Urriaren 11n EHUko irakasle-ikertzaile GUZTION greba

Bihar, urriaren 11n, EHUko irakasle eta ikertzaileok greba egingo dugu.

Azken hilabeteetan ordezkoen prekarizazio larriak erdigunean jarri du EHUko irakasle eta ikertzaileok pairatzen ditugun lan-baldintza kaxkarrak. Izan ere, ordezkoen afera edalontzira eroritako azken tanta izan da. Ikasle Kontseiluak berak urriaren 11rako deitutako etenaldi akademikoa irakasle-ikertzaileok zein ikasleek pairatzen dugun egoeraren beste adierazle bat da.

Irakasleen bajak eta baimenak lanaldi partzialeko ordezko irakasleen bitartez betetzea (gehienez 800 euroko soldatekin), prekarizazioa areagotuko du EHUn, baita sailetako gainerako irakasleen irakaskuntza zama handitzea. Horri gehitu behar zaio berriak ez diren hainbat egoera: lan-zama handia, erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, kolektiboaren barruan ematen diren diskriminazioak, plantilaren ezegonkortasuna, erretiroen akordioen deuseztapena, aldebakarreko campusen itxiera…

Egiturazkoa den arazo bat dugu guzti honen atzean: EHUren finantziazioa ez-nahikoa.

Greba honetarako 10 aldarrikapen nagusiak honako hauek dira:

1- Ordezko irakasleak:

1.1- Lanaldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkapenak lanaldi osora

1.2- Lanaldi partzialean dauden irakasleen gainerako aktibitateak (klaseen prestakuntza, formazioa, oinarrizko kudeaketa/koordinazio lanak eta irakasgaiari lotutako ikerketa) aitortu eta ordaindu. 41/2008 Dekretua aldatu soldatak egokitzeko.

2- Irakaskuntza-zama:

2.1- Irakaskuntza-zama handitzeari ez!

2.2- Sailak hornitu. Plantillak handitu.

2.3- Burokratizazioari mugak jarri.

3- Erosahalmena:

3.1- Soldatak handitu galdutako erosahalmena berreskuratzeko.

3.2- Diskriminaziorik ez irakaskuntza bosturtekoak eta ikerketa seiurtekoak eskatu, aitortu eta jaso ahal izateko. Meritu nahikorik duten aldi baterako irakasle-ikertzaileen diskriminazioari ez!

3.3- Osagarri gehigarriak eguneratu.

4- EHUko finantziazioa:

4.1- Finantziazioa handitu EAEko BPGren % 1era heltzeko.

4.2- Baliabide ekonomiko hauek langileriara ere bideratu. EHUko plantilla handitu eta gaztetu.

Greba egunean, honako mobilizazioak egongo dira:

8:00etan pikete informatiboak campus guztietan:

  • Leioan: Mikel Laboa enparantzan
  • Bilbon: Ingeniaritza 1. eraikinean(Ing. Torres Quevedo, 1)
  • Donostian: Barriola eraikinaren sarreran (Elhuyar plaza, 1)
  • Gasteizen: Farmazia fakultatearen atzean (René Cassin kalea)

12:00etan elkarretaratzeak:

  • Bilbon: Hezkuntza ordezkaritzan (Kale Nagusia, 85) (mobilizazio nagusia)
  • Donostia: Hezkuntza ordezkaritzan (Andia kalea, 13)
  • Gasteiz: Errektoreordetzan (handik, giza katean Hezkuntza ordezkaritzara joango gara; San Prudentzio kalea, 18)

LAB – CCOO – STEILAS – ELA