Unibasq, EHU: aitortu seiurtekoak aldi baterako irakasle-ikertzaileei! Zeren zain zaudete?

Kontzentrazioa Unibasq-en aurrean, Gasteizen, otsailaren 23an

Aldi baterako irakasle eta ikerlarien kolektibo osoari ikerketa seiurtekoak errekonozitu eta ordaintzeko azken asteetan irekitako aukeraren inguruan modu argian posizionatzeko eskatzen genien EHUko eta Unibasq-eko zuzendaritza taldeei gure aurreko komunikatuan [1]. Egoera aztertzen ari zirela eta gaiaren inguruko erabaki bat hartzeko denbora gehiago behar zutela iradoki zitzaigun, hain zuzen ere, urtarrilean irakasle-ikertzaileen errektoreordearekin izandako Plangintza Batzordean.

Aurreko astean, errektoreak berak gaiari buruzko komunikatu bat [2] irakurri zuen Gobernu Kontseiluan, non argi geratzen den erabakia hartu dutela jadanik, eta ez dela inondik inora EHUko langileon aldekoa. Orain arte Estatuko beste unibertsitate batzuetan diskriminazio honen kontra eman diren epaiak EHUrentzat “lotesleak ez” direla eta “zuhurrena” epaien “emaitza irmoen zain egotea” izango dela zehazten zen oharrean. Ez omen dago, beraz, EHUren gobernu taldearen aldetik zabaldu den zirrikitua aprobetxatu eta bere langileen eskubideen defentsan ezer egiteko asmorik. Are gehiago, jakinda ANECAk berak aldi baterako ikertzaileen seiurtekoen eskaerak ebaluatzeko bidea zabalik dagoela espresuki adierazi duela.  “Kalitatezko ikerketaren aitortza erraztu nahi” dutela eta “ahal den neurrian, aitortza horrek ondorio ekonomikoak izatearen alde” daudela esaten dute, baina hori egikaritzeko inongo konpromisorik ez dute hartu nahi. Hitz hutsalak, beste behin, baina urratsak emateko inongo borondaterik ez. Sententziek behartzen dituztenera arte ez dira mugituko. Eta gainera, hori gertatu bitartean, EHUko langile eta sindikatuek irabazitako epaiei errekurtsoak jartzen jarraituko dute, diskriminazio hau denboran luzatuz.

Deaialdian zein langile sartuko diren eta zein ez Unibasq-ek erabakiko duen arren, EHUko errektorea Unibasq-en Gobernu Kontseiluko kidea da, eta gaia tratatzeko eskaera eraman dezake, bere langile kolektibo baten lanaren aitorpena defendatzeko. Horrez gain, UPV/EHUk bidali behar dio Unibasq-i ebaluatu beharreko irakasle-ikertzaileen zerrenda, eta mahai gainean dauzka azken deialdian aldi baterako hainbat irakaslek eginiko eskaerak. Langile hauek Unibasq-era bidali beharreko zerrendara gehitzeko exijitzen dugu.

Momentu honetan aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko aukera izateko ardura nagusia Unibasq-ena da. Baina EHUko gobernu taldeak bezala, aukera hori baztertu eta diskriminazioa mantentzearen alde egin du.

Gai hau behar bezala bideratu ezean mobilizatzera dei egingo genuela agindu genuen. Eta halaxe egitera gatoz. Datorren otsailaren 23an, asteartea, eguerdiko 13:00etan kontzentrazio bat egingo dugu Unibasq-ek Gasteizen duen egoitzaren aurrean. EHUk eta Unibasq-ek afera honetan duten ardura salatuko dugu eta diskriminazio honekin bukatzeko exijituko diegu, ikertzen duten guztiek seiurtekoak eskatzeko eta, ebaluazioa positiboa bada, ordainsaria jasotzeko aukera bideratuz. LABetik dei egiten dizuegu protesta honetan parte hartzera. Zuen kexa eta haserrea adierazteko momentua hau da. Hau bai ikusiko dutela. Hau bai ezin izango dutela ezkutatu.

EHU, Unibasq: Irakasle-ikertzaileen arteko diskriminaziorik ez!

Seiurtekoak ikerketa merituak dauzkaten guztientzat!