UPV/EHUko LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuon adierazpen bateratua garbitzaileen greba dela eta

Behean sinatzen dugun UPV/EHUko sindikatuok (langileen ordezkaritzaren %81,11 dugunok) agiri honen bidez Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta UPV/EHUko azpikontratatutako garbiketa enpresen langileen grebaren aurrean honakoa adierazi nahi dugu:

  1. Azpikontratatutako enpresen langileen aldarrikapenekin bat egiten dugu, hots, 2019ko eta 2020ko soldaten igoera adostua; lanaldi partzialak (eta ondorioz, soldata partzialak) murritzteko eta lanpostu hutsak betetzeko sistema berri eta adostua martxan jartzea; lanaldi zatituarengatiko osagarriaren ordainketa, Eusko Jaurlaritzako garbitzaileei ordaintzen zaien bezala, ekiparazioa erreala izan dadin; eta enpresa hauetan dituzten lan-zama jasanezinak Hezkuntza Saileko enrpesetekoekin parekatzen joateko neurriak hartzea. Finean, Hitzarmen Kolektibo berria negoziatu eta adostea gehien-gehienak emakumezkoak diren sektore honetako langileen lan-baldintzak hobetzeko eta pairatzen duten prekarietatea eta lan eta osasun baldintza duinak eskuratzeko.
  2. EHUko Administrazioari dei egiten diogu gatazka honetan enpresek duten jarrerekin ez lerrokatzera. Zentzu honetan, zabaldu dituen komunikatuetan islatzen den jarrera errefusatzen dugu, berak azpikontratatutako enpresen langileen lan-baldintza eskasek eragindako lan-gatazka baita. Zer dela eta eman behar ditu UPV/EHUk bere plantillako langileak ez diren beste enpresa batzuetako grebalarien datuak? Ez da izango UPV/EHU lerrokatuegi dagoela Eusko Jaurlaritzarekin eta garbiketa enpresak gidatzen d(it)u(z)tenekin? Horiek bezalako adierezpenekin sustatzen du Errektore Taldeak unibertsitatearen autonomía?
  3. EHUko Errektore Nekane Balluerkari dei egiten diogu hitz hutsetatik lurra zapaldu eta ekintza zehatzak gauzatzera pasa dadila. Sektoreko langile gehienak emakumeak dira, langile hauen %40 baino gehiago lan-jardunaldi partzialekin ari da lanean eta lan segurtasun eta osadun baldintza kaskarretan leku askotan. Zer kontrol eta jarraipen mota burutu ditu baldintza guzti hauekiko EHUk? Zer neurri hartu ditu betetzen ez diren kontratuetako baldintzak betearazteko eta aurreikusitako neurriak hartzeko?
  4. Greba honen bitartez sektoreko sindikatuek espero dute enpresek negoziazioari seriotasunez berriro heltzea, azpikontratutako garbitzaileen lan eta osasun baldintza duinetan etor daitezen gure ikastegi eta zerbitzuetara guk egunero sortzen dugun zaborra biltzera eta leku guzti horiek hurrengo egunean txukun eta garbi egon daitezen.
  5. Beraz, gure elkartasuna eta begirunea merezi dutelakoan, EHUko langileak deitzen ditugu eurekiko elkartasuna adieraztera.

LAB – Steilas – CCOO – ELA