostu hutsek izango dute lehentasuna, lehenik langilearen campusean, baina beste edozein campusetan bigarrenik. Bestalde, oraindik Gobernu Kontseilutik pasa gabe dagoen akordio honek, jada dituen ondorioak salatzen ditugu, hala nola, itzulera gauzatzeko itxaron behar diren 30 egunek dakartzaten ordain sarien galera.
LABen iritziz, eszedentzia hartzea irabazitako eskubide bat da. Lanpostua erreserbatu gabeko eszedentzia hartzeak badakar bere baitan nahiko ziurgabetasun eta galera. Gauzatu duten akordioak, ziurgabetasun hori areagotzea ekarriko du itzulerak merezi duen ala ez zalantzan jartzeraino. Desplazatu berri gehiago sortuko ditu eta, EHUko campusetan dauden lanpostuen antolaketari erreparatu ezkero, Araba eta Gipuzkoako langileei eragingo die bereziki.
Soldataren %0,5eko igoeratxoa
Duela gutxi jakin da, estatuko Gobernuak, 2024ko urtarriletik zor zitzaigun % 0,5 berreskuratuko dugula.
LABen argi dugu: ez dago ezer ospatzerik, erosahalmena berreskuratzeko borrokan jarraitzea baizik. Izan ere, % 0,5 gehigarri hori espainiar estatuko sindikatuek Gobernuarekin adostutako 2022, 2023 eta 2024 urteetarako soldata igoerei gehitu ezkero, hiru urteetako igoera % 9,5ekoa izan da. Haatik, hiru urte horietan, espainiar estatuko KPIaren igoera % 14,7koa izan da (INEren arabera ). Honi gehitu behar diogu, oraindik 2025 urtean ez dugula soldata igoerarik eduki, izan ere, Espainiako Gobernuak ez baitu aurtengo Aurrekontu Orokorrik.
Hau guztiagatik, LABen ozen esan nahi diogu hura ukatzen duen orori: Lan-harremanen Euskal Esparrua behar dugu! Hemen lan egin, hemen erabaki!
Uda gorri on!
Erantzun bat “EHUren TEKAZEL eremuko azken bilerek eman dutena” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.