M-6ko greba eguna arrakastatsua izan da EHUko campus guztietan. Eragin ezberdina izan arren, zentro guztietan deialdiaren jarraipena nabaria izan da eta kasu gehienetan aktibitate akademikoa oso eskasa. Grebara deituta ginen irakasle eta ikertzaileok masiboki sostengatu dugu deialdia.
Era berean, azpimarratu nahi dugu grebaren mobilizazioetan langileen parte hartze handia. Bilboko elkarretaratzean 300 bat irakasle-ikertzaile bildu ziren, Donostian 200 baino gehiago eta Gasteizen 100dik gora irakasle-ikertzailek manifestazioa egin zuten Arabako campuseko Errektoreordetzatik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza ordezkaritzara, bi instituzio horien erantzukizuna salatzeko asmoz. Espero daiteke EHUko zuzendaritzatik jarraipena txikia izan dela irudikatzea. Hala ere, errealitatea gordina da: EHUko irakasle eta ikertzaileok “nahikoa da!” esan genuen atzo.





Urriaren 11ko greban EHUko zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari aldarrikapen zerrenda bat jarri genien mahai gainean. Zerrenda horretan berebiziko garrantzia eman genion ordezko irakasleen egoerari, pairatzen duten prekarietate larriarengatik. Urritik aurrera, ordezko irakasleen egoeraz gain, beste irakasle askorena ere okertu da, lan-zamak handitu baitzaizkie ordezkapen asko bete gabe geratzen baitira. Eta, irakaskuntza-karga handitzeaz gain, kasu askotan irakasgaiak hainbat irakasleren artean zatikatuta geratzen dira, irakaskuntzaren kalitatearen, ikerkuntzaren eta kudeaketaren kaltetan. Ikasle asko kaltetuak dira era nabarian. Errektoretza taldeak ez du aurrerapausorik eman arazoaren muinari ekiteko. Izan ere, hartu dituen erabakiak ondorio kaltegarriei adabakiak jartzeari mugatu da.
Baina, ordezko irakasleena ez da izan eta ez da, inolaz ere, grebara deitzeko arrazoi bakarra. EHUko irakasle eta ikertzaileok urteak daramatzagu gure lan-baldintzen okertzea pairatzen eta nahikoa dela argi esan nahi dugu. Lan-zamak handitu dizkigute azken urteotan eta hurrengo ikasturtean martxan jarriko duten JARDUN sistemarekin gehiago handituko direla aurreikusten dugu. Horrez gain, burokratizazioa itogarria izaten jarraitzen du prozedura askotan, plantillaren ezegonkortasuna oso handia da eta, gainera, kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituzte, egoera are gehiago okertuz (behin-behineko irakasle-ikertzaile kolektibo batzuei ikerkuntza-seiurtekoak ukatuz eta lanaldi partzialekoei irakaskuntza-bosturtekoak ukatuz). Ikertzaile-ibilbidearen garapena etengabe oztopatzen dute, erretiroen akordioen deuseztapenarekin murrizketa itzela gauzatu dute jubilatzear dauden irakasle askoren eskubideak urratuz eta plantillaren berritzea kaltetuz. Arazoa egiturazkoa da.
EHUko zuzendaritzak erabaki hauek aldebakartasunez hartu ditu, langileen ordezkariak diren sindikatuok mahai gainean jarri ditugun alternatibak aintzat hartu gabe. Izan ere, haientzat, arazo hauetako batzuk ez omen dira existitzen, eta gai batzuen inguruan negoziatzeko eseri direnean, negoziazio-eszenifikazioa baino ez dute egin, beren posizioetan tematuta. Azken urteetan zuzendaritzaren inposizio-jarrera behin eta berriro jasan dugu langileok. Urriaren 11n grebara eraman gintuzten arrazoiak mantentzen dira, ez baitira gai izan arazoei zentzuzko irtenbideak bilatzeko, hedabideetara begira zabaltzen dituzten mezuak kontrakoa erakusten saiatu arren.
Eusko Jaurlaritzak ere oso erantzukizun handia du Unibertsitate Publiko honetako langileen lan-baldintzen okertze honetan: urteetako erosahalmenaren galera metatua, soldata osagarrien izozketa 2006tik, osagarrien deialdiak atzeratzea gutxiago ordaintzeko, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak zehazten dituen 41/2008 Dekretuaren ez aldatzea, edota UPV/EHUko irakasle eta ikerlarien oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitarioetako irakasleenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa izanik)… Eta honen guztiaren erroa Eusko Jaurlaritzak EHUra bideratzen duen finantzazio faltan dago. Europar Batasunean unibertsitate publikoetako finantziazio publikoaren batez bestekoa BPG-ren % 1etik goraxeago bada , EAE-n % 0,4n dago.
Horregatik guztiagatik, urriaren 11n hasitako mobilizazioari segida eman behar diogu datorren asteartean. Martxoaren 12an Eusko Jaurlaritza eta UPV/EHUko errektoretza taldea interpelatuko ditugu berriro, bakoitzak bere eskumenen esparruetan dagozkion ardurei heldu eta EHUko langileon lan-baldintzen prekarizazioarekin amaituko duten erabakiak har ditzaten. Lan-baldintza duinik ez badugu, ezin dugu kalitatezko unibertsitate bat garatu, eta euskal gizarteak merezi eta behar duen Unibertsitate publikoa jokoan dugu. Are gehiago, unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzen dietela ikusten dugunean.
Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura eta langileen lan-baldintza duinak babesten dituena. Horregatik, martxoaren 12an EHUko langile guztiok sektore publikoko grebara gehitzera deitzen ditugu. Ondorengo hilabeteetan erroko arazoak konpontzen ez diren heinean, EHUko langileok kaleetan jarraituko dugu.
EHUn prekarizazio eta diskriminaziorik ez!
Lan-baldintza duinak EHUko langile guztiontzat!