Atzo, irailak 28, EHUren Gobernu Kontseiluak irakasle eta ikertzaileentzako osagarri gehigarrien deialdi berria onartu zuen, hain zuzen ere, 2018 urtera bitarteko merituak ebaluatu eta esleituko dituena. Jaurlaritzak eta UPV/EHUko gobernu taldeak ez dute aintzat hartu LAB eta STEILAS sindikatuen proposamena, aurten deialdi metatu bat egite aldera, 2018 eta 2019ko deialdiak batu eta hemendik aurrera deialdien zikloa normalizatzea ahalbidetuko lukeena. Beste behin ere langileon eskubideak kolokan geratu dira Administrazioaren nagusikeria medio. Eta deialdi hau onartuta ere, oraindik ez dakigu zer gertatuko den 2017ko A eta B motako osagarriekin, ezta nola eragingo dion horrek 2018ko deialdi berrikoaren gauzatzeari ere, 2017 eskaria egin zutenen kasuan, behintzat. Gauzak gaur egun dauden moduan beste urtebete galtzeko arrisku larrian gaude CCOO.- en eta Unibasq-en arteko liskarraren ondorioz.
Irailaren 12an bilera egin genuen sindikatuen ordezkariek Unibasq-eko zuzendaritzarekin, indarrean dagoen auziari irtenbidea emate aldera. Unibasqek adierazi zuen 2018ko deialdia posible egiteko hilaren amaierarako prest izango zuela protokolo berria, egungoaren egitura berberarekin baina ebaluazio irizpideak eta tarteak gehiago xehatu eta objetibatuta. CCOO sindikatuaren ordezkariak ontzat eman zituen Unibasqen azalpenak eta 2017ko deialdiaren auzibidea askatze aldera, adierazi zuen, halaber, baiezko erantzuna emateko prest zegoela Unibasqek epaileari egindako kautela eskariari, etendako deialdia betetzea ahalbidetuz. Hala eginda, Unibasqek jada prest zituen ebaluazioak bidali eta deialdia aurten bertan itxita uzteko aukera egon zitekeen. STEILAS eta LAB sindikatuok, hori bai, eskatu genuen ebaluazioen puntuazioekin batera txosten xehatuak ere bidaltzea. Baina denbora igaro da eta auzibidea askatu gabe dagoela dirudi oraindik. Are gehiago, atzo bertan ezagutu genuen Unibasqen erantzuna CCOO sindikatuak herenegun publiko egindako proposamenari, haren berririk ez zuela esanez eta nolanahi ere haren bideragarritasuna ukatuz. Antza, batzuek, egoskorkeriarekin nahasten dute tinkotasuna eta horrek, beste behin ere, galbidera eraman gaitzake. Guk arduraz jokatzeko eskatzen diegu eragile guztiei, ez daitezen interes pertsonal eta partikularretan tematu eta gatazka konpondu eta deialdiak normalizatze aldera lerra daitezen.
Izan ere, LAB eta STEILAS sindikatuok irakasle-ikertzaileen osagarriak eskuratzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugu, gure soldataren zati bat direlako, are gehiago, haien benetako muina oinarrizko soldatak duintzea dela uste dugulako. Horregatik lanean jarraituko dugu bai osagarrien C tarteak protokoloen inguruko gatazketatik at gera daitezen baita batzuen arduragabekeriagatik eta deialdiak aurrezteko beste batzuen interesengatik galdutako urtea berreskuratu eta osagarrien deialdiak normalizatu daitezen, hau da, urtero eta garaiz argitaratu eta normaltasunez ebatzi, esleitu eta ordaindu daitezen.
SABOTAJE GEHIAGORIK EZ!! GURE SOLDATEN DEFENTSAN: OSAGARRIAK URTERO ETA GARAIZ!!