Unibasqen aurrean kontzentratu gara aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko eskubidea aldarrikatzeko

Atzo, otsailaren 23an, irakasle-ikertzaile talde bat Unibasqen egoitzaren aurrean bildu ginen “Unibasq, UPV/EHU, aldi baterako irakasle-ikertzaileen diskriminaziorik ez! Seiurtekoak ikertzen duten guztiontzat” lelopean.

Ekimen honen bidez UPV/EHUko gobernu taldeak eta, espresuki, Unibasqek daukan erantzukizuna salatu nahi izan dugu. Izan ere, beren esku dago seiutekoen deialdia kolektibo honi ere irekitzea, aurreko komunikatuetan adierazi dugun bezala [1] [2] [3].

Elkarretaratzea bukatzean, eskaera hau erregistratu dugu Unibasqen. Antzeko eskaera bat erregistratu dugu UPV/EHUko Errektoretzako erregistroan ere, EHUko gobernu taldeari bere esku dauden neurriak hartzeko eskatuz.

Gogoratu nahi dugu gai hau aspaldi eraman genuela epaitegietara eta sententziaren zain gaudela oraindik. Bitartean, LABek tinko jarraituko du langileen eskubideen defentsan; kasu honetan, egoera txarragoetan daudenen eta diskriminatuak izaten jarraitzen duten irakasle-ikertzaileen defentsan.

Unibasq, UPV/EHU: Irakasle-ikertzaileen arteko diskriminaziorik ez!

Seiurtekoak ikerketa merituak dauzkaten guztientzat!