U30 UPV/EHUn GREBA OROKORRA: Gehiengo sindikalaren adierazpen bateratua

Urtarrilaren 30erako eginiko greba orokorraren deialdia dela eta, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, Euskal Herriko Unibertsitatean gehiengo sindikala osatzen dugunok, deialdi horrekin bat egitea erabaki dugu, lan, pentsio eta bizitza duinaren alde. Hiru arrazoi nagusi ditugu: lehena, pentsioena, denon afera delako, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bigarrenik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa delako, eta borroka biak uztartuak daude; hirugarrenik, eskubide sozialak bermatu egin behar direlako.

Krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jarri behar zaizkio, eta krisi berriaren aurrean harresia sortu, bizitza erdigunera ekarriko duen eredu sozio-produktiboaren alde eginez, denon borrokarekin eta denontzat, edozein delarik ere lan egoera: langabe, finko, behin-behineko langile, lanaldi partzialean edo azpikontratutako langile, sektore feminizatuetako emakume, gazte nahiz migrante, autonomo faltsu, etxeko langile… prekarizazio prozesuak langile klase guztia duelako jo puntuan.

Grebari gure atxikimendua emanez exijitzen dugu azken urteetako erreformak eta murrizketak atzean uztea, eta, besteen artean, EHUri dagokionez, honako neurriak hartzea: behin-behinekotasun eta prekarietatearekin amaitzea, langile guztiok soldata duina izatea, erretiro adina aurreratzea, soldata arrakala eta langileen arteko diskriminazioekin bukatzea, zaintza lana aitortzea, euskal gizarteak behar duen unibertsitate publikoa bermatzea, eta noski, neurri horiek guztiak hemen erabakitzea.