![](http://labehu.eus/wp-content/uploads/2020/01/404-kodea.jpg)
Dakizuenez, 2019ko martxoaren 16an sartu zen indarrean doktoratu aurreko ikertzaileen estatutua (EPIF). Arau horrek ministerioen, autonomia erkidegoen, unibertsitatearen eta erakunde pribatuen formaziorako kontratuei eragiten die.
EPIFek langile horien gutxieneko soldatak (gordinak) ezartzen ditu:
- Lehen eta bigarren urteak: 16.127,58 €urtean (1.151,97 € 14 ordainsaritan)
- Hirugarren urtea: 17.279,50 €urtean (1.234,25 € 14 ordainsaritan)
- Laugarren urtea: 21.599,48 €urtean (1.542,82 € 14 ordainsaritan)
Soldata horiek unibertsitateak ordaintzen dituenak baino handiagoak dira egoera batzuetan – Deialdiaren eta kontratu-urtearen arabera –. 2019tik aurrerako deialdi berriak EPIFen ezarritako soldata minimoetara egokitu dira, baina lehen kontratatutako langileek gutxiago kobratu dute kasu askotan. LABek denbora darama negoziazio-mahaia irekitzea eskatzen, ikertzaile guztien egoera, eta zehazki gai hau, aztertzeko. Azken hilabete hauetan sindikatuok ikerketako errektoreordearekin bildu gara, baina ez da konponbide egokirik lortu gure ikuspuntutik. EHUko eta Eusko Jaurlaritzako deialdietako PIFentzat soldatak egokitu egingo dira euren kontratuak berritzen direnean, baina ez da ordainduko hori gertatu baino lehenagoko hilabeteei dagokien aldea. Ministerioaren laguntza duten pertsonen egoera okerragoa da, unibertsitateak ez baitu planteatzen galtzen ari den dirua konpentsatzea Ministerioak finantzatzen ez badu.
Horiek horrela, eta kontuan hartuta erreklamazio judizialik egiten ez bada martxoaren 16tik aurrera dirua behin betiko galtzen hasiko dela, zuen egoera ebaluatzera animatzen zaituztegu, eta, komeni bazaizue, ordaindu ez zaizuen zenbatekoaren erreklamazioa egitera. Erreklamazioak nahi dituzuen zerbitzu juridikoen bidez aurkez ditzakezue. LABek prozesu horiek aurrera eramateko bere burua eskaintzen du; izan ere, prest ditugu erreklamazio-ereduak.
Erreklamazioa egitea komeni zaizun baloratzen laguntzea nahi baduzu eta LABekin egin nahi baduzu, jar zaitez harremanetan gure bulegoetan baldintzak azaltzeko.
LABek bat egiten du doktoretza aurreko ikertzaileen kontzentrazioarekin, asteazkenean, hilaren 22an, 11: 30etan, Leioako campuseko Mikel Laboa plazan. Mobilizatzeak beti merezi du!