Azaroaren 25ean, indarkeria matxista emakumeak* eta pertsona genero disidenteak zapaldurik izateko sistema heteropatriarkalaren tresna nagusienetako bat dela gogoratzeko eguna da. Gure jendartea hierarkietan eta botere harremanetan oinarritzen da. Bertan, genero desberdinkeriak emakumeon* diskriminazio eta bazterketa dakartza. Bada, lan munduan gertatzen den indarkeria matxista jendarte honen isla da, areagotzen dena, gainera, eta horregatik, LAB sindikatutik indarkeria matxistaren aurkako protokoloak tresna garrantzitsutzat jotzen ditugu lantokietan indarkeria horri aurre egiteko tresna moduan.
EHUn ere, jendartean dauden indarkeria adierazpen asko gurutzatzen dira, eta, askotan, gainerako lantokietan bezala, indarkeria matxista ezkutuan geratzen den errealitatea da, botere-harremanek eta batzuek bizi duten prekarietateak areagotuta. Ezin ukatu urratsak eman direla; esaterako, indarkeriaren aurkako protokoloa dugu gurean; hala ere, ez da nahikoa ematen diren indarkeria matxistaren adierazpen guztiei aurre egiteko, eta adi egon behar dugu identifikatu, salatu eta borrokatzeko, eta horretarako baliabideak –ekonomikoak zein pertsonalak- jarri behar dira, Berdintasun Zuzendaritzaren errekurtsoak indartu. Erakundeak, gainera, unibertsitatean antolatuta dauden kolektibo feministekin eta eragile sozialekin, sindikatuak barne, elkarlana bultzatu behar du borroka honetan, unibertsitateko gune denak pertsona guztientzat –bereziki bertan lan eta ikasten dugunontzat- seguruak izan daitezen. LAB sindikatuaren konpromisoa eta apustua irmoa da lantokiak indarkeria matxistarik gabeko guneak izan daitezen, baita EHU ere. Eta horretan urratsak emateko prest gaude unibertsitate-komunitate osoarekin oro har, eta gurean dagoen mugimendu feministarekin bereziki.